- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, “enplegu erregulazioko espedientea ez da nola hasten den, baizik eta nola amaitzen den”
- Ohartarazi du “Trumpek euskal industriari egindako lehen EEE handia” dela, eta gogorarazi die alderdi politikoei diskurtso trumpistekin “jokatzeak ondorioak” dituela
Tubos Reunidosek Amurrion eta Trapagarango plantetarako iragarritako enplegu erregulazioko espedientearen aurrean, Eusko Jaurlaritzak ahalik eta inplikazio handienarekin jarduteko duen konpromisoa berretsi du asteazken honetan Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Torresek azpimarratu du exekutiboak “borrokatu eta lan” egingo duela konpainiaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, eta, aldi berean, “beharrezko neurri guztiak” hartuko dituela enplegua erregulatzeko espedientearen “kolpea arintzeko” eta “alternatibak” mahai gainean jartzeko.
Torresek gogorarazi du, Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan, haren saila “oso zorrotza” izango dela prozesua ikuskatzeko orduan, ziurtatzeko espedienteak “legezko, gardentasuneko eta negoziazioko berme guztiak” betetzen dituela. “EEE bat beti da negatiboa. Enplegu erregulazioko espedientea ez da nola hasten den, baizik eta nola amaitzen den”, gaineratu du.
Ildo horretan, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak EEEaren eragin soziala minimizatzeko neurriak bultzatuko dituela, “ahalik eta trauma txikiena sor dezan”, dela aurre erretiroen bidez, borondatezko irteeren bidez edo birkualifikazio planen bidez, eta balioan jarri du Espainiako Gobernuarekin duten koordinazioa, dagoeneko “lan egiteko konpromisoa” erakutsi baitu, Talgoren kasuan egin zuen bezala, konpainiarentzat egiturazko konponbideak bilatzeko, zorra birfinantzatzeko edota industria bazkide berriak sartzeko.
Torres Lehendakariordeak ohartarazi duenez, kasu hori “Trumpen lehen EEE handia da euskal industriari”, muga zerga estatubatuarrek AEBko merkatuarekiko mendekotasun handia duten enpresetan duten eragin zuzenagatik, eta diskurtso trumpistak “jokatzen eta harrotzen” dituzten alderdi politiko guztiei ohartarazi die horrek “ondorioak” dituela.
“Ongizate kota handiagoa”
Bestalde, Torres Lehendakariordeak azpimarratu du PSE-EEren eta EAJren arteko gobernu akordioa “sendoa” dela eta bi alderdien “helburu komuna” dela “Euskadi ongizate maila handiago batera eramatea”. Horren ildotik, nabarmendu du Eusko Jaurlaritza “oso ondo, oso elkartuta eta leialtasun handiz” ari dela lanean, eta “leialtasuna eta elkarrizketa” ere ikusten dituela Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, eskumenak Euskadira transferitzeko prozesuaren baitan.
“Inork ezin du zalantzan jarri Gobernuko presidentearen konpromisoa. 2018tik 23 transferentzia etorri dira Euskadira, eta hori ez da sokatira bat. Denok traineru berean goaz eta helmugara iritsiko gara. Gobernuko presidentearen konpromisoa bete egingo da, inork ez dezala zalantzarik izan”, berretsi du.
Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari dagokionez, Mikel Torresek dio ez dela “kutxa bakarra hautsiko” eta hori argi dutela bi gobernuek: Baliabideen titulartasuna estatuarena da”. Gainera, ziurtatu du eskola aseguruaren kudeaketak bide bat ireki duela akordio batera iristeko, erregimen ekonomikoa “partekatu edo autokudeatu” izan dadin.
Euskal aireportuen kokudeaketa
Mikel Torresek azpimarra egin dio negoziazioetan aurrera egin izanari Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aireportuen “kokudeaketa” eredua lortzeko, kudeaketa Euskadiren benetako beharretara egokitzeko “formula egingarri bakarra” dela azpimarratuz. Azaldu duenez, egon badago sistema horren oinarriak ezartzen dituen aurreakordio tekniko bat.
Pasaiako portuari dagokionez, gobernukideek “talka” egiten duten transferentzietako bat dela onartu du Torresek. Aditzera eman duenez, portua interes orokorreko azpiegitura gisa desklasifikatzeko erreklamazioak ez du, haren ustez, haren kudeaketan edo lehiakortasunean hobekuntzak frogatzen dituen argudiorik. “Ez zaigu ezer jarri mahai gainean kudeaketa gaitasun hori hobea izango dela ikusteko”, adierazi du. Desadostasun horiek gorabehera, Torres Lehendakariordeak berretsi du “elkarrizketaren” aldeko apustua egiten jarraituko dutela, aurrera egiteko irtenbideak bilatzeko.






