Gobernu Kontseiluak azaroaren 20a Trans Memoriaren Euskadiko Eguntzat joko duen dekretua onartu du

0
  • Ekimenak 4/2024 Legea betetzen du, eta trans pertsonen aitorpena, memoria eta ikusgarritasuna indartzen ditu Euskadin

Gobernu Kontseiluak azaroaren 20a ofizialki Euskadin Trans Memoriaren Eguna izendatzeko dekretua onartu egin du. Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du trans pertsonen aitorpen instituzionalean, erreparazio sinbolikoan eta ikusgarritasunean.

Dekretuaren helburua data ofizial bat ezartzea da, Euskadiko trans pertsonen memoria oroitzeko eta aitortzeko, Trans pertsonak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legean aurreikusitakoa garatzeko. Zehazki, lege honen 6. artikulua Trans memoriari buruzkoa da, eta EAEko administrazio publikoei agintzen die memoria hori berreskuratzeko eta zabaltzeko lan egitea, bai eta oroimen-egun bat eta aitorpen- eta oroimen-gune bat sustatzea ere, toki-administrazioekin koordinatuta eta trans pertsonen defentsan lan egiten duten elkarte eta erakundeekin lankidetzan.

Adierazpen hau trans pertsonen eta transexualen senideen elkarteekin landu eta adostu da, zehazki NAIZEN, ERRESPETUZ eta LORATUZ LOTU elkarteekin, 4/2024 Legearen 6. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Era berean, elkarte horiek proposatu eta adostu dute azaroaren 20a aukeratzea oroitzapen-data gisa, Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Onarpen honekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du gizarte bidezkoago, inklusiboago eta aniztasunarekiko errespetuzkoago batekin duen konpromisoa, eta berariaz txertatzen du LGTBIQ+ pertsonen errealitatea berdintasun-politika publikoen agendan. Jarduera hau XIII. legegintzaldiko Gobernu Programaren 128. konpromisoaren barruan sartzen da.

Memoria Transaren Egunaren deklarazioak genero-identitateagatik diskriminazioa, ikusezintasuna eta eskubide-urraketa jasan dutenen memoria zaintzen lagundu nahi du, eta, aldi berean, trans pertsonek Euskadi pluralago eta demokratikoago bat eraikitzeko egindako ekarpenaren aitorpen sozial eta instituzionala sustatzen du.

Neurri honekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du aurrera egiten jarraitzeko borondatea, eskubideak babesten, desberdintasun historikoak konpontzen eta errespetuan, duintasunean eta pertsona guztien berdintasunean oinarritutako bizikidetza eraikitzen.