- Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) bermatzeko 65 milioi euroko gastua onartu du Eusko Jaurlaritzak; 2026an zenbateko hori handitu daiteke
- Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gogorarazi duenez, «Euskadiko Etxebizitza Legeak etxebizitza duina eta egonkorra eskuratzeko eskubide subjektiboa aitortzen du eta, hortaz, mekanismo subsidiario gisa, prestazio ekonomikoa jasotzen du, hau da, merkatu librean alokatzeko laguntza ekonomikoa, inor ez dadin atzean geratu etxebizitza eskuragarriaren eskaintza zabaltzen jarraitzen dugun bitartean»
Gobernu Kontseiluak 65 milioi euroko gastua onartu du gaur, 2026an Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) finantzatzeko —zenbateko hori handitu daiteke—. Helburua da laguntza ekonomiko horren estaldura bermatzea, etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa berehala ordaindu ezin denean parke publikoko etxebizitza bat edo zuzkidura-bizitoki bat esleituta.
Euskadiko Etxebizitza Legeak aitortzen duen etxebizitza legez eta egonkortasunez okupatzeko eskubide subjektiboa modu subsidiarioan betetzeko aukera ematen duen tresna da EPE. Eskubide hori etxebizitza duin eta egokirik ez duten eta etxebizitza bat eskuratzeko behar diren baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsona eta bizikidetza-unitateentzat eratu da. Esparru horretan, eskubide hori merkatu librean errentamenduaren bidez betetzea ahalbidetuko duen prestazio ekonomiko publikoaren aukera jasotzen du legeak, merkatu babestuan berehalako alternatibarik ez dagoenean. Hau da, «merkatu librean alokatzeko laguntza ekonomikoa», «inor ez dadin atzean geratu etxebizitza eskuragarriaren eskaintza zabaltzen jarraitzen dugun bitartean», adierazi du Itxasok.
Alokairua laguntzeko sistema publikoa, irismen masiboduna
Etxebizitzen politika publikoen eta alokairurako laguntzen sistemaren barruan dago EPE, eta gaur egun oso eragin zabala du Euskadin. «Euskadin alokairuan bizi diren etxebizitzen erdia inguru babestutako etxebizitza batean bizi da edo laguntza publikoren bat jasotzen du —etxebizitza edo laguntza ekonomiko gisa—, eta horrek etxebizitza alokatzeko aukera ematen die eta bizitegi-egonkortasunari eusten laguntzen die», esan du Etxebizitzako sailburuak.
Gainera, Itxasok gogorarazi duenez, «2026 urte azpimarragarria izango da prestazio horri dagokionez; izan ere, datozen asteetan Etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak presaz aldatzeko dekretua (Premiazko Neurrien Dekretua) onartzeari esker, Eusko Jaurlaritzak eguneratu egingo ditu eskubide subjektiboari lotutako gehieneko diru-sarrerak, eta, hala, laguntza horien irismena handituko du». «Hala, irismen handiko esku-hartze publikoaz ari gara: eskubide subjektiboaren eta hari lotutako prestazio ekonomikoaren bidez 2026 urtearen amaieran 35.000 etxebizitzatara iristea espero dugu», azpimarratu du sailburuak. Itxasoren hitzetan, «hori berebizikoa da bizitegi-larrialdiko egoera honetan; Premiazko Neurrien Dekretuak jasotzen duen gehienezko sarrera-errentak eguneratzean familia eta pertsona gehiagok jaso ahalko dute laguntza publiko hori, eta oso tentsionatuta dagoen bizitegi-merkatuan eskaera babestea du helburu».
Alokairuko etxebizitzak —alokairu libre zein babestukoak— 137.000 baino gehiago dira Euskadin. «Eskubide subjektiboaren 35.000 etxebizitza horiei alokairuko parke publikoa gehitzen badiogu —2026 urtearen amaieran 30.000 etxebizitza inguru izatea kalkulatzen dugu— eta Gaztelagunen epe horretan aurreikusitako 9.500 laguntzak, ondorioztatu dezakegu alokairua eskuratzea errazteko zuzeneko eta zeharkako ekintza publikoa lau puntu inguru handituko dela eta merkatuaren % 54 inguru izango dela», nabarmendu du Denis Itxasok Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.
Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoari buruz
Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa alokairuaren errenta ordaintzen laguntzeko aldizkako laguntza bat da, eskubide subjektiboari ezin zaionean erantzun babestutako etxebizitza bat edo zuzkidura-bizitoki bat esleituta. Beraz, laguntza subsidiarioa da: berme publikoa da, etxebizitza publiko eta eskuragarriaren parkea indartzen jarraitzen den bitartean.
Prestazioa besterenezina da, errenta ordaintzeko bakarrik erabili behar da eta horren zenbatekoa bizikidetza-unitatearen egoeraren eta alokairuaren kostuaren arabera kalkulatzen da, eta ezin da egiaztatutako errentaren zenbatekoa baino handiagoa izan. Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzen bidez kudeatzen da EPE, eta banku-kontuan ordaintzen da.
EPE eskuratu ahal izateko, eskubide subjektiboaren baldintzak bete behar dira, eta, besteak beste, alokairuko etxebizitza batean edo aurreikusitako antzeko egoeretan bizitzea egiaztatu behar da, baita ezarritako baldintza ekonomikoak betetzen diren ere. Prestazioa ez da bateragarria ohiko bizileku-premia berera bideratutako beste laguntza publiko batzuekin (adibidez, alokairuari lotutako larrialdietarako laguntza sozialak, alokairurako laguntzak, hala nola Gaztelagun edo beste udal-laguntza batzuk), laguntza behar bezala bideratzen dela eta beste tresna batzuekin gainjartzen ez dela bermatzeko.
Gehienezko diru-sarrera eguneratuak (Premiazko Neurrien Dekretua onartu ondoren) hauek izango dira:
- Urtean 14.000 euro, kide bateko bizikidetza-unitateentzat
- Urtean 18.000 euro, bi kideko bizikidetza-unitateentzat
- Urtean 20.000 euro, hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateentzat
Gastu hori onartuta, Eusko Jaurlaritzak eredu honen aldeko konpromisoa indartzen du: etxebizitza eskuragarri gehiago eta, eskaintza hori hazten ari den bitartean, etxebizitza duin eta egonkor baterako eskubide subjektiboa, beharrezkoa denean babes ekonomikoaren bidez bete dadin bermatzeko mekanismoak uztartzea.






