Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana, onartuta Donostian

0

Udalak martxan jarri du 2026-2029 legealdirako diseinatutako plana, berdintasunerako lanetan mugarri berria

Donostiako Udalak Tokiko Gobernu Batzordean onartu du Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana. Emakumeen eta gizonen berdintasuna politika publikoen erdigunean jartzeko ibilbidean, ikuspegi feministatik abiatuta hainbat plan estrategiko diseinatu eta garatu dira, eta V. hau, Berdintasunerantz urratsak egiten jarraitzeko asmoaren isla da: egungo testuingurura egokitu eta etorkizuneko erronka berriei heltzeko tresna berria. Orain arte lortutako aurrerapenak sendotzeaz gain, pauso bat harago joateko bide-orria da.

Berdintasunerako gobernantzak udaleko arlo guztiak pixkanaka berdintasun politiken diseinuan eta ezarpenean inplikatzea ahalbidetu dute planok, horretarako hainbat tresna finkatuz: genero-ikuspegia duten aurrekontuak, genero eraginari buruzko txostenak, kontratazio publikoan berdintasuna sustatzeko klausulak eta langileen prestakuntza-programak, besteak beste.

2026–2029 aldirako V. Planak erronka berriei egin behar die aurre. Erronka horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: hausnarketa kolektiboa sustatzea eta feminismoaren egungo eztabaidei erantzun koordinatua ematea, berdintasun-politika guztietan ikuspegi intersekzionala modu eraginkorrean txertatzea, eta komunikazioa tresna eraldatzaile gisa indartzea, kontzientzia, inplikazioa eta erantzukidetasuna sustatzeko.

Tresna dinamiko gisa ulertuta, Plan hau lortutako aurrerapenetatik abiatzen da, eta bide berriak irekitzen ditu berdintasunean sakontzeko, partaidetza indartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzun estrategiko eta iraunkorrak eskaintzeko.

Bost ardatz nagusi

  • Gobernu ona, konpromiso politikoa indartuz, administrazio-jardueran berdintasuna txertatuz eta gobernantza-eredu bidezko eta parte-hartzailea sustatuz.
  • Emakumeen Etxea eta lidergo feminista, Emakumeen Etxearen arreta koordinatua sendotuz, zerbitzuak, taldeak eta tailerrak garatuz, eta lidergo feminista bultzatuz.
  • Gune seguruak, autodefentsa eta erantzun feminista sustatuz, indarkeriaren aurkako baliabideak indartuz eta hirigintza feministan oinarritutako Donostia eraikiz.
  • Gune jasangarriak, udal enpresa eta erakundeetan berdintasunerako politikak txertatuz, ezagutza kolektiboa sustatuz, berdintasuna sortzen duen komunikazioa garatuz eta tresnen arteko kohesioa indartuz.
  • Gune intersekzionalak, egiturak eta tresnak egokituz, LGTBIQ+ politikak garatuz eta ekipamendu inklusiboak sustatuz.

Hain zuzen, intersekzionalitatea da Plan honen berrikuntza nagusia, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 estrategiarekin lotuta, printzipio gidari huts gisa ulertzetik harago, aplikazio praktikoa bilatzeko.