Eusko Jaurlaritzak digitalki gaitua, segurua eta etorkizunerako prestatua den hezkuntza-komunitatea bultzatzen du

0
  • “ADIMEN DIGITALA – Euskal Hezkuntza-sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana 2025/2029” estrategiaren helburua da euskal hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitala bermatzea, modu jasangarri, inklusibo, seguru eta kritikoan, ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatuz.
  • Besteak beste, neurri hauek hartu dira: software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propio bat garatzea (IRADI), segurtasun digitala sustatzea, datuak babestea eta irakasleen trebakuntza teknopedagogikoa indartzea, hezkuntza-baliabide irekiak eta euskarazko eduki digitalak garatzea.
  • Planak 271 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du, eta bat dator eraldaketa digitalerako Europako estrategia eta esparruekin.

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu du “ADIMEN DIGITALA- Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana 2025/2029” estrategia, datozen urteetan euskal hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta digitalki gaitua, segurua eta etorkizunerako prestatua den hezkuntza-komunitate baterantz aurrera egiteko estrategia berria. Ekimena Euskadiko ikastetxeetako, derrigorrezko etapetako (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza), Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 600 zuzendariren aurrean ezagutarazi da.

Estrategiak 271,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2029ra arte, eta ikasleak gero eta digitalagoa den gizartearen erronketarako prestatuko dituen hezkuntzarantz aurrera egitea eta, aldi berean, teknologiaren erabileran ekitatea, segurtasuna eta ongizatea bermatzea du helburu.

Aurkezpenean, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak aditzera eman du hezkuntzaren digitalizazioak pertsonak erdigunean jarri behar dituela beti, “teknologia ez da berez helburua, ikaskuntza hobetzeko, aukera-berdintasuna indartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko gazteak XXI. mendeko erronketarako prestatzeko tresna baizik”.

Gainera, azaldu du, estrategiaren bidez, digitalki eskumena duen eta teknologiaren erabilera arduratsuaren jakitun den hezkuntza-komunitatea finkatu nahi dela; “etorkizunerako prestatutako hezkuntza berritzaile eta inklusiborako bidean aurrera egin nahi da, ikasleek, irakasleek eta familiek modu aktiboan parte har dezaten kultura digital seguru eta kritikoaren eraikuntzan”.

Sailburuak, halaber, planaren izaera irekia azpimarratu nahi izan du, “ADIMEN DIGITALA ez da dokumentu itxia, estrategia bizia baizik, sortzen diren erronkei erantzuteko proiektu eta ekimen berriak garatu eta txertatuko dituena”.

Ildo horretan, ikastetxeei mezu zuzena helarazi die, “eraldaketa hori ikasgeletan gertatzen da. Horregatik, entzun nahi dizuegu eta irakasleen eta hezkuntza-taldeen esperientzia izan nahi dugu”.

TEKNOLOGIAREN ERABILERA ARDURATSUA

“Adimen Digitala 2029” Planak hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitala bideratzen duten sei printzipio ditu ardatz: pertsona trebatuak garatzen laguntzea, aniztasunarekiko arreta eta ekitate digitala bultzatzea, hezkuntza hibridoa, malgua eta irekia eskaintzea, burujabetza digitala bultzatzea, pertsona trebatuak garatzen laguntzea, aniztasunarekiko arreta eta ekitate digitala bultzatzea, hezkuntza hibridoa, malgua eta irekia eskaintzea, burujabetza digitala bultzatzea, segurtasun digitala bermatzea eta teknologiaren erabilera segurua, osasungarria eta arduratsua sustatzea.

Estrategiak bi dimentsio osagarri konbinatzen ditu. Batetik, teknologikoa, azpiegitura, tresna eta baliabide digitalen garapenean zentratua. Eta, bestetik, giza dimentsioa, dimentsio etiko, inklusibo eta arduratsua, teknologia digitalen arloko prestakuntzan, alfabetatze mediatikoan eta erabilera kritiko eta arduratsuan arreta jartzen duena.

Ikuspegi horretatik abiatuta, Planak hezkuntza-sistemaren bost esparrutan planteatzen ditu jarduketak: hezkuntza-sistema bera, ikastetxeak, ikaskuntza-prozesua, irakasleak eta ikasleak.

Neurri nagusien artean, nabarmentzen dira software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa (IRADI) garatzea, segurtasun digitala eta datuen babesa sustatzea eta irakasleen prestakuntza teknopedagogikoa indartzea. Era berean, estrategiak hezkuntza-baliabide irekien eta euskarazko eduki digitalen garapena sustatuko du, baita teknologia digitaletan oinarritutako metodologia berritzaileak barne hartzea ere, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hobetu daitezen.

Ikasleen kasuan, Planak bereziki indartzen ditu alfabetatze digitala, pentsamendu konputazionala, programazioa eta teknologiaren erabilera kritiko, seguru eta arduratsua, belaunaldi berriak gero eta ingurune digitalizatuago baterako prestatzeko helburuarekin.

Bestalde, sailburuak estrategia horrek datozen urteetan izango duen garapenean eragina izango duten erronketako batzuk aipatu ditu. Erronka horien artean daude: alfabetatze digital eta mediatikoan aurrera egitea, ikasleek informazioa irizpidez aztertzen ikas dezaten; desinformazioa eta fake news-ak identifikatzen eta borrokatzen laguntzea; eta gero eta alderdi garrantzitsuagoei arreta jartzea, hala nola ikasleen ongizateari eta emozio-osasunari ingurune digitalean.

IKASTETXEETAN ESTRATEGIA PARTEKATZEKO JARDUNALDIA

Planaren aurkezpena Euskadiko ikastetxeetako arduradunekin egindako lan-jardunaldi baten barruan egin da. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuaren hitzekin eman zaio hasiera topaketari, eta, ondoren, estrategiaren printzipioak, eragin-eremuak eta jarduera-ildo nagusiak azaldu dituzte Lucia Torrealday Hezkuntza Politiketako sailburuordeak eta Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak.

Jardunaldian, gainera, Mar Camacho Rovira i Virgili Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Hezkuntza Teknologiako irakasleak “Adimen artifiziala aldaketa-garaietan: erronkak eta aukerak hezkuntzan” hitzaldia eman du.

Topaketari amaiera emateko, eraldaketa digitalak hezkuntza-sisteman dituen aukera eta erronkei buruzko mahai-ingurua egin dute Berritzegune Nagusiko Cristina Etxeandiak, Tknikako Aitor Orbegozok eta Deustuko Unibertsitateko María Luz Guenaga Gómezek.