Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko portuko babes-dikearen proiektua eguneratuko du eta obrak berriro lizitatuko ditu

0
  • Eraikuntzaren sektoreko hitzarmen berria obra-proiektua onartu ondoren adostu da, eta horrek aurrekontua lan-baldintza berrietara egokitzera behartzen du
  • Prezioak eguneratu ondoren, deialdi berria ahalik eta lasterren bultzatuko da

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak erabaki du atzera egitea Mutrikuko portuko babes-dikearen sendotze-lanetarako obra-kontratua esleitzeko prozeduran, gaur egun lizitazio-fasean dagoena, proiektuaren aurrekontua eguneratu ahal izateko.

Espedientearen izapidetzean egiaztatu da eraikuntza-proiektua eta lizitaziorako aurrekontua prestatzeko garaian erreferentziatzat hartu zela obra idazteko unean indarrean zegoen eraikuntzaren sektoreko hitzarmen kolektiboa; hala ere, lizitazioa argitaratu den unean indarrean dagoen hitzarmen berriak ordezkatu du. Ondorioz, aurrekontuan jasotako baldintza ekonomikoek ez dituzte barne hartzen gaur egun aplikagarria den hitzarmenetik eratorritako eguneratzeak.

Egoera aztertu ondoren, Sailaren zerbitzu teknikoek beharrezkotzat jo dute prezio unitarioak berrikustea eta proiektuaren aurrekontua indarrean dauden lan-baldintzetara egokitzea. Sektore publikoko kontratazio-araudiaren arabera, prozeduran atzera egitea da bide egokia kontratua prestatzeko fasean atzemandako gorabeherak zuzendu behar direnean, izapidetzearekin jarraitu aurretik.

Sailak berehala hasiko ditu egoera hori zuzentzeko, eraikuntza-proiektua eguneratzeko eta aurrekontua indarrean dagoen lan-esparrura egokitzeko beharrezko lanak. Berrikuspena amaitutakoan, kontratuaren lizitazio berria ahalik eta eperik laburrenean bultzatuko da.