Gobernu Kontseiluak oinarrizko zientziako eta zientzia aplikatuko proiektuetan ikertzaile gazteen lidergoa sustatzeko laguntzen deialdia onartu du

0

Gaurko Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 2026-2028 aldian Oinarrizko Ikerketako eta/edo Ikerketa Aplikatutako Proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdiari. Ekimen honen helburua da Euskadiren ahalmen zientifikoa handitzea, kalitatezko ikerketa sustatzea eta ikertzaile gazteei erantzukizuneko eta lidergoko posizioetara iristea erraztea. Aurrekontua, guztira, 1.000.000 eurokoa da, eta proiektu bakoitzeko 80.000 euroko gehieneko finantzaketa ezartzen du.

Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak nabarmendu duenez, “berritasun gisa, deialdiak arreta berezia eskaintzen dio finkatzeko bidean dauden karrera zientifikoak dituzten ikertzaileen lidergoari. Era berean, belaunaldi berriek proiektuak zuzendu ahal izatea bilatzen du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren dinamismoa eta belaunaldien arteko erreleboa indartzeari begira”.

Proiektuek urtebete eta hiru urte bitarteko iraupena izango dute. Aurten bertan hasiko dira eta 2029ko ekainaren 30a baino lehen amaituta egon beharko dute.

500.000 euro unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat 2026-2027 aldirako Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzen deialdia da, 500.000 euroko zuzkidurarekin guztira. Ekimen honen helburua da unibertsitateen eta enpresen arteko ezagutzaren transferentzia indartzea eta lankidetza hori sendotzea, Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa.

Proiektuak unibertsitateko ikerketa-taldeek garatu behar dituzte, eta egoitza Euskadin duen enpresa baten parte-hartze aktiboa behar dute gutxienez. Laguntzak 100.000 eurorainokoak izan daitezke 12 ikertzaile doktore edo gehiagoko taldeentzat, eta 50.000 eurorainokoak talde txikiagoentzat. Enpresa parte-hartzaileek proiektuaren kostu osoaren % 10 jarri beharko dute gutxienez (gauzatan ere egin daiteke ekarpen hori), eta proiektuek urtebete edo bi urte iraungo dute, aurten hasita.

Basque Team Fundazioaren 2026rako bekak eta laguntzak

Gobernu Kontseiluak goi-mailako kirola sustatzeko Basque Team Fundazioak 2026an emango dituen beken eta laguntzen oinarri arautzaileen deialdiak onartu ditu. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 1.432.300 euro bideratuko ditu, Basque Team Fundazioaren bidez, bi deialdi hauetara.

Basque Team beka-programara 1.027.300 euro bideratuko dira, iaz baino %3,6ko gehiago. Deialdi honen bidez, Basque Team Fundazioak 2026an kirolariei, kirol‑teknikariei eta nazioarteko lehiaketetan jarduten duten epaileei zuzendutako beka‑programa kudeatzeko oinarriak onartu dira. Beken helburua da euskal kirolarien prestakuntza eta lehiaketa nazioarteko ekitaldi nagusietan bultzatzea, bereziki programa olinpiko eta paralinpikoan sartzen diren diziplinetan.

Laguntzen kasuan, Basque Team Fundazioak 405.000 euro bideratuko ditu kirol-erakundeetara. Deialdi honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol‑erakundeen 2026an goi‑mailako kirol‑proiektuak lagunduko dira, eta, hala, kirol‑erakundeek kirolarien prestakuntzan eta nazioarteko lehiaketetarako prestaketa‑egituretan duten eginkizuna sendotu nahi da.

Azaroaren 20a, Trans Memoriaren Eguna

Gobernu Kontseiluak, halaber, azaroaren 20a ofizialki Euskadin Trans Memoriaren Eguna izendatzeko dekretua onartu egin du. Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du trans pertsonen aitorpen instituzionalean, erreparazio sinbolikoan eta ikusgarritasunean.

Dekretuaren helburua da data ofizial bat ezartzea, Euskadiko trans pertsonen memoria oroitzeko eta aitortzeko, Trans pertsonak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legean aurreikusitakoa garatzeko.

Adierazpen hau, Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duen bezala, «trans pertsonen eta transexualen senideen elkarteekin landu eta adostu da, zehazki NAIZEN, ERRESPETUZ eta LORATUZ LOTU elkarteekin».

Dirulaguntza Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari

Halaber, Gobernu Kontseiluak Asociación de Víctimas del 3 Marzo-Martxoak 3 Elkarteari dirulaguntza ematea onartu du. Laguntza honen bidez, elkarteak 35.000 euro jasoko ditu 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaerei buruzko ikerketa-, inbentario-, dokumentazio- eta zabalkunde-lanak bultzatzen jarraitzeko.

Dirulaguntza honek jarraipena ematen die 2024an eta 2025ean emandakoei, zenbateko berarekin. Finantziazio-lerro honekin jarraituz gero, ikerketa-proiektuak ez dira etengo, eta gertatutakoaren azterketa zorrotza, dokumentu-iturri berrien identifikazioa eta martxoaren 3ko memoria historikoaren transmisioa indartuko dira.

EKI Plana indartzeko aldi baterako programa

Azkenik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio EKI Plana ezartzeko teknikariak indartzeko aldi baterako programari, programa hau baita Euskadiko Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsonen eraldaketaren giltzarria. EKI Planaren helburuak dira araudia eta prozedurak ingurune digitalera egokitzea, erregistroaren eta merezimenduen kudeaketa hobetzea eta hautaketa-prozesuen kudeaketa indartzea. Azken puntu honi dagokionez, 2026an 4.749 plazako deialdi bat egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena