- Sailburuak estatu arteko mugikortasunaren bideragarritasuna egiaztatu du Budapestetik Stúrovora (Eslovakia) trenez igarota
- Bidaia, Euskal Trenbide Sareak, Europako beste bost herrialderekin batera, bazkide nagusi gisa parte hartzen duen mugaz gaindiko Crosusmob proiektu europarraren parte da
Susana García Chuecak konpromisoa hartu zuen atzo “mugaz gaindiko garraio publikoa ibilgailu pribatuaren benetako alternatiba izan dadin”. Egunotan mugaz gaindiko Europako Crosusmob proiektuaren beste topaketa batean parte hartzen ari den Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak foro horrek “mugaz gaindiko garraio publiko jasangarriari buruzko ikuspegi europar partekatua garatzen jarraitzeko” duen garrantzia nabarmendu zuen.
Lehenengo lan-saioan, Frantzia, Eslovenia, Hungaria, Alemania eta Herbehereetako mugako eskualdeetako ordezkarien aurrean, García Chueca ziur agertu zen honen inguruan: “gure lurraldeen arteko lankidetzak gure herritarren mugikortasuna hobetuko duela eta Europa osoko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-loturak indartuko dituela”.
Hungariako Garraio Ministerioak herrialde anfitrioiaren eta mugakide diren Errumania eta Eslovakiaren arteko garraio-zerbitzuen arloko lege- eta lankidetza-planak aurkeztu zituen. Testuinguru horretan, MÁVek, distantzia luzeko eta eskualdeko autobus eta trenen Hungariako operadoreak, bidaiarien garraio publikoaren kudeaketaren eta eragiketaren zeregina aletu zuen, mugaz gaindiko konexioen eta irisgarritasunaren hobekuntza nabarmenduz.
Era berean, Bidaiarien Garraio Zuzendaritzak pertsonen mugikortasunean izandako esperientziaz, mugaz gaindiko loturetan saihestu behar izan dituzten oztopoez eta etorkizuneko planez hitz egin zuen.
Alderdi teorikoa amaitu ondoren, eguerdian, ordezkaritzak Nyugatiko geltokira joan ziren Eslovakiako Štúrovo hirira eraman zituen trena hartzera. Itzulera, Danubio ibaia zeharkatzen duen eta bi herrialdeen arteko muga den Maria Valeria zubian zehar egin zen.
Topaketa, mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria sustatzeko Crosusmob proiektu europarraren parte da. Bertan, Euskadik Euskal Trenbide Sarearen bidez hartzen du parte, bazkide nagusi gisa, Europako beste bost herrialdetako erakundeekin batera.






