Salburuako alokairuko babes ofizialeko 225 etxebizitzen obrak hasi dira eta 2028ko udan entregatuko dira

0
  • Visesak sustatu eta Alokabidek kudeatuko dituen etxebizitzak logela batekoak, bikoak, hirukoak eta laukoak izango dira, eta 30,4 milioi euroko obra-aurrekontua izango dute
  • Sustapen hori Eusko Jaurlaritzak eta Udalak sinatutako lehen hitzarmenaren parte da. Hitzarmenak 1.002 etxebizitza eraikitzea barne hartzen du, hasieran aurreikusitakoak baino 42 gehiago, proiektuen idazketan kopuru handiagoa lortu ondoren. Horietako 318 etxebizitzatan jendea bizi da jada
  • Denis Itxaso sailburuak lehen harria jartzeko gaur egin den ekitaldian jakinarazi duenez, “36 urtetik beherako gazteentzat izango dira etxebizitzen % 50”

Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Salburua auzoan alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 225 etxebizitza eraikitzeko obrak hasi ditu asteazken honetan. Jarduketa estrategikoa da, Arabako hiriburuko etxebizitza-parke publikoaren garapena indartzen baitu. Lehenengo harria jartzeko ekitaldiak sustapenaren hasiera sinbolizatzen du. Visesak bultzatu eta, ondoren, Alokabidek kudeatuko duen sustapenaren lanei martxoaren 2an eman zitzaien hasiera modu ofizialean. Ekitaldian parte hartu dute Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Maider Etxebarria hiriko alkateak, Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordeak, Borja Rodríguez Hiri Ereduko, Hirigintzako, Etxebizitzako, Garbiketako eta Ingurumeneko zinegotziak, Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusiak, proiektua idatzi duen taldeko ordezkariek (I-INGENIA Ingeniería y Arquitectura, SL eta A54 Arquitectos enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartea) eta eraikuntza-enpresako ordezkariek (Construcciones ACR SAU).

Itxasok jarduketa kokatu du Eusko Jaurlaritzak eta Udalak hirian etxebizitza babestuen eskaintza handitzeko elkarrekin gauzatzen ari diren estrategiaren barruan, eta nabarmendu du bi erakundeen artean sinatutako lehen hitzarmenak hasiera batean 960 etxebizitza aurreikusten zituen arren, azkenean Salburuan 1.002 etxebizitza eraikitzeko aukera emango duela, proiektuak idaztean etxebizitza kopuru handiagoa lortu ondoren. Horri bigarren hitzarmen bat gehituko zaio, beste 950 etxebizitza aurreikusten dituena, gehienak Zabalganan, eta 250-300 gehiago ere izan litezke Zabalgana eta Lakua-Ibaiondoko lurzoruetako zuzkidura-apartamentuen bidez, guztira 1.250 etxebizitza izateko. Testuinguru horretan, “sustapen hau ahalegin jarraitu eta partekatu baten parte da, eta, ahalegin horri esker, Salburua da Euskadiko etxebizitza babestuen polo nagusietako bat”.

Bestalde, Etxebarriak aditzera eman duenez, “sustapen honek erantzun publikoa indartzen du herritarren etxebizitza-eskariaren aurrean. Proiektu hau garabiez edo zementuaz haratago doa. Eraikin horiek emantzipatu ahal izango diren eta Gasteizen bizitza-proiektua finkatu ahal izango duten pertsonen etxe bihurtuko baitira. Gaur egun Etxebideren zerrendetan dauden eta higiezin-merkatuaren kapritxoen mende egon ezin diren pertsonak dira. Erakundeok alternatiba duinak eskaintzeko betebeharra eta konpromisoa dugu, eta bide horretan lanean jarraituko dugu”. Alkateak Eusko Jaurlaritzarekin 2024an sinatutako