Basque Segurtasun Foroak 30 ordezkari instituzional baino gehiago bildu ditu Gipuzkoan segurtasunaz hitz egiteko

0
  • Lurraldeko segurtasunaren egoeraren eta, ikuspegi integral batetik, aurkezten diren etorkizuneko erronken analisiaren buru izan dira Bingen Zupiria, Eider Mendoza eta Jon Insausti.

Basque Segurtasun Foroaren Gipuzkoako lurralde-bilera egin da gaur arratsaldean Gipuzkoako Foru Jauregian. Bertan, lurralde horretako erakundeetako, gizarteko, ekonomiako eta kiroletako eragileek segurtasuna eta etorkizunari begira ikuspegi integral batetik aurkezten diren erronkak azaldu dituzte.

Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Donostiako alkate Jon Insaustik parte hartu dute topaketan, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Batzar Nagusietako, Donostiako Udaleko, EUDELeko, Ertzaintzako, Osakidetzako, Probintzia Auzitegiko, Fiskaltzako, Pasaiako Portuko, ADEGIko, ostalaritza, merkataritza eta garraioetako elkarteetako, Gurutze Gorriko, DYAko, Caritaseko, Laboral Kutxako, EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Realeko ordezkariekin batera.

Segurtasuneko sailburuak nabarmendu duenez “azken urteetan segurtasunaren gaineko ardura bat dago herritarren artean eta arduraren igoerak bat egin zuen delituen igoerarekin. Amaitu den urtean lortu da delituen igoera egonkortzea eta kezka sortzen duten delitu batzuk jaistea. Horrek bide bat markatzen du erakunde desberdinen lankidetzarako. Orain arteko bileretan agertu da kezka hau baina baita aldaketa klimatikoak sor ditzakeen ondorioen ingurukoa, fake news edo gezurra diren albisteen ingurukoa, baloreen eta autoritatearen galeraren ingurukoa… Gainera ezin dugu ahaztu gure inguruan azken aldian gertatu direnak: DANA bat Mediterraneoan, tren istripuak, itzalaldia…Testuinguru horretan beharrezkoa da erakunde desberdinen lankidetza”.

Bestalde, Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi du “herritarren ongizaterako ezinbesteko baldintza da segurtasuna” eta gaineratu duenez, Gipuzkoako azken Soziometroaren arabera, lurraldeko herritarren “ardura nagusien artean” kokatzen da. “Erabat bat egiten dugu Basque Segurtasun Foroaren helburuekin. Batetik, segurtasunaren desafioari ikuspegi integral batetik ekiten ari garelako eta horrek hainbat alor lantzera garamalako, dela zibersegurtasuna, direla larrialdiak, dela biolentzia matxista, etab., guztiak ere ezinbesteko alorrak lanketa honetan. Bestetik, gainontzeko erakunde eta eragileekin batera, lankidetzatik ekiten diolako segurtasunaren erronkari”, balioa eman dio eta, “ahalegin partekatu” honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi du “gure lurraldearen, herriaren eta herritar ororen segurtasun integrala” bermatzeko beharrezkoa den “erakunde arteko elkarlanarekin”.

Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan

Basque Segurtasun Foroaren hamabosgarren bilera izan da gaurkoa, Goierri, Debagoiena, Meatzaldea, Errioxa eta Arabako Mendialdea, Oarsoaldea, Bilbo, Aiaraldea, Urola Kosta, Lea-Artibai, Ezkerraldea, Debabarrena, Enkarterri eta Araban egindako topaketen ondoren.

Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, ikuspegi integral batetik segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, erakundek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak…

Foroaren hurrengo hitzordua otsailaren 3an izango da, Mungian.