Kulturak gora egin du Euskadin: jarduera gehiago, euskara gehiago eta eskaintza gero eta irisgarriagoa

0
Fotografía: Donostiakultura.
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordea: “Gizarte baten bizitasuna, ongizatea eta kohesio soziala ere bere jarduera kulturalaren arabera neurtzen da eta Euskadin 2025eko datuek kultura bizia, hurbila eta hazten ari dena erakusten dute”
  • 2025ean 22.425 jarduera kultural programatu dira, hau da, 61 jarduera kultural egunero (+%8,5 2024arekin alderatuta eta +%20 2023arekin alderatuta)
  • Programazio kulturalaren erdia inguru (% 40) euskaraz egiten da eta doakoa izan da

Euskadin, kulturak hazkunde iraunkorra sendotu du, eta bizitasun sozialaren eta ongizate kolektiboaren adierazle nagusietako bat dela berretsi du. Hala ziurtatu du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gobernu-kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, EAEko 2025eko Programazio Kulturalari buruzko Txostena azaltzean. Txosten horren arabera, jarduera kulturalak gora egin du, euskarak presentzia handiagoa du eta irisgarritasunean eta hurbiltasunean oinarritutako eredua dago.

2025ean 22.425 jarduera kultural programatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, 2024an baino % 8,5 gehiago. Egunerokoan, Euskadik batez beste egunean 61 jarduera kultural izan ditu, lurralde osoan banatuta.

Hazkunde hori ez da puntuala. Datuak duela bi urtekoekin alderatuz gero, programazio kulturala % 20 baino gehiago handitu da 2023tik; Euskadiko kultura-sistemaren joera egonkorra eta sendotasuna berresten du horrek, erakundeen, erakunde programatzaileen, artisten eta publikoaren arteko lankidetzan oinarritua.

Jarduera kulturalaren aurrerapenarekin batera, euskara gehiago eta eskaintza irisgarri zabala aipatu behar dira. 2025ean, programazio kulturalaren ia % 40 euskaraz garatu da, sorkuntzako eta eszenako lengoaia gisa duen zeregina indartuta. Aldi berean, zuzeneko arte-jardueren % 40 baino gehiago doakoak dira, eta hainbat publikok kulturarako sarbidea izatea bermatzen da.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazi duenez, “kultura aktibo eta hurbil batek, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeaz gain, kohesio soziala, identitate partekatua eta bizi-kalitatea indartzen ditu, eta kulturaren ikuspegitik Euskadi ongizatea oinarri duen herrialde bizi eta dinamiko gisa sendotzen du”.

 

Etorkizunari begira: kulturaren sistema finkatzea eta proiektatzea

Etorkizunari begira, Eusko Jaurlaritzak apustu egiten du kulturaren arloko hazkunde hori sendotzeko eta proiektatzeko, politika publiko egonkor eta anbiziotsuen bidez.  2026an, Kulturaren arloak 86,6 milioi euroko aurrekontua izango du, % 8,5 gehiago, eta horietatik 50,5 milioi euro artistei eta sektore kulturalei zuzeneko laguntza emateko erabiliko dira, tartean ikus-entzunezkoei, musikari, arte eszenikoei, literaturari eta arte plastikoei. Laguntza-ildo horien bidez, 2.000 proiektu kulturalek baino gehiagok jasotzen dute onura urtero Euskadin.

Sailak, gainera, euskal artearen sistema indartuko du, herrialdearen benetako katalizatzaile gisa, sorkuntza, pentsamendua, berrikuntza eta proiekzio kulturala bultzatuta, urtean zehar euskal arteari lotutako mugarri desberdinekin.

Era berean, arreta berezia jarriko da ikus-entzunezkoen sektorean, sektore kultural osoaren herena baino gehiago baita, eta ekonomiari ekarpenik handiena egiten diona, 472 milioi euro ingururekin. Helburua da erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, inbertsio berriak erakartzea eta euskararen presentzia indartzea, irudiak gero eta gehiago gidatzen duen mundu honetan.

