Eusko Jaurlaritzak desagertutako pertsonen bilaketa indartuko du Euskadiko Laguntza Txakurren Taldearekin hitzarmen berri bat sinatuz

0
  • Lankidetza berri horrek Larrialdiei Aurre Egiteko Sisteman espezializatutako boluntarioen zeregina indartuko du, nazioarteko estandarren arabera homologatutako gidari-txakur taldeekin

Gobernu Kontseiluak Segurtasun Sailaren eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldearen artean lankidetza-hitzarmen berria sinatzea onartu du, Euskadin larrialdiei ematen zaien erantzuna indartzeko, batez ere mendian, landa-eremuetan eta hiri-inguruetan desagertutako pertsonak bilatzean.

Akordioak lau urteko indarraldia izango du, eta erakunde boluntario espezializatu hori Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratzea sendotuko du eta bi erakundeen arteko lankidetza-esparrua, 2021etik indarrean dagoena, eguneratuko du.

Biziak salbatzeko entrenatuak

Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak larrialdi-egoeretan, hala nola, elurte handietan, lur-jausietan, egiturak eraisten edo kolapsatzen  direnean, desagertutako edo azpian harrapatutako pertsonak aurkitzeko bereziki prestatuta dauden txakurrek eta gidariek osatutako taldeak ditu. Horien erantzun-denbora bi ordutik beherakoa da, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez (SOS Deiak) aktibatzen direnetik.

Era berean, hitzarmenak ezartzen du, gidari-txakur binomioen maila tekniko eta operatibo handia bermatzeko, nazioarteko estandarren araberako homologazio-probak gainditu beharko dituztela urtero, bereziki Internationale Rettungshunde Organisation (IRO) erakundeak ezarritakoak.

Koordinazio eta prebentzio gehiago

Hitzarmen berriak indartzen ditu larrialdi-zerbitzuekiko koordinazio operatiboa, boluntarioen prestakuntza espezializatua, simulakro eta ariketa bateratuak egitea eta taldeak autobabesari eta prebentzioari buruz herritarrak sentsibilizatzeko kanpainetan parte hartzea.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak boluntario espezializatuekiko lankidetza indartzen du eta larrialdiei erantzuteko eredu bat, herritarrak babesteko profesionaltasuna, koordinazioa eta konpromiso soziala uztartzen dituena, sendotzen du