Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du Euskadi dela desgaitasunen bat dutenen artean jarduera tasa handienak dituen autonomia erkidegoa, eta azpimarratu du aurrera egiten jarraituko dutela “eskubideak eta aukerak bermatuko dituen eta gure industria balioekin indartuko duen eredu baterantz”
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak asteazken honetan berretsi egin du desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko konpromisoa, eta gogorarazi du enplegu inklusiboa ez dela “gastua”, baizik eta “gizarte kohesioan, lehiakortasunean eta etorkizunean egindako inbertsioa”.
Katealegaiak Arrasaten duen enplegu zentro bereziaren lehen harria jartzeko ekitaldian, Torresek ziurtatu du Euskadin dagoela “Euskal Enplegu Sistema Publiko modernoa, inklusiboa eta pertsonalizazioan eta laguntzan oinarritutakoa, eta ulertzen duena pertsona bakoitza bakarra dela eta ibilbide bakoitzak babesa, orientazioa eta konfiantza behar dituela”.
Eta nabarmendu du “bide onetik goazela”, Euskadi baita gaur egun desgaitasuna dutenen artean jarduera tasa handienak dituen autonomia erkidegoa: % 45,7koa. 2024an, desgaitasuna zuten 14.000 pertsonak zuten lan kontratua gure erkidegoan. “Zifra bakoitzaren atzean istorio bat dago, familia bat, bizi proiektu bat», adierazi du.
Torres Lehendakariordeak adierazi duenez, zenbaki horien atzean “konpromiso kolektiboa dago aukera berdintasunarekin, lanaren duintasunarekin eta inor atzean uzten ez duen industriarekin”. Ildo horretan, Katealegaiak azken hiru hamarkadetan egindako lana jarri du balioan, esanez “Euskadiko enplegu inklusiboaren zutabeetako bat” bihurtu dela; izan ere, desgaitasuna eta bazterkeria arriskuan dauden mila pertsona ingururi ematen die lana Gipuzkoako hamabi produkzio plantetan eta beste enpresa batzuetan lagundutako enplegu programetan.
Torresek aditzera eman du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak babes “iraunkorra” eman dietela enplegu zentro bereziei eta, zehazki, Katealegaiari, azken urteotan 42 milioi euro baino gehiago bideratu baitituzte haren jarduerari laguntzeko.
“Aukera berdintasunaz eta tratuaz hitz egitea desgaitasuna duten pertsonen laneratzeaz hitz egitea da, nahitaez. Eta ez teoriatik, ez diskurtsotik, baizik eta ekintzetatik, benetako aukeretatik, sinatutako kontratuetatik, enpresa batean fitxatzean goizero eraikitzen diren bizi proiektuetatik”, gaineratu du Torresek.
Eskakizun handia
Katealegaiaren lantegi berriak 4.500 m2 izango ditu, eta “erreferentziazko industria ingurune batean” integratuko da, “exijentzia estandar oso altuekin”, Torresen Lehendakariordearen hitzetan, Debagoieneko industria ehunarekin bat egingo duelako. Izan ere, eskualde hori hainbat sektoretan garatu da: automobilgintzan, elektromekanikan, elektronikan eta metalean, besteak beste.
“Inklusioak ez du esan nahi eskakizuna murriztea, esan nahi du talentuari laguntzea, ingurune erreal, lehiakor eta teknologikoetan hedatu ahal izateko, eta esan nahi du digitalizazioaren, prozesu aurreratuen eta berrikuntza industrialaren aldeko apustua egitea”, ziurtatu du Torresek, “Euskadi justuago bat Euskadi indartsuago bat ere badela sinetsita”.






