Eusko Jaurlaritzak ikasleak eta familiak itsasoko zaborrei buruz sentsibilizatzeko Ulysses Experience ekimena bisitatu du

0
  • Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Urdaibaiko BBK Klimaren instalazioetan dagoen murgiltze-jarduera bisitatu du, BBK Fundazioko eta Data For Science Fundazioko ordezkariekin batera
  • Bisita bat dator Ingurumen Hezkuntzaren Munduko Egunarekin. Urtarrilaren 26an egiten da, eta jasangarritasunerantz ohiturak aldatzea bultzatzeko hezkuntzak duen garrantziaz kontzientziatzea du helburu
  • Ulysses Experience, Bizkaiko Golkoko itsas hondakinen mugimenduak monitorizatzea eta arazo horri konponbideak bilatzea helburu duen Ulysses Data for Science proiektu zientifikoaren barruan dago

Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea BBK Klimaren instalazioetan izan da gaur, Ulysses Data for Science proiektu zientifikoaren dibulgazio-proposamena den eta itsasoko eta ibaiertzetako zaborren arazoari heltzea helburu duen Ulysses Experience proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Horretarako, beharrezko datu guztiak biltzen ditu, zaborra itsasora iristea eta bertan agertzea eragotziko duen estrategia globala ezartzeko. Ibilbidean zehar, Josu Bilbao sailburuordea Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariarekin eta Jorge Ballester Data For Science Fundazioko zuzendariarekin batera egon da, toki, gizarte eta hezkuntza arloetako erakundeetako berrogeita hamar ordezkari ingururekin batera.

Ikasleei eta familiei zuzenduta dagoen ekimenera egindako bisita Domo Esperientzian hasi da. Murgiltze-espazio horretan, bertaratutakoek film bat ikusi dute 360º-tan. Proiekzioa proiektuaren sarrera da, egungo klima estatusa, ingurumen arazoari buruzko kontzientziazioa eta Ulysses Data for Science proiektuaren helburuak landuz, hori guztia planetaren etorkizuneko ikuspegi baikorretik planteatuta.

Ondoren bisitariak proiektuaren etapetan modu naturalean gidatzeko diseinatutako ibilbide interaktiboa egin da. Ibilbideak espazio hauetan sakontzeko aukera eman die bertaratutakoei:

  • Proiektua: ukipen-pantaila baten eta informazio areagotua duen panel binilatu baten bidez, ekimenaren gakoak azaldu dira.
  • Datu zientifikoak: eremu horretan, bisitari-taldeak Bizkaiko Golkoan eta inguruko ibaietan korronteek zelan funtzionatzen duten ikusi ahal izan du, denbora errealean jasotako datuak maketa baten eta pantaila erraldoi murgiltzaile baten gainean bistaratuz. Proiektuaren flota osatzen duten itsasontzien tipologia desberdinak ere erakutsi dira.
  • Gune gamifikatua: bisita amaitzeko, esperientziaren alderdirik ludikoena aurkeztu da, jokalari anitzeko jokoarekin eta joko interaktiboarekin. Tresna horiei esker, plastikoak birziklatzearen eta itsasotik desagerraraztearen zikloa uler daiteke, esploratzaile eta biltzaile rolen bidez jokoan parte hartzen dutenen arteko lankidetzaren bitartez.

Ingurumen hezkuntza, aldaketarako gakoa

Bisita instituzionala urtarrilaren 26an mundu osoan ospatzen den Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunarekin bat etorriz egin da. “Negazionismoen garaian, funtsezkoa da datuetan eta zientzian oinarritutako erabakien garrantzia azpimarratzea, itsaso eta ibaietako zaborrak desagerrarazteko edo murrizteko estrategiarik onena diseinatzeko. Eta, hemen, ingurumen hezkuntzak funtsezko lekua betetzen du ekintzara eta gizartearen portaeren eta ohituren aldaketara mugitzeko”, nabarmendu du Josu Bilbao sailburuordeak. “Ulysses proiektua gure kostaldean zabaltzen ari den mila gailu inguruak, itsas hondakinak korronteen arabera zelan mugitzen diren jakiteko datu baliotsuak ematen dizkigute, eta horrek arazoa teknologiaren eta kontzientziazioaren bidez arintzeko konponbiderik onenak aurkitzen lagunduko digu”, gaineratu du.

Nora Sarasola, BBKko Gizarte Ekintzako zuzendaria: “BBK Klimaren estrategiak oso helburu argia du: familiei espazio esperientzial eta ludikoa eskaintzea, bertan, jokoaren bidez, ohiturak bizimodu jasangarriagoetara aldatzea sustatzeko. Ulysses esperientziak bereziki indartzen du bide hori: modu erakargarrian uztartzen ditu itsas jasangarritasunari buruzko zientzia, teknologia eta dibulgazioa”.

Jorge Ballester, Data For Science Fundazioko zuzendaria: “Zientzia da plastikoen arazoa zehaztasunez ulertzeko eta konponbide eraginkorrak aurreikusteko aukera ematen digun tresna. Ulysses bezalako proiektuek erakusten dutenez, ikertzeaz gain, ezinbestekoa da ezagutza hori gizarteari zabaltzea eta transferitzea. Ez dago BBK Klima baino espazio hoberik ebidentzia zientifikoa herritarrengana hurbildu eta kontzientzia kolektibo eta aldaketarako gaitasun erreal bihurtzen duen esperientzia zientifiko, interaktibo eta digital hau bizitzeko”.

Proiektuari buruz

Ulysses Data for Science Itsas jasangarritasunaren inguruko proiektu zientifikoa da, euskal itsasertzaren eta ozeanoen osasuna hobetzeko, ibai eta itsas inguruneari buruzko ezagutza sortuz eta haiekiko sentsibilitate handiagoa sustatuz. Itsasoko eta ibaiertzetako zaborren arazoari heltzen dion, eta itsasora heltzea eta haien presentzia ezabatzeko estrategia globala ezartzeko behar diren datu guztiak biltzen dituen ikerketa zientifikoko proiektua da.

Baina Ulysses ez da proiektu zientifiko eta teknologikoa soilik, azken helburua lortzeko behar diren alderdi guztiak ere barne hartzen ditu, hala nola itsas arloko alfabetatzea eta hezkuntza, dibulgazioa eta gizarte ekintza, ingurumen kontzientziaziorako eta ekonomia zirkularra sustatzeko enpresa arloko sektore eta herritar guztietan.

BBK Klimari buruz: klima hezkuntzaren aldeko apustua

BBK Klima BBKren erreferentziazko gunea da klima hezkuntza herritar guztiei hurbiltzeko eta gure ingurunearekin harreman modu berriak sortzeko. Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoen zentroak egungo ingurumen arloko erronkak hobeto ulertzeko eta, batez ere, etorkizunari dagokionez begirada arduratsuagoa eta positiboagoa aktibatzeko pentsatutako esperientziak eskaintzen ditu.

Proiektuak, klima aldaketa zuzeneko esperientziatik bizitzeko aukera ematen duten tresna teknologikoak, dibulgazio-edukiak eta dinamika parte hartzaileak konbinatzen ditu: murgiltze proiekzioak, ibilbide interaktiboak eta hezkuntza proposamenak. Hori guztia premisa argi batekin: klimaren konplexutasuna ulergarri egitea eta ikasteko eta ekiteko aukera bihurtzea.