Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hainbat jarduera egin ditu Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta

0

 “Eman tokia berdintasunari” lelopean, ekimenen helburua izan da emakumeek osasunaren esparruan betetzen duten zereginari agerikotasuna ematea eta osasun-politiketan genero-ikuspegia sustatzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hainbat jarduera egin ditu martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumeek osasunaren esparruan egindako ekarpena —historikoa eta egungoa— aitortzeko eta berdintasun erreal eta eraginkorrarekiko konpromiso instituzionala indartzeko.

Emakundek bultzatutako “Eman tokia berdintasunari” lelopean, emakumeen eskubideak esparru guztietan eta, bereziki, hain garrantzitsua den osasunaren esparruan bultzatzeko bidean aurrera egiten jarraitzea izan dute helburu ekimenek.

Martxoaren 2tik 6ra bitartean, iraganean edo gaur egun pertsonen osasuna hobetzeko bidea ireki duten eta horretan lagundu duten emakumeen izenak eta irudiak berreskuratzea eta partekatzea proposatu zien Sailak bere langileei.

Aipatutako erreferenteen artean, honako hauek nabarmendu ziren:

 

Lur Zalduegi, bizkaitarra eta lehen emakume albaitaria.

Filomena Baldezate, Bilboko Errekalde auzoko emagina.

Maria del Carmen Gullón, Araban jardun zuen lehen emakume medikua.

Isabel Orbe, Arabako psikiatra.

Antonia Rezola, farmazialari gipuzkoarra.

Pilar Lois Acebedo, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko lehen emakume elkargokidea.

Interesdunek posta elektronikoz bidali ahal izan zituzten beren proposamenak, edota Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako laugarren solairuan, Osasun Sailaren atondoan gaitutako kutxa batean utzi ahal izan zituzten. Jasotako ekarpen guztiekin, proposatutako emakumeen izen eta irudiekin mural kolaboratibo bat egin zen gune horretan bertan martxoaren 6an, 11:00etan.

Osasun Sailaren ekitaldi instituzionala

Egun horretan bertan, martxoaren 6an, 11:30ean, Sailak Emakumearen Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionala egin zuen atondoan.

Topaketa horretan, taldeko argazki bat egin zen atzean mural kolaboratiboa ikusten zela, eta bertaratutako pertsonen arteko topaketarako gune bat prestatu zen, emakumeek zerbitzu publikoen kudeaketan eta prestazioan eta, bereziki, osasunaren esparruan betetzen duten zereginaren balioa nabarmenduta.

Generoari eta osasunari buruzko prestakuntza-saioa

Programa martxoaren 12an osatuko da, 09:30ean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako mediku Elena Aldasorok emango duen “Genero-alborapenak osasunean: desberdinak al gara?” prestakuntza-saioarekin. Saio horretan, osasun-programetan eta osasunaren arloko esku-hartzeetan genero-ikuspegia txertatzeak duen garrantzia aztertuko da, dauden alborapenez eta ikuspegi hori aplikatzeak osasun-arreta hobetzeari begira dituen abantailez jabetzeko.

Jarduera horiekin, Osasun Sailak berretsi egin du berdintasunarekin eta genero-ikuspegia txertatzearekin duen konpromisoa. Izanere, ikuspegi hori funtsezko elementua da osasun-sistema bidezkoago eta ekitatiboago baterantz aurrera egiteko.