Lau gizon atxilotu dituzte Gernikan, Sestaon eta Portugaleten, Ertzaintzaren eta Polizia Nazionalaren arteko operazio batean, Basauriko enpresa batean eta Miranda de Ebroko beste batean lapurreta egitea leporatuta. Bizkaiko lantegian balio handiko lehengai metalurgikoa lapurtu zuten, eta Burgoskoan 6.000 kilo kobre. Bi delituetan zuloak egin zituzten instalazioetara sartzeko.
Otsailaren 12an, Ertzaintzaren Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Nazionalaren Burutza Nagusiarekin elkarlanean, polizia-operatibo bat burutu zuen Bizkaian. Operatibo horretan lau gizon atxilotu zituzten, 2025eko abuztuan Basauriko industria-pabiloi batean egindako lapurretan parte hartu zutelakoan, balio handiko lehengai metalurgikoaz jabetu baitziren. Gizonak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten atxilotu zituzten.
Pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere leporatu diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre, 51.000 euro inguruko balioa zuena, lapurtu zuten.
Bi delituetan, delitugileek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko. Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
Polizia-aurrekariak dituzten atxilotuak 25 urtetik 50 urtera bitartekoak dira eta europarrak dira jatorriz, eta jada jarri dituzte epailearen eskuetan Miranda de Ebron.






