Ubarretxena sailburuak euskal aireportuen kudeaketarako eta inbertsioetarako gaitasun handiagoa eskatu du Madrilen

0
  • Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu Zentralak jarraitzen dute negoziatzen funtsezko gaiei buruz, hala nola Aireportuak Arautzeko Dokumentuaren (DORA) diseinuan parte hartzea, inbertsioak, aireportu-tasak edo konektibitatea

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak gaur adierazi duenez, Estatuarekin izandako bileran, “Euskadik garrantzi handiko gaiak jarri ditu mahai gainean, ezinbestekoak direnak euskal aireportuen lehiakortasuna eta konektibitatea hobetzeko eta Gernikako Estatutuak jasotzen dituen azpiegitura horien gainean Euskadiri dagokion kudeaketa-maila bermatzeko”.

Gai horien artean, Ubarretxenak DORA dokumentuaren (Aireportuak Arautzeko Dokumentua) diseinuan parte hartzea, inbertsioen bolumena eta orientazioa, aireportu-tasak edo konektibitatea aipatu ditu.

Azken puntu honi dagokionez, sailburuak azpimarratu du Euskadi beste erkidego batzuekiko desabantaila nabarmenetik abiatzen dela: “abiadura handiko trenik ez dagoenez, maizago jo behar dugu hegazkinera, eta horrek inbertsio handiak eskatzen ditu gure aireportuetan”.

Ubarretxenak gogorarazi du, gainera, bihar, asteartea, AENAren administrazio-kontseiluak DORA berriaren proposamena onartuko duela, 13.000 milioi euroko inbertsio-bolumen globala aurreikusten duena. Sailburuak azpimarratu duenez, “dokumentu honek argi eta garbi erakutsi behar du Euskadiko aireportuen aldeko apustua; izan ere, inbertsioak, batez ere, aireportu handietan egiten dira, eta lehentasuna ematen zaie Malaga edo Valentziako aireportuei”.

Era berean, sailburuak jakinarazi du orain dela gutxi hainbat airelinearekin eta Aire Lineen Elkartearekin (ALA) izan dituela bilerak. Bilera horietan, “konpainiek Euskadin jarduteko interesa agertu dute, betiere AENAk apustu irmoa egiten badu, bai inbertsioei dagokienez, bai aireportu-tasen politikari dagokionez” adierazi du.

Ubarretxenak, gainera, José Antonio Santano Garraioetako estatu-idazkaria Euskadiren eskaerekiko sentikorra izango delakoan dago. “Oso ondo ezagutzen ditu gure aireportu-azpiegituren errealitatea eta hiru euskal aireportuen konektibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko beharra”.

Azkenik, sailburuak adierazi du espero duela bilera honek bidean aurrera egiteko balio izantea, eta Gernikako Estatutuak aireportuen kudeaketaren arloan jasotzen duena errespeta dezan. “Zorrotz sartu gara bileran eta bertatik erantzunen zain irten gara”, amaitu du Ubarretxenak.