Bengoetxeak eta Albaresek adostu dute Euskadi Unesco eta Turismoaren Mundu Erakundearen kide izatea

0
13/03/2026 Foto. Guillermo Navarro/MAEC Sede MAEC Palacio de Viana, Madrid. Reunión con la vicelehendakari IBONE BENGOETXEA.

Erkidegoak pausu sendoa eman du nazioarteko erabakitze guneetan presentzia bermatzeko

Urrats historikoa Euskadirentzat. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki dute Euskadi Unescoren eta Turismoaren Mundu Erakundearen (UNWTO) kide elkartu gisa sartzea, Nazio Batuen sistemako bi erakunde horiek lotura estua baitute Euskadiren berezko eskumen-eremuekin.

Akordioa bi administrazioen arteko lankidetza-protokolo baten bidez formalizatu da, eta gaur goizean sinatu dute Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak. Ekitaldian izan dira, gainera, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia eta Lucia García Rico Nazio Batuen Erakundeko zuzendari nagusia.

“Hitzarmen hau urrats garrantzitsua da oso Euskadiren nazioarteko presentzia indartzeko, alde askotariko erakundeen bitartez, mota honetako erakundeak inoiz baino beharrezkoagoak diren unean gainera”, adierazi du Ibone Bengoetxea lehendakariordeak.

Kanpora begirako proiekzioa

Akordio horrek Euskadik nazioarteko erakunde horietan berehala parte hartzeko esparrua ezartzen du, eta Euskadiren kanpo-proiekzioa indartzen du alde anitzeko gune estrategikoetan, Euskadi Globala nazioarteko estrategiak lortu nahi duen bezala. Urrats horrek bat egiten du estrategia horrekin, baita Pradales lehendakariak jarritako helburuarekin, hots, gure herriaren presentzia bermatzea euskal gizarteari eragiten dioten erabakiak hartzen diren gune guztietan.

Konpromisoaren arabera, Euskadik berehala izendatuko du bere ordezkaria Unescoren aurrean (Parisen du egoitza), Estatuak nazioarteko erakundearen aurrean duen ordezkaritza iraunkorraren parte gisa, bai eta haren ordezkaria ere, Madrilen egoitza duen Turismoaren Mundu Erakundearen aurrean, bi kasuetan, erakunde horien lanetan, bileretan eta konferentzietan zuzenean parte har dezaten hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren arloetan, bai eta turismo jasangarria, berrikuntza eta nazioarteko lankidetza garatzeko ere.

Akordio horrek berekin dakar Unescoko kide elkartuaren estatusa formalki eskuratzea (egoitza Parisen du), bai eta Turismoaren Mundu Erakundearena ere (egoitza Madrilen du). Erakunde horien hurrengo batzar orokorrak 2027an egingo dira.

Eusko Jaurlaritzatik, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazi du akordio hori «urrats garrantzitsua dela Euskadiren nazioarteko presentzia indartzeko, erakunde multilateralen bidez, bereziki erakunde horiek inoiz baino beharrezkoagoak diren une geopolitiko honetan», eta aukera bat dela Euskadirentzat interes berezia duten esparruetan (kultura, hizkuntza, ondarea, hezkuntza, zientzia, turismoa eta iraunkortasuna) solaskide izateko eta eragina izateko gaitasuna handitzeko.

Bengoetxeak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du Euskadik «ahots propioa» izan dezan presentzia izan dezakeen nazioarteko erakunde eta foro guztietan, «Euskadiren interesak defendatzeko aukera izan dezagun autogobernuaren mugak zabaltzeko gure ikuspegitik eta bokaziotik», azpimarratu du lehendakariordeak.

Erakunde horietan Euskadik duen parte-hartzea berezko eskumen zabalak dituzten gobernuak foro multilateraletan inplikatzeko joera gero eta handiago batean kokatzen da, eta esparru juridikoarekin erabat bateragarria den moduan egituratzen da.