SEKTOREKA

Kontzertuak

2025ean 5.898 kontzertu programatu dira, eta horrek baieztatzen du musika dela Euskadin jarduera-bolumen handiena duen eremua kulturan. Musika garaikideak dira nagusi, musika klasikoaren eta beste genero batzuen presentzia egonkorrarekin batera. Irisgarritasunak identitate-ikur izaten jarraitzen du: kontzertuen % 50 inguru doakoak dira. Programazioa anitza eta eleanitza da, eta euskararen presentzia esanguratsua da.

Antzerkia eta zirkua

Antzerkiak eta zirkuak 4.612 emanaldi izan dituzte 2025ean, eta hazkunde iraunkorrari eutsi diote. Askotariko programazioa da, eta garrantzi handia du haurrei eta familiei zuzendutako proposamenetan. Emanaldien % 40 inguru euskaraz dira, eta sektoreko egitura-hizkuntza gisa finkatu da. Gainera, emanaldien heren bat inguru doakoak dira, eta arte eszenikoetarako sarbidea indartzen du horrek.

Dantza

Dantzak programazio egonkorra du, 927 emanaldirekin. Dantza garaikidea da diziplina nagusia, dantza tradizionalaren presentzia nabarmenarekin batera. Irisgarritasun handia du: hamar emanalditik ia sei doakoak dira. Dantzak, gainera, presentzia handia du espazio irekietan eta hurbileko zirkuituetan.

Bertsolaritza

Bertsolaritzak jarduera sendo eta errotuari eusten dio; 2025ean 1.063 bertso-saio programatu ditu. Hiru lurralde historikoetan du presentzia, eta Gipuzkoan du dentsitaterik handiena. Euskara da programazio osoaren komunikazio-hizkuntza, eta horrek euskal kulturan betetzen duen eginkizun nagusia indartzen du.

Erakusketak

2025ean 1.313 erakusketa inauguratu dira. Arte garaikideak eskaintzaren % 70 inguru biltzen du, eta erakusketa-programazioaren ardatz nagusi gisa finkatzen da. Museo eta ekipamendu publikoetan doako erakusketa ugari egoteak kulturarako sarbide unibertsala indartzen du.

 

LURRALDEKA

Araba

Araba eskaintza kulturala egokitzeko eta birbanatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da. 2025ean 1.062 jarduera kultural egin dira 100.000 biztanleko, eta 2024an, berriz, 938, ekipamendu nagusietako bat aldi baterako itxi den arren. Programazioa espazio gehiagotan birbanatu da, eta mantendu ez ezik, hazi ere egin da, zirkuituak eta publikoak zabalduta.

Bizkaia

Bizkaia programazio kulturalaren bolumenagatik eta aniztasunagatik nabarmentzen da. Jarduera-kopuru handienarekin (10.136 ekimen)  programazio osoaren % 45 biltzen du, urte osoan zehar etengabeko eskaintza kulturala eta kulturaren arloko ekipamendu eta eragileen sare sendoa indartuta.

Gipuzkoa

Gipuzkoa kulturaren dentsitate handiagatik eta gizartean duen errotze-mailagatik nabarmentzen da; 100.000 biztanleko 1.199 jarduera kultural izan ditu, Euskadiko zifrarik handiena. Bereziki esanguratsua da euskarazko kulturaren eta bertsolaritzaren presentzia: 78 bertso-saio 100.000 biztanleko, gainerako lurraldeak baino askoz gehiago.

ITURRIA

Txostenaren datuak Kulturaren Euskal Behatokiak Kulturkliken jasotako informazioa ustiatzetik datoz. Eusko Jaurlaritzaren plataforma bat da Kulturklik eta Euskal Autonomia Erkidego osoko programazio kulturala biltzen du. Kulturklikek etengabe biltzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio, erakunde programatzaile eta eragile kulturalek emandako informazioa, eta horrek aukera ematen du lurralde osoko jarduera kulturalaren ikuspegi globala, eguneratua eta konparagarria izateko.