Nerea Melgosa: «Enpatiaz eta konpromisoz, gizarte-langileek Euskadi bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen dute»

0

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Gasteizko EHUko Letren Fakultatean ospatu den Gizarte Laneko XIX. Jardunaldia ireki du. Arabako Gizarte Langileen Elkargoak antolatuta, Caritaseko ordezkari Ana Sofi Telletxeak Euskadiko gizarte-bazterkeria eta pobrezia aztertu ditu. Era berean, «Gizarteratzea: erronkatik ekintzara» izeneko jardunaldiak Andaluziatik etorritako aditu baten begirada ere izan du. Belén Navarro Llobregatek eta Trabajo Social y Tal blogaren sortzaileak Alpujarra gizarte-zerbitzuen zentroko zuzendaria izateak eta Gizarte Lanaren Kontseilu Nagusiko «Nuestras Voces» aditu taldean egoteak emandako eskarmentutik bere hitzaldia garatu du.

«Enpatiaz eta konpromisoz, gizarte-langileek Euskadi bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen duzue. Zuen esku-hartzeari esker, familia askok oztopoak gainditzeko laguntza eta baliabideak aurkitzen dituzte, eta kolektibo ahulek atzean ez geratzen laguntzen dien babesa jasotzen dute. Gizarte-lanak banakako bizitzak eraldatzeaz gain, eragin positiboa sortzen du komunitate osoan» azaldu du Nerea Melgosak. Sailburuak bereziki eskertu du oinarrizko gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten pertsona guztien lana; izan ere, bere hitzetan, sistemara sartzeko atea dira, modu duin eta eraginkorrean artatuak izateko eskubide subjektiboa duten milaka pertsonarentzat lehen harremana.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gogorarazi du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saila Gizarte Zerbitzuen Legea berritzeko lanean ari dela, eta iragarri du laster egingo diren focus group-etan, besteak beste, Gizarte Laneko Elkargoek parte hartuko dutela, eta haien ekarpenak entzungo direla.