Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Foru Plana. 2025-2029 aurkeztu du Batzar Nagusietan

0

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, astelehen honetan Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Foru Plana. 2025-2029 aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak abenduaren 29an onartu zuena.

Bere esku-hartzean Laespadak azpimarratu du VII. Plana Aldundiak berdintasun-politikak sustatzeko eta emakumeei eragiten dieten desberdintasunen aurrean erakundeetan garatzen den erantzuna bultzatzeko tresnetako bat dela. Ildo horretatik adierazi du «bakarrik berdintasuna eginez berma dezakegula indarkeria matxista desagerraraztea», eta aurkeztutako plana «emakumeok jasaten ditugun diskriminazioei eta desberdintasunei modu koordinatu eta eraginkorrean aurre egiteko» tresna bat dela.

VII. Foru Planak jarraipena ematen dio 2021-2024 aldian egindako lanari eta VI. Planaren ebaluaziotik eratorritako ikaskuntzak barneratzen ditu, Bizkaiko emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostiko eguneratua egitearekin batera. Foru diputatuak azaldu duen bezala  diagnostiko hau errealitate sozial aldakorrera egokitutako politika publikoak diseinatzeko beharrezko oinarria da eta aukera ematen du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzeko, bai eta genero-rol, -balio eta -estereotipoak eta horiek baliabideen eskuragarritasunean eta kontrolean, gizarte-posizioan eta emakumeen behar eta interesen aintzatespenean dituzten ondorioak aztertzeko ere.

Diagnostikoaren datuak

Diagnostikoan jasotako datuen artean egiaztatzen da egiturazko desberdintasunek jarraitzen dutela hainbat eremutan, hala nola enpleguan, sexuaren araberako okupazio-bereizketa nabarmenarekin eta zuzendaritza-postuetan emakumeen ordezkaritza txikiagoarekin; errentan, oraindik ere alde handia baitago emakumeen eta gizonen artean; eta denboraren erabileran, emakumeek denbora gehiago ematen dutelako etxeko lanetan eta zaintza-lanetan. Analisiak, halaber, Foru Aldundiaren eskumen-eremuei lotutako informazio espezifikoa biltzen du, besteak beste gizarte-zerbitzuak, mugikortasuna, kirola, lehen sektorea, kultura edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta.

Diagnostikoak atal espezifikoa eskaintzen dio indarkeria matxistari, desberdintasunaren adierazpenik larriena baita. Eremu honetan Bizkaian erregistratutako biktimizazioen datuak jasotzen dira; datu horiek oraindik ere zifra handiak erakusten dituzte, bai bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eremuan eragindako indarkeriari dagokionez, bai sexu-indarkeriari dagokionez, eta agerian uzten dute prebentzio-, arreta- eta babes-politika publikoak indartzen jarraitu behar dela.

VII. Foru Plana Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Foru Plana 2021-2024  planaren ebaluazioan ere oinarritzen da. Ebaluazio horretan 250 jarduketa aztertu dira; horietatik % 65 erabat gauzatu ziren eta % 15 partzialki, hau da, horrek esan nahi du planaren indarraldian zehar  jarduketen % 80 bete zirela. Balantze honi esker egiaztatu ahal izan da gauzatze-maila esanguratsua izan dela, batez ere zeharkako neurrietan, eta agerian utzi ditu foru-jardueran genero-ikuspegia txertatzeko egiturak, baliabideak eta tresnak finkatzeko egindako aurrerapenak.

Lau ardatz

Ebaluazio horretatik abiatuta VII. Planak bilakaera bat sartu du aurreko planarekin alderatuta, foru-sailen sektore-konpromisoa indartzen duelako eta genero-ikuspegia politika publiko guztietan modu eraginkorrean txertatzeko lanean sakontzen duelako. Foru diputatuaren hitzetan plan berria «gure ibilbide-orria» da datozen bost urteetarako, eta mezuak eta jarduerak  berdintasunaren arloko errealitate sozial berrietara egokitzeko beharrari erantzuten dio.

Bizkaiko Emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. Foru Plana. 2025-2029  lau ardatz estrategikotan egituratzen da: Gobernu Ona; Ahalduntze Feminista; Berdintasuna Garapen Jasangarrian; eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzak. Ardatz horietatik abiatuta dokumentuak helburu estrategikoak, esku hartzeko ildoak eta helburu espezifikoak zehazten ditu, bai eta jarraipen-adierazleak, sail arduradunak eta kudeaketa- eta ebaluazio-sistema ere.

Plana Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2018 Foru Arauaren barruan kokatzen da  eta bat dator foru, autonomia, estatu, Europa eta nazioarte mailan indarrean dauden erreferente arauemaile eta estrategiko nagusiekin. Halaber 2025-2029 aldian erreferente horien garapena, jarraipena eta ebaluazioa bermatzeko beharrezkoak diren lan-egiturak, koordinazio-mekanismoak eta baliabideak ezartzen ditu.