Etxebizitza publikoetan Euskadik duen lidergoa aldarrikatu du Itxasok Bartzelonan, eta etxebizitzarako eskubidearen zerbitzurako kalitatezko arkitektura baten aldeko apustua egin du

0
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren bigarren edizioaren aurkezpena ireki du Disseny Hub-en; saria apirilaren 30ra arte egongo da zabalik
  • Sailak, Lacol estudioko ordezkariekin batera, La Borda promozioa bisitatu du, Etxebizitza Kolektiboaren Europako I. Sariaren irabazlea

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren bigarren edizioa aurkezteko ekitaldian parte hartu du, Bartzelonan. Saria Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko arc en rêve centre d’architecture zentroak sustatutako ekimena da, eta helburu du Euskadik Europan etxebizitzaren, arkitekturaren eta hiri-eraikuntzaren arloan duen proiekzioa indartzea.

Zita Disseny Hub Barcelonan egin da, eta baliagarria izan da Euskadi etxebizitza kolektiboaren orainari eta etorkizunari buruzko gogoetarako nazioarteko gune batean kokatzeko, baita sariaren edizio berriaren gakoak ezagutarazteko ere. Sariaren deialdia datorren apirilaren 30ra arte egongo da zabalik.

Irekiera-hitzaldian, Itxasok etxebizitzari buruzko Europako eztabaidan Euskadik duen ahots propioa aldarrikatu du, uste baitu Euskadik ibilbide sendo eta iraunkorra duela etxebizitza babestuaren, sustapen publikoaren eta esku-hartze instituzionalaren arloan, etxebizitza duina eta eskuragarria izan dadin bermatzeko. Testuinguru horretan, sendotasun hori arkitekturaren, bizitegi-berrikuntzaren eta hiri-kalitatearen eremuan ere proiektatzeko beharra defendatu du.

“Euskadik ahots propioa du etxebizitzaren inguruko eztabaidan, bere metatutako esperientziagatik, politika publikoen jarraipenagatik eta gizarte-kohesiorako funtsezkoa den esparru batean esku hartzeko duen ahalmenagatik”, adierazi du sailburuak. “Sendotasun hori kalitatezko arkitektura batean ere adieraz dadin nahi dugu, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den arkitektura batean”.

Itxasok Euskadi garatzen ari den posizionamendu instituzionalaren estrategiaren barruan kokatu du parte-hartze hori, etxebizitza-politika publikoetan ez ezik, etxebizitza kolektiboari, hiri-berroneratzeari, dentsifikazio adimendunari, bizitzeko modu berriei eta eraikitako hiriaren eraldaketari buruzko Europako elkarrizketan ere erreferentzia gisa kokatzeko.

Haren ustez, etxebizitzari buruzko gaur egungo eztabaidak ikuspegi hertsiki kuantitatiboa edo koiunturala gainditzea eskatzen du, eta bizitegien gaiari bere konplexutasun osoan heltzea. “Etxebizitza ezin da merkatuaren arloko kontu gisa bakarrik ulertu, ezta larrialdi sozial gisa soilik ere. Politika publiko estruktural bat da, eta politika horrek eskatzen du herrialde-ikuspegia, anbizio instituzionala eta gure hiri eta herrietan nola bizi eta elkarrekin bizi nahi dugun pentsatzeko gaitasuna”, adierazi du.

Ildo horretatik, sailburuak defendatu du Euskadik, bere etxebizitza-politika publikoaren sendotasunagatik ez ezik, arkitektura erabilgarria, berritzailea eta behar sozialekin konektatua bultzatzeko duen ahalmenagatik ere errekonozitua izatea helburu duela. “Etxebizitza-politika publikoa serioa, iraunkorra eta interes orokorrera bideratua dagoen lekuan, anbizio arkitektonikoa ere egon daiteke eta egon behar du”, nabarmendu du.

