- 2026-2028 aldirako deialdiaren helburua gorabidean dauden ibilbide profesionalak finkatzea da
- Laguntzak, gehienez 80.000 eurokoak proiektu bakoitzeko, bat datoz Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuekin
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak laguntza-deialdi bat onartu du gaur, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatua, 2026-2028 aldian Oinarrizko Ikerketako eta/edo Ikerketa Aplikatuko Proiektuak finantzatzeko. Ekimen honen helburua da Euskadiren ahalmen zientifikoa handitzea, kalitatezko ikerketa sustatzea eta ikertzaile gazteei erantzukizuneko eta lidergoko posizioetara iristea erraztea.
Berritasun gisa, deialdiak arreta berezia eskaintzen dio finkatzeko bidean dauden karrera zientifikoak dituzten ikertzaileen lidergoari. Era berean, belaunaldi berriek proiektuak zuzendu ahal izatea bilatzen du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren dinamismoa eta belaunaldien arteko erreleboa indartzeari begira.
Gainera, emaitzak inpaktu handiko foroetan argitaratzea ez ezik, nazioartekotzea eta euskal gizartearen erronka sozial eta ekonomikoak konpontzeko zuzeneko ekarpena ere sustatzen ditu.Aurrekontua, guztira, 1.000.000 eurokoa da, eta proiektu bakoitzeko 80.000 euroko gehieneko finantzaketa ezartzen du. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) akreditatuta dauden erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntzak, besteak beste, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroek (BERC), unibertsitateetako ikerketa-egiturek — laguntzak ez bikoizteko baldintza espezifikoekin — eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek (IKZ).
Proiektuek urtebete eta hiru urte bitarteko iraupena izango dute. Aurten bertan hasiko dira eta 2029ko ekainaren 30a baino lehen amaituta egon beharko dute.
Gazteen lidergoa indartzeko, ikertzaile nagusiak (IP) sendotzeko bidean dagoen plaza bat bete beharko du, hala nola Ikerbasque Research Fellow, Ramón y Cajal, Juan de la Cierva edo irakasle doktore laguntzaileak programetakoa, besteak beste. Taldea gutxienez hiru pertsonek osatuko dute, IP barne, eta horietako bik doktorego-titulua izan beharko dute.
Laguntzek proiektua garatzeko beharrezkoak diren gastuak baino ez dituzte estaliko: laguntzaileak (doktoreak eta doktore ez direnak); material inbentariagarria — altzariak eta kudeaketa-ekipoak izan ezik —; eta material suntsikorra, besteak beste.
Laguntzak norgehiagoka bidez ebaluatuko ditu Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak, eta lehentasuna emango die kalitate zientifiko-teknologikoari, taldearen sendotasunari eta Euskadi 2030 ZTBPren erronketara egokitzeari.






