Apirilaren 18an familian mugikorrik gabe igarotzeko lehen eguna ospatuko du Euskadik

0

• Familiek mugikorrak zainduta egongo den poltsa seguru batean uzteko aukera izango dute, baita adostutako ordu kopuruan mugikorrik gabe esperimentatzeko aukera ere.

 

• Hala nahi duten familiek teknologia kontzienteago erabiltzeko konpromisoa adierazi ahal izango dute, Familia Konpromisoa izeneko agiria sinatuz.

 

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak antolatuta, Eusko Jaurlaritzak Familian Mugikorrik Gabeko Lehen Eguna ospatuko du apirilaren 18an, larunbata, Bilbon, Donostian eta Gasteizen kokatutako hiru gune parte-hartzailetan. Egun honen helburu nagusiak dira familien ongizate emozionala eta harreman-ongizatea sustatzea, mugikorraren erabilerak eguneroko bizikidetzan duen eraginaz jabetzea eta orientazio digital positiboa sustatzea. Era berean, familian partekatutako akordioak indartu nahi dira.

«Mundu hiperkonektatu batean, mugikorra gure eguneroko bizitzaren parte da. Informazioa ematen digu, konektatzen gaitu eta zeregin asko errazten dizkigu. Baina batzuetan, konturatu gabe, hurbilen ditugunengandik ere urruntzen gaitu. Mugikorrik gabeko Egunak etenaldi kontziente eta borondatezkoa proposatzen du telefonoaren erabileran, teknologiaren erabilera orekatuagoa, arduratsuagoa eta osasungarriagoa sustatzera bideratuta. Kontua ez da digitalizazioa eta aurrerapen teknologikoak zalantzan jartzea, baizik eta pertsonak erdigunean jartzea, gailuekiko harreman kontzienteagoa sustatuz eta lotura sozialak, topaketa komunitarioa eta erabateko arreta indartuz» azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.

Apirilaren 18an, larunbata, hiru gune egokituko dira Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan, familia guztiei zuzenduta, seme-alabak dituztenei eta baita umerik gabekoei ere. Doakoa izango den eta herritar guztiei irekia izango den jarduera honen helburuak honakoak dira: erritmoa jaistea, mugikorra ordu batzuez alde batera uztea eta tarte hori aprobetxatzea hitz egiteko, jolasteko, elkarri entzuteko eta familian gozatzeko, pantailarik gabe.

Hori guztia, modu askean eta borondatez, erronka txiki bat onartuz: mugikorrak zaindutako poltsa seguruetan ordu batzutan (familiarekin adostuta) uztea. Poltsa horiek Bilbon, Donostian eta Gasteizen ezarritako espazioetan egongo dira, denbora bat mugikorrik gabe emateko eta ohitura digitalei buruz hausnartzeko. Espazioak 11:00etatik 19:00etara egongo dira irekita, etenik gabe, eta nahi duten familiek teknologiaren erabilera kontzienteagoaren aldeko konpromisoa adierazi ahal izango dute, Familia Konpromisoa sinatuz.

Familia Konpromisoaren sinadura sinboliko horretan, parte-hartzaileek zeintzuk proposamenekin bat egin aukeratu ahalko dute; hona hemen proposamen horietako batzuk:

– Mugikorraren erabilerari baino familiaren uneei lehentasuna ematea.

– Teknologiaren erabilera arduratsuaren eredu izatea, bereziki pertsona helduak.

– Familian pantailarik gabeko jarduerak sustatzea.

– Mugikorraren erabilerari buruzko familia-akordio argiak ezartzea.

Familian Mugikorrik Gabe igarotzeko Egun honetan ezarritako espazioetan langile kualifikatuak egongo dira, familian edo komunitatean esku hartzeko eta euskaraz zein gaztelaniaz aritzeko gai direnak, konfiantza-giroa sortuz eta dinamikak Euskadin dauden familia-errealitateen aniztasunera egokituz. Laguntza hori ezinbestekoa izango da informazio esanguratsua ateratzeko, mugikorraren erabilerari buruzko pertzepzioak hautemateko eta bizikidetzan duen eraginaz jabetzeko.

Esku-hartzeak familien inplikazioa indartzen duten eta etxean ikasten jarraitzea errazten duten elementuak barne hartzen ditu. Horretarako, bi opari sinboliko emango dira:

1. Oihal pertsonalizatuko poltsa berrerabilgarria, konpromisoa onartzean telefono mugikorrak sartzeko erabiliko dena eta erronkaren hasiera irudikatuko duena.

2. Sakelako telefonoentzako euskarri bat (kutxa edo antzeko beste gailu bat), esperientzia osatu eta gero behin etxera itzulita, etxeko kide guztien mugikorrak bertan uzteko eta deskonexio digitalaren praktika errepikatzeko pentsatua.

Ekintza horien konbinazioak (zuzeneko bizipena, laguntza profesionala, informazio-bilketa egituratua eta ohituraren jarraipena errazteko materialak ematea) mugikorraren erabilerari buruzko familia-gogoeta sustatzea, kideen arteko komunikazioa hobetzea eta etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko ikaskuntza erabilgarriak sortzea du helburu.

«Ekimen hau Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeen V. Planaren ekintzen barruan dago. Plan horrek familia-ingurune osasungarriak, kalitatezko harremanak eta teknologien erabilera orekatua sustatzen ditu. Haurrek eta nerabeek teknologiak erabiltzeari buruzko prebentzioa, detekzioa eta hezkuntza funtsezkoak dira eta horretan ari gara; dagoeneko hainbat familia-kolektiborekin eta gaian adituak direnekin biltzen eta lan egiten ari gara, guretzat familia-ingurunean pantailak modu osasuntsuan erabiltzea apustu sendoa delako, eta Familian Mugikorrik Gabe igarotzeko Egun hau horren adibide garbia da» gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Hau guztia, non?

Donostia: Okendo plaza (Victoria Eugenia Antzokiaren ondoan)
Bilbo: Casilda Iturrizar parkea (Tonnettiren eskulturaren ondoan)
Gasteiz: Posta kalea 2, Urrezko Zeledonen plazan, «Isiltasun Oihuka» eskulturaren aurrean