Era berean, ekitaldiak Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren zentzua balioesteko balio izan du, nazioartean proiektatzeko, ezagutza trukatzeko eta etxebizitzaren eta hiriaren inguruan lan egiten duten instituzio, profesional eta eragile europarren arteko sareak eraikitzeko tresna gisa. Itxasoren ustez, ekimen horrek aukera ematen du Euskadik Europako hiri- eta bizitegi-politiken etorkizunerako gune estrategiko batean duen presentzia indartzeko.

“Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria borondate argi batekin sortu da: Euskadi gai hauei buruzko Europako elkarrizketan kokatzea: XXI. mendean nola bizi behar dugun, dagoeneko eraikitako hiria nola birsortu behar dugun eta elkarbizitza-modu berriak nola bultzatu behar ditugun begirada publiko, sozial eta arkitektoniko batetik”, azaldu du.

Sailburuak azpimarratu du, gainera, XXI. mendeko etxebizitza kolektiboak erantzun integralak eskatzen dituela, inbertsio publikoa, berrikuntza teknikoa, diseinuaren kalitatea eta sentsibilitate soziala uztartuko dituzten erantzunak. Ildo horretatik, gogoeta arkitektonikoa gaur egungo erronka handi batzuekin lotu du, hala nola: gazteek etxebizitza eskuratzea, biztanleria zahartzea, finkatutako hiria hobeto aprobetxatzeko beharra, ingurumen-jasangarritasuna eta hiri-inguruneen egokitzapena errealitate demografiko eta sozial berrietara.

“Etxebizitza kolektiboaz hitz egitea da, era berean, honi buruz hitz egitea: hiria nola eraiki nahi dugun, dagoen hiri-sarea nola aprobetxatu nahi dugun eta, arlo publikotik, dagoeneko hemen ditugun gizarte-aldaketa sakonei nola erantzun nahi diegun”, adierazi du. “Arkitektura ez da etxebizitza-politikaren apaingarri bat: erantzun duin, efikaz eta iraunkorrak emateko bere ahalmenaren parte da”.

Sailburuak irekiera instituzionala egin eta jarraian, ekitaldian saria aurkeztu dute bi zuzendari antolatzaileek: José Ángel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak eta Wenwen Cai Bordeleko arc en rêve centre d’architecture-koak. Ondoren, bigarren edizio honetako epaimahaiburu Carme Pinós arkitektoak hitzaldi bat egin du, ardatz hartuta bere praktika profesionala eta gaur egun Europako etxebizitza kolektiboak ordezkatzen duenari —eta ordezkatu behar duenari— buruz duen ikuspegia.

Jardunaldia amaitzeko, Carmen Imbernón Europan España-ko idazkari nagusiak moderatutako mahai-inguru bat egin da. Bertan honako hauek parte dute: La Borda proiektuarekin lehen edizioko irabazle izandako Lacol-eko Ernest Garriga-k, ArquinFADen ordezkari eta sariaren enbaxadore Jelena Prokopljević-ek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrinek.

Eztabaidarako gune bat irekitzeaz gain, topaketak aukera eman du 2026ko edizioko parte-hartzeari buruzko xehetasunak ezagutarazteko. Edizio hau zuzenduta dago beren proposamenek pertsonak elkarrekin bizitzeko modua eraldatzen laguntzen duten arkitektura-estudioei, etxebizitza-kooperatibei, sustatzaileei eta entitate publikoei. Horrela, Bartzelona izan da sariaren nazioarteko aurkezpenen txanda berri baten lehen geldialdia, Europan bere irismena eta aintzatespena zabaltzen jarraitzeko sortua.

Bigarren edizio honetako epaimahaia nazioarteko prestigioa duten bost profesionalek osatzen dute, hautagaitzak ikuspegi arkitektoniko, sozial eta hiritarretik ebaluatuko dituztenak: Carme Pinós (Espainia), epaimahaiburua; Jing Liu (Estatu Batuak), SO-ILen sortzaileetako bat; Catherine Sabbah (Frantzia), IDHEALeko zuzendari exekutiboa eta etxebizitza-politiketan aditua; David Madden (Erresuma Batua), soziologoa eta London School of Economics-eko irakasle elkartua; eta Lucia Tozzi (Italia), hiri-ikertzailea eta kazetaria.

