- Miren Elgarresta zuzendariak proba honen gaitasun eraldatzailea nabarmendu du
- Topaketak 6.500 emakume bilduko ditu berdintasunaren alde
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Lilatoiaren aurkezpenean parte hartu du gaur, berdintasunaren aldeko emakumeen lasterketa herrikoiaren 36. edizioan.
Emakundek babestu egin du kirol arlotik harago doan proba hau, berdintasunaren eta emakumeen parte-hartzearen aldeko konpromiso kolektiboaren ikur bihurtzeko. «Ez gara jarduera fisikoaz bakarrik ari, ahalduntzeaz, osasunaz, komunitateaz eta gure gizartean aldaketa sakonak sortzeko gaitasunaz baizik», azpimarratu du zuzendariak.
6.500 emakume izango dira Donostiako kaleetan zehar korrika, kirolean ere emakumeentzako lekua aldarrikatzeko. Ildo horretan, Elgarrestak gogora ekarri du M8ko erakunde arteko kanpainaren leloa: «Eman tokia berdintasunari». Lilatoia jarri du adibidetzat. «Berdintasunaren espazioa zabaltzen duen ekimen bat da, kirolaren eta jarduera fisikoaren eremuan, eta oraindik ere eremu horretan ikusten da genero-arrakala gehien; izan ere, estereotipoak eta desberdintasunak daude oraindik ere parte-hartzean, irudikapenean eta aukeretarako sarbidean», adierazi du.
Lehiaketaz haratago, Lilatoia elkartzeko eta parte hartzeko gune segurua da, non adin guztietako emakumeek helburu bera duten: kirolaz gozatzea, komunitate baten parte sentitzea eta berdintasuna aldarrikatzea Donostiako kaleetatik.






