- San Josek balioan jarri ditu justizia arloan ematen diren akonpainamendua eta bigarren aukerak
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, María Jesús San Josek, Loiola Etxea bisitatu du, gaur, Donostian. Erreferentziazko erakundea da Gipuzkoan espetxe-sistemari lotuta dauden pertsonen gizarte-integrazioaren eta birgizarteratzearen arloan, bai eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonena, migratuena edo errefuxiatuena.
Bisitari esker, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako justizia-baliabideetan sakondu ahal izan da, lagundutako pertsonekin denbora eta elkarrizketa partekatu, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta gizarte arloko erakunde horren arteko harreman instituzionala sendotu ahal izan da. Egunean zehar, sailburuarekin batera, Aukerak – Gizarteratzeko Euskal Agentziako zuzendaria, Sofia Archeli, izan da. Loiola Etxearen aldetik, zentroko arduradunak, profesionalak, boluntarioak eta hainbat programetako partehartzaileak egon dira.
Bisita hasi da Txapiñene Justiziako pisuan, Altza Auzoan. Justizia arloarekin lotutako pertsonei zuzendutako etxebizitza baliabidea da, eta autonomia pertsonala lantzea ahalbidetzen du, bizikidetza ingurune normalizatu batean eta laguntza pertsonalizatuarekin. Ondoren, San José sailburua Andia kaleko egoitzara joan da, Donostiako erdialdean dagoen komunitate dispositibo handienera. Bertan, laguntza integraleko eta partekatutako bizitzarako programak gauzatzen dira, justizia arloko baliabide zehatzak barne.
Loiolaetxea Jesusen Konpainiako sektore sozialeko erakunde bat da, eta bizikidetzan, laguntzan eta erantzunkidetasunean oinarritutako Eredu Komunitario batetik jarduten da. Bere lana hiru ildo nagusietan egituratzen da: gizarteratzea, hospitalitatea eta justizia, eta laguntzen duten pertsonen, jesuiten eta laikoen komunitatearen, boluntarioen eta teknikarien baterako parte-hartzean oinarritzen da.
2000. urteaz geroztik, Loiolaetxeak Gipuzkoako espetxeetan dihardu, gizarte bazterketa egoeran edo egoera hori pairatzeko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako laguntza pertsonalizatuko proiektuekin. 2021ean, espetxe eskumenak Eusko Jaurlaritzara eskualdatu ondoren, erakundeak dirulaguntza bat jasotzen du gizarteratzeko etxebizitza komunitarioak kudeatzeko; gaur egun, Andia Zentroan eta Donostiako Altza Auzoan bi pisuetan bizitegi-plazak ditu.
Justiziako ildoan kokatutako Bide Berri programaren bidez, espetxeetan hirugarren gradurantz doazen pertsonei laguntzen zaie, eta gizarteratze prozesuak errazten dira Euskadiko gizarte zerbitzuen arreta eredutik abiatuta. Hori dela eta, Loiolaetxeak 14 prozesu lagundu zituen 2024an, eta, 2025ean, 18. Erakundeak autonomia pertsonala, eskubideak eskuratzen eta berriro komunitatean bizitzeko proiektuak sustatzearen bidez egin zuen. Elkarbizitzan eta etengabeko presentzian oinarritutako ikuspegi horri esker, gizarteratze prozesuak landu daitezke erantzukizun pertsonaletik, bizitzarako proiektuen berreraikitzetik eta gizarte kohesiotik abiatuta.
Bisitan, San José sailburuak nabarmendu du Loiolaetxeko eredua guztiz bat datorrela Justizia eta Giza Eskubideen Saileko politikekin, “Justizia zerbitzu publiko gisa ulertzen dute pertsonengan oinarritua eta bigarren aukeretara eta duintasunaren eta giza eskubideen errespetura bideratuta”.
Azkenik, San Josek nabarmendu du administrazio publikoen eta gizarte erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, errealitate konplexuei erantzun eraginkorrak eta gizatiarrak eskaintzeko.






