Pikudo gorria izenez ezagutzen den Rhynchophorus ferrugineus espeziearen presentzia atzeman du Udalak hiriko zenbait palmondotan. Intsektu honek palmondoei eragiten die, eta Espezie Exotiko Inbaditzaileen Estatuko Katalogoan jasota dago.
Hondarribiko Udalak 2024tik hainbat prebentzio- eta kontrol-neurri ezarri ditu, izurritearen jarraipena eta hedapena saihesteko. Besteak beste, feromonak dituzten tranpak jarri dira intzidentzia kontrolatzeko. Horrez gain, 2025ean Phoenix generoko palmondoetan hainbat esku-hartze egin dira: bi endoterapia-tratamendu, lau dutxa-tratamendu eta esku-hartze kirurgiko bat, palmondoen osasuna babesteko eta egoera kontrolpean mantentzeko.
Udalak egoeraren jarraipen estua egiten jarraitzen du, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu pikudo gorriaren hedapena ekiditeko. Era berean, herritarrei dei egiten die, euren etxeetako lorategietan palmondoak badituzte zuhaitzen egoeraren jarraipena egin dezaten eta edozein susmoren aurrean neurriak har ditzaten.






