Bermeoko merkataritza-portuak hazkunde handia izan du euskal kudeaketapean

0
  • Eusko Jaurlaritzak lan-bilera egin du portuan jarduten duten enpresekin, haren bilakaera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko
  • Merkantzien trafikoa %24 hazi da 2024tik 2025era, Euskaditik egindako kudeaketa hurbil eta eraginkorraren adierazgarri
  • Eusko Jaurlaritzak kudeatutako portuak arrantza-jarduera, salgaien garraioa eta aisialdiko nautika espazio berean biltzen ditu

Bermeoko merkataritza-portuak, Eusko Jaurlaritzak kudeatua, Busturialdeko ekonomiaren azpiegitura estrategiko gisa duen rola sendotzen jarraitzen du, salgaien trafikoan izandako hazkunde nabarmenari eta instalazioetan jarduten duten kontsignatario enpresekin lankidetza indartzeari esker.

Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Amaia Barredok, Arrantza, Portu eta Kostaldeko sailburuorde Leandro Azkuek eta Portu, Itsas Gai eta Kostaldeko zuzendari Koldo Goitiak lan-bilera egin dute Bermeoko merkataritza-portuan diharduten enpresetako arduradunekin, jardueraren bilakaera, egindako inbertsioak eta Bizkaiko portuaren etorkizuneko erronkak aztertzeko. Bileran portu-administrazioaren eta enpresa eragileen arteko etengabeko koordinazioa funtsezkoa dela azpimarratu da, arintasuna, lehiakortasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Jarduerari dagokionez, hazkundea esanguratsua izan da. 2024an portuak 182.733 tona mugitu zituen 84 ontzitan; 2025ean, berriz, 227.604 tona 96 ontzitan, hau da, %24ko hazkundea garraiatutako salgaien bolumenean. Datu horiek azpiegitura honen joera positiboa erakusten dute, gaitasun operatiboa eta merkatuaren beharretara egokitzeko ahalmena uztartzen dituena.

Portuak bost karga-kai ditu, 125 metroko luzera eta 6 metroko sakonera arteko ontziak hartzeko modukoak. Bertan askotariko materialak maneiatzen dira, besteak beste, produktu siderurgikoak, egurra, papera, aluminioa, marmola, igeltsua, urea eta paper-orea. Kontsignatario enpresek biltegiratze-ahalmena handitzeko eta instalazioen operatibitatea optimizatzeko inbertsioak egiten jarraitu dute.

Egunero gutxi gorabehera 100 kamioiko joan-etorria eta jarduera komertzialari lotutako 40 lanpostu zuzen sortzen dituen portua eskualdeko indar ekonomiko gisa sendotzen ari da. Salgai gehienek Europar Batasunean eta Mediterraneoko herrialdeetan dute jatorria edo helmuga.

“Bermeoko portuaren hazkunde-datuak autogobernuak funtzionatzen duela erakusten duen beste adibide bat dira. Gure azpiegiturak Euskaditik kudeatzeak enpresetatik gertu egoteko, haien beharrak lehen eskutik ezagutzeko eta erabakiak azkarrago eta eraginkorrago hartzeko aukera ematen digu”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

Barredoren arabera, portuen euskal kudeaketa-ereduak lankidetza publiko- pribatua, epe ertain eta luzerako plangintza eta eskualde bakoitzeko ingurune ekonomiko eta sozialarekiko integrazioa ditu oinarri. Ildo horretan, Bermeoko portuaren kudeaketa propioak, lurraldeari estuki lotua, lehiakortasuna eta enplegua sustatzeko duen ahalmenaren adibide dela nabarmendu du, jasangarritasuna alde batera utzi gabe.

“Gure konpromisoa eredu hau sendotzen jarraitzea da, Bermeon eta euskal portu guztietan. Hurbiltasuna eta ezagutza kudeaketa hobearekin lotuta daude. Autogobernu handiagoak herrialde honetako herritarren bizi-kalitate hobea dakar”, adierazi du sailburuak.

Bermeoko merkataritza-portua Eusko Jaurlaritzak kudeatutako bakarra da non espazio berean arrantza-jarduera, salgaien garraioa eta aisialdiko nautika elkartzen diren; eta integrazio-eredu hori jasangarritasunaren, eraginkortasunaren eta lankidetza publiko-pribatuaren ikuspegitik sendotzen jarraitu nahi da.