Mikel Torresek azpimarratu du Enpleguaren aldeko Itun Soziala dela “enplegu duina indartzeko eta lan merkatuaren aldaketen aurrean politika publikoak koordinatzeko” bide orria

0
  • Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren bigarren urteurrenak, gaur Ajuria Enean egin denak, balio izan du 2025-2027 Hirurteko Enplegu Plan berriaren ildo estrategikoak aurkezteko, eta plan horrek helburu du kalitatezko enplegu baterantz aurrera egitea, “ongizatearen, gizarte kohesioaren eta garapen ekonomikoaren berme onena” den aldetik, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak nabarmendu duenez

 

Eusko Jaurlaritzak Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren bigarren urteurrena ospatu du gaur goizean Ajuria Enean. Akordio hori Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak sustatu du, eta ehun bat erakundek eta gizarte, ekonomia eta hezkuntza eragilek babestu dute. Topaketak, gainera, balio izan du 2025-2027 Hirurteko Enplegu Plan berriaren ildo estrategikoak aurkezteko. Plan horrek “datozen urteetan gure enplegu politiken ibilbide orria” izan nahi du, eta 2025ean garatutako lanari jarraipena emango dio. Plan horren helburua da Enpleguaren aldeko Itun Soziala inspiratzen duen ideia nagusia indartzea. “Enplegu duina da ongizatearen, gizart -kohesioaren eta garapen ekonomikoaren bermerik onena”, nabarmendu du Mikel Torresek.

Plan estrategiko horrek, gainera, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia eguneratzean du oinarria. Estrategia horrek hiru urteko planak antolatzeko betebeharra ezartzen du, “gure enplegu politika publikoen eraldaketa garrantzitsuko” une batean; besteak beste, Euskal Enplegu Legearen onarpenean, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eraldaketan eta Euskal Enplegu Publikoaren Legean, adierazi du Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek.

Haren hitzaldian, berretsi egin du Enpleguaren aldeko Itun Sozialarekin duen konpromisoa, herritarren eskaerei erantzuteko gai diren politika publikoen garapenean “erreferente” delako. Eta azpimarratu du itun hori dela “esparru estrategiko bat eta asmoen adierazpen bat baino askoz gehiago. Enpleguaren aldeko Itun Sozialak erakusten du herri erronka handiei partekatutako enplegu politika berriek soilik egin diezaieketela aurre”.

Torresek azaldu duenez, bide hori da apustua lortzeko “enplegu duina, parekideagoa, egonkorra eta kalitatezkoa, pertsona bakoitzari bere bizi eta lanbide proiektua segurtasunez, aukerekin eta justizia sozialaren ikuspegiarekin garatzeko aukera emango diona”. Izan ere, haren iritziz, enplegu bila dabilen pertsona batek, prestakuntza hobetu, lan orientaziora iritsi edo aukera profesional berriak aurkitu nahi dituenak, “espero du sistema osoaren erantzun argia, koordinatua eta eraginkorra”.

Ildo horretan, Mikel Torresek defendatu du enplegua dela “politika partekatua” eta “esperientziak batuz, elkarrekin ikasiz eta erakunde guztiekin irtenbide partekatuak eta koordinatuak sortuz” eraikitzen direla politika publiko “onenak”.

Itunaren bost ardatzak

Era berean, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak nabarmendu du Itunaren bost ardatz estrategikoen inguruan egindako lanaren balioa —bizitzan zehar lortutako kualifikazioa, belaunaldi ordezkapena, aukera berdintasuna, jarduera ekonomiko lehiakor, iraunkor eta arduratsua, eta enpleguaren kalitatera bideratutako lan harremanak—, bai eta udalekin, foro aldundiekin eta erakunde sozial eta ekonomikoekin garatutako proiektu pilotuen sustapena ere.

Torresek berretsi du “nazioarteko testuinguru gero eta aldakorragoa eta ustekabekoagoa” bizi dugula, “eraldaketa teknologikoek, trantsizio energetikoek, tentsio geopolitikoek edo la -mundua birdefinitzen ari diren aldaketa demografikoek markatuta”, eta azpimarratu du “lankidetza, plangintza partekatua eta erantzukizun kolektiboa” direla erantzunik “onena”.

Haren hitzetan, Enpleguaren aldeko Itun Sozialak “sistema osoaren ahaleginak lotzeko aukera ematen du, udalerri txikienetik enpresa handietaraino, proiektua hasten duen ekintzailetik enpresa finkatuenetaraino”, bermatuz inor ez dela geratzen atzean.

Imanol Pradales lehendakariak, ekitaldiaren buru izan denak, gogorarazi du ezegonkortasun eta ziurgabetasun handiko une baten aurrean gaudela, eta “Euskadin baditugu gaizki pasatzen ari diren industria enpresa batzuk”. Horregatik, dei egin du “guztiok gure lehentasunen erdigunean jar dezagun enpleguaren babesa eta hobekuntza. Laguntza ematea dagokigu: erakundeak eta alderdi politikoak, enpresak, langileak eta sindikatuak. Elkarrekin arraun egitea. Norberaren interesak alde batera utzita. Euskadin enplegua babestu eta hobetu behar dugu”, adierazi du.

Gainera, gogorarazi du hurrengo hamarkadan belaunaldi errelebo handia gertatuko dela enpleguan, eta, horregatik, defendatu du “prozesu horri arrakastaz ekiteko behar den talentua sortu, erakarri eta fidelizatu behar dugula, maila globalean lehia gogorra dagoen testuinguru batean. Eta inklusioa bermatu behar dugu, eta talentu guztia baliatu: gazteak, 50 urtetik gorakoak, emakumeak eta migratzaileak”.