- Topaketak euskal edarien ikusgarritasuna, merkaturatzea eta negozio-aukerak indartzeko balio izan du
- Gure Ardoak-ek Euskadik sektore sendoa, anitza eta lehiatzeko prest dagoena duela erakusten du», azpimarratu du Amaia Barredok
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak oso positibotzat jo du Gure Ardoak-en 2026ko edizioaren ospakizuna. Ekitaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian bildu ditu ia 80 euskal upategi eta ekoizle, sektoreko eragileei soilik zuzendutako showroom profesional batean.
Jardunaldiak bultzada berri bat eman die Euskadiko upategi eta ekoizleei, ostalaritzako, jatetxeetako, banaketako, merkataritza espezializatuko eta prestakuntza-eremuko profesionalei, bai eta nazioarteko erosleei ere, zuzeneko harremanetarako gunea eskainiz. Ia 700 profesional bertaratu dira, eta banatzaile eta preskriptoreen presentzia nabarmena izan da; horrela, Gure Ardoak hitzordu estrategiko gisa sendotu da euskal edarien presentzia merkatu-kanal desberdinetan indartzeko.
“Sektorearen erantzunak eta jardunaldiaren maila profesional altuak berresten dute Gure Ardoak tresna erabilgarria dela gure upategi eta ekoizleentzat; harremanak sortzen diren, joerak partekatzen diren eta merkataritza-aukera berriak irekitzen diren gunea da”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok.
Sailak, horrela, sektorearekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, lehiakorra, jasangarria eta nortasun propioa duen eredua bultzatzeko. Sustapen-ekimenen, laguntza teknikoaren, prestakuntzaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bidez, Eusko Jaurlaritzak upategi eta ekoizleak babesten jarraituko du, balio ekonomikoa, enplegua eta Euskadirentzako proiekzioa sortzen dituen edarien sektorea sendotzeko.
Gure Ardoak-ek 2026ko edizioa itxi du euskal edarien bikaintasunaren erakusleiho gisa eta sektorearen egungo eta etorkizuneko garapenerako funtsezko topagune gisa duen eginkizuna indartuz.






