Konputazio kuantikoak gure eguneroko bizitzan duen eragina izan da 2026ko lehen ETEKIN topaketaren ardatza

0

Donostiako Aquariumak ETEKIN 2026 Ekonomia Topaketa zikloaren lehen saioa hartu du gaur goizean. ‘Konputazio kuantikoak zertan aldatuko du gure eguneroko bizitza?’ izenburupean, teknologian interesa duten enpresa-, finantza- eta teknologia-arloko profesionalak bildu dira topaketan.

Maialen Agirrek, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza zuzendariak; Aitor Bergarak, EHU Quantum Centerreko zuzendariak; eta Joseba Lakak, Tecnaliako Arlo Digitaleko zuzendariak, parte hartu dute saioan, eta erakunde, zientzia eta enpresa esparruko ikuspegi osagarria eman dute.

Jardunaldian zehar, hizlariek nabarmendu dute konputazio kuantikoa datozen hamarkadetako aurrerapen teknologiko handienetako bat dela, eta funtsezko esparruak eraldatzeko gaitasuna duela, hala nola industria, finantzak, zibersegurtasuna edo enpresa-prozesuen optimizazioa. Oraindik garapen-fasean dagoen arren, sektore estrategikoetan pixkanaka nabaritzen hasiko da konputazio kuantikoaren eragina.

Euskadiri teknologia horren garapenean eragile garrantzitsu gisa kokatzeko aukera nabarmendu diote, bere ekosistema industrial, zientifiko eta teknologikoari esker: “Donostian instalatu berri den IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoak,  Euskadi munduko abangoardian kokatzen du. Helburua argia da: ekosistema kuantiko bat eraikitzea garapen ekonomikoa sustatzeko, mundu osoko goi mailako talentua erakartzeko, teknologia-burujabetza indartzeko eta ongizate sozialari ekarpena egiteko”, nabarmendu du Maialen Agirrek.

Era berean, Joseba Lakak, konputazio kuantikoaren balio erantsia bere aplikazioan dagoela adierazi du: “Gakoa ez da teknologia bera, baizik eta non eta nola txertatzen den Euskadiko industria-sarean. Digitalizazio “klasikoan” bezala, aukera ez dago teknologian bertan, baizik eta balio erantsi egokiko aplikazio eta posizionamendu estrategikoetan. Hor dago benetako erronka, eta baita aukera ere”.

Adituak bat etorri dira konputazio kuantikoak gaur egun konputazio tradizionalarekin konpontzen zailak diren konplexutasun handiko arazoei aurre egiteko aukera emango duela esatean: «Biomedikuntzan, molekulen eta proteinen portaera zehaztasun handiagoz simulatu genezake, eta horrek sendagai berrien garapena bizkortu lezake; edo logistikako optimizazio-arazo konplexuak modu eraginkorragoan konpondu, hala nola ibilbideak, baliabideen banaketa edo hornidura-kateak; edo material berriak diseinatzen lagundu, propietate bereziak dituztenak aurkitzeko», adierazi du Aitor Bergarak.

Saioa amaitzerakoan, bertaratutakoek networking gune batean parte hartu dute, ideien trukea eta harreman profesionalen sendotzea ahalbidetu duena.

Lehenengo saio honekin, hiru euskal hiriburuak bisitatuko dituen ibilbide berri bati hasiera ematen dio, erronka ekonomiko eta finantzario handien inguruko eztabaida bultzatzen jarraitzeko helburuarekin. ETEKIN Ekonomia Topaketen hurrengo hitzordua ekainaren 17an  izango da, Gasteizen. Bertan, gizartean kezka gehien sortzen duen gaietako bat jorratuko da: etxebizitzaren krisia eta horrek ekonomian eta gizartean duen eragina.