Segurtasun Sailak gaur goizean egin du Erandion “Ezagutza Partekatuz” jardunaldiaren beste edizio bat. Udaltzaingoentzat topagune eta prestakuntza-gune gisa antolatutako jardunaldia Koordinazio Zuzendaritzak sustatu du, eta edizio honetan TETRA ENBOR SAREA komunikazio-sarea izan du ardatz; izan ere, sare hori funtsezkoa da Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemako segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuen arteko komunikazio seguruak eta fidagarriak bermatzeko.
Jardunaldia Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak eta Olatz Arabiourrutia Telekomunikazioen eta Sistema Informatikoen Kudeaketako Zuzendariak (DGTSI) zuzendu dute, eta bertan bildu dira hainbat Udaltzaingoetako arduradunak, aginte operatiboak eta komunikazio eta informatikako langile teknikoak, ezagutza partekatzeko eta polizia-kidegoen arteko koordinazioa hobetzen aurrera egiteko helburuarekin.
Hasierako hitzaldian, Erkorekak azpimarratu du Segurtasun Sailaren eta Euskadiko udalen arteko lankidetza-hitzarmenek duten garrantzia, Ertzaintzaren eta tokiko polizien arteko elkarlanari sendotasuna emateko oinarri gisa, bai eta jarduteko irizpide bateratuak ezartzeko eta informazio-trukea hobetzeko ere.
Ondoren, DGTSIko arlo teknikoko langileek TETRA ENBOR SAREA sarearen egungo egoera eta etorkizuneko ENBOR SARE BERRIA garatzeko aurreikusitako ildoak aurkeztu dituzte, eta, aldi berean, Udaltzaingoak sarean integratzeko beharrezko urratsak azaldu dituzte. Testuinguru horretan, Estepan Goioaga AJEPLEko presidenteak Udaltzaingoaren atari pribatuan eskuragarri dauden aplikazioak aurkeztu ditu; eguneroko lana errazteko diseinatutako tresnak dira, hala nola terminalen esleipena, datuen kontsulta edota ahots-grabazio eta kokapen-datuetarako sarbidea.
Egitaraua irrati-komunikazioko terminalen funtzionaltasunen errepaso praktikoarekin osatu da, bai eta agentzien arteko elkarreragingarritasunari eta partekatutako prozedurei buruzko azalpenekin ere, eta bertaratutakoek beren ekipamenduekin egindako ariketa praktikoak barne hartu ditu.






