Gustoko, elikadura eta gastronomian erreferentzia den azokak, martxoaren 13tik 15era egingo da Bilbao Exhibition Centreko 3. pabiloian, eta aurtengo edizioan 258 erakusketari bilduko ditu. Azoka, dastaketa eta produktuen zuzeneko salmenta uztartzen dituen proposamenarekin itzuliko da, jarduera-programa zabal batekin osatuta, eta jatorriari lotutako kalitatea, jasangarritasuna eta inpaktu soziala bezalako balioekin lerrokatutako esperientzia baten alde eginez.
Hala aurkeztu dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusiak, Raul Perez Iratxeta, Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak, Andoni Agirrebeitia, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako zuzendari nagusiak eta Maite Santayana Bahillo, Gustokoko Event Manager-ak. Hitzaldien amaieran showcooking bat egin da, Bilbao Goi Mailako Ostalaritza Eskolak (ESHBI) gidatuta eta Keia enpresa erakusketariaren parte-hartzearekin.
Aurtengo edizioan izango diren parte-hartzeen artean, bi parte-hartze berri daude: INTIA – Reyno Gourmet de Navarra eta Alimentos de Palencia. Bi horiek bat egingo dute dagoeneko sendotuta dauden beste parte-hartzeekin: Alimentos de Cantabria, Alimentos del Paraíso Natural de Asturias, Ávila Auténtica, Basque Beer, La Ruta Slow, Mungiako Udala eta Burgos Alimenta.
Azokan ia autonomia-erkidego guztietako produktuak egongo dira ikusgai. Gustoko 2026ko standetan askotariko elaborazioak aurkitu ahal izango dira, artisau-ekoizpenari eta jatorriari lotutakoak: kontserbak, gozogintza eta gozoak, delicatessen produktuak, esnekiak, likoreak, barazkiak, frutak eta lekaleak, ardoa, kafea eta tea, olioak, haragiak eta hestebeteak, arraina eta itsaskiak edo sagardoa, besteak beste. Eskaintza horrek bisitariei aukera emango die lurralde desberdinak beren zaporeen bidez ezagutzeko eta kalitatearen eta jatorriarekiko loturaren aldeko apustua egiten duten ekoizleen lana gertutik ezagutzeko.
Aurtengo edizioko berritasun agerikoenetako bat espazioaren banaketa izango da. Erdiko plazaz gain, Gustoko 2026k picnic guneak jarriko ditu ibilbidean zehar. Horrela, bisitariek hainbat puntutan produktuak erosi eta patxadaz dastatzeko aukera izango dute.
Gustoko 2026k profil bikoitzeko ereduari eutsiko dio: ostiral goiza profesionalentzat (ostalaritza, banaketa eta merkataritza espezializatua) erreserbatuta egongo da, eta gainerako egunak publiko orokorrarentzat ere zabalik egongo dira. Programa profesionala Alderantzizko Misioarekin eta Open Meeting-ekin osatuko da. Topaketa horietan HORECA kanaleko, banaketa handiko, gourmet dendetako eta merkataritza espezializatuko enpresetako hamabost ordezkari inguruk parte hartuko dute, estatuak zein nazioartekoak, topaketa horietan parte hartu nahi duten enpresa erakusketarien produktuak eta proposamenak ezagutzeko asmoz.
Jarduerak, konpromiso soziala eta giroa
Jarduera aretoak publiko profesional zein orokorrarentzat pentsatutako proposamen gastronomikoak eta sozialak uztartzen ditu. Programazioaren barruan, showcookingak egongo dira, Bilbao Goi Mailako Ostalaritza Eskolak (ESHBI) zuzenduta. Showcooking horietan, erakusketarien artisau-produktuek protagonismoa hartuko dute sukaldean, eta dastaketak eta aurkezpenak ere egingo dira. Horietan, enpresek beren elaborazioei eta produktuei buruzko ezagutza partekatuko dute bertaratutakoekin. Jarduera gune hau Eroski eta Fagor enpresek babesten dute.
Proposamen horiez gain, aurtengo berritasun gisa, “Know N Cheese” ekimenak — HAZI-k parte hartzen duen POCTEFA Europako proiektuaren barruan dagoena— dibulgazio-saioa eskainiko du, Pirinioen bi aldeetako artisau-gazten dastatzearekin batera.
Arlo sozialari dagokionez, ONCE-k profesionalentzako dastatze-ikastaro itsuak antolatuko ditu ostiral goizean, eta publiko orokorrari eskainitako dastatzeak egingo dira asteburuko gainerako ordu-tarteetan. Horrez gain, Orekak sobera geratutako elikagaiak kudeatuko ditu eta Remar Vizcaya erakundeari emango dio. Bestalde, Bizkaiko Elikagaien Bankuak elikagai-bilketa egingo du, eta lurraldean egiten duten lanari buruko informazioa emango die bertaratzen direnei.
Azokak, gainera, hainbat animazio-proposamen eskainiko ditu hiru egunetan zehar bisitarien ibilbidea girotzeko. Horien artean egongo dira Mungiako Udaleko trikitilariak, Bilbotarrak abesbatzaren parte-hartzea eta Basque Beer-ek antolatutako kontzertuak. Horrez gain, azokan BeUp BEC!-ek kudeatutako ludoteka-zerbitzua ere egongo da, asteburuan familiek bisita errazago egin dezaten.
Gustoko 2026k martxoaren 13an irekiko ditu ateak 3. pabiloian. Egun horretan egingo da inaugurazio ofiziala, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak buru dela. Ostiral goiza profesionalentzat izango da, eta 14:00etatik aurrera azoka publiko orokorrarentzat ere zabalduko da. Larunbatean 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta igandean 11:00etatik 19:00etara.
Sarrerak azokaren webgunean erosi ahal izango dira, 3,50 euroko prezioan, eta doakoa izango da 13 urtetik beherakoentzat eta akreditatutako profesionalentzat. Gainera, bisitariek doako kontsigna-zerbitzua izango dute azokan egindako erosketak uzteko.