Epaimahaiak ekainean Bordelen finalistak iragarri ondoren, Euskadiko Arkitektura Institutuan urrian egingo den zeremonia batean jakinaraziko da sariaren erabakia. Bertan, Europako etxebizitza kolektiboen talenturik nabarmenena bilduko da.

Partaidetza horrekin, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak indartu egiten du Europako etxebizitzaren orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatzen den erreferentziazko espazioetako bere presentzia, eta, aldi berean, sendotu egiten du nazioartekotze-estrategia bat, euskal esperientzia partekatzera eta begirada eta ikaskuntza erabilgarri berriak txertatzera bideratua, Euskadiko politika publikoak hobetzen jarraitzeko.

Amaitzeko, Itxasok defendatu du euskal esperientziak oinarri sendoa eskaintzen duela Europako eztabaida horri zilegitasunez eta anbizioz laguntzeko. “Euskadik elkarrizketa honetan egon nahi du, ez bakarrik egiten duena kontatzeko, baita ikasteko, kontrastatzeko eta hobetzen jarraitzeko ere. Baina jarrera propio, antzemangarri eta hamarkadetan eraikitako batetik abiatuta egiten du hori, uste sendo honetatik, hain zuzen: etxebizitzarako eskubideak politika publiko irmoak eskatzen ditu, baita, aldi berean, hiriari, arkitekturari eta bizikidetzari buruzko gogoeta zorrotza ere”.

La Borda eraikinera bisita

Ekitaldian parte hartu ondoren, sailburuak Bartzelonako Sants auzoko La Borda etxebizitza kooperatibako sustapena bisitatu du gaur goizean, Lacol estudioko ordezkariekin eta proiektua sustatu duen kooperatibako kideekin batera. Bartzelonan lurzoru publikoan eraikitako erabilera lagatzen duen lehen etxebizitza-kooperatiba da La Borda. Erabiltzaileek berek antolatutako proiektu honen helburua etxebizitza duinak, ez espekulatiboak eta erabilera-balioan oinarritutakoak eskaintzea da, aldi berean elkarbizitzarako egitura kolektiboa sustatuz.

Bere garapenarekin, La Bordak erakusten du posible dela eredu berriak bultzatzea hirian etxebizitza eskuragarrien parkea handitzeko. Ekimena 2012an sortu zen, Can Batlló auzotik sortutako proposamen gisa, industria-esparru zaharra eta Sants auzoko kooperatiba-sare sendoa berreskuratzeko prozesuaren esparruan. Eraikina Bartzelonako Udalak 75 urtez utzitako udal orube batean dago, Konstituzio kalean. La Bordaren diseinua prototipo berritzaile gisa planteatzen da, etxebizitza kolektiboaren ekoizpenean eredu kooperatiboak duen eraldaketa-gaitasuna aztertzen duena. Proiektuak ingurumen-inpaktu txikiko eraikuntza baten aldeko apustua egiten du, erosotasuna lortzeko behar den energia-kontsumoa ahalik eta gehien murrizten duten etxebizitza pasiboak eta lankidetzan eta baliabideen erabilera partekatuan oinarritutako bizitzeko modu berriak.

Eraikinaren programa etxebizitza kolektiboaren kontzeptuaren birdefinizioan oinarritzen da. La Bordak 40, 60 eta 75 metro koadroko 28 etxebizitza ditu, espazio komunitarioen sare zabal batez osatuta, eremu pribatutik kolektiboraino zabaltzen dutenak. Besteak beste, sukalde-jangela komunitarioa, garbitegia, erabilera anitzeko guneak, gonbidatuentzako ostatua, osasunerako eta zaintzarako gune bat, solairuentzako biltegiak eta patioa eta teilatupeak bezalako kanpoko eremuak. Espazio horiek guztiak erdiko patio baten inguruan antolatzen dira. Patio horrek «korten» tipologia tradizionalari egiten dio erreferentzia, eta gizarte-bizitzaren elementu artikulatzaile gisa berrinterpretatzen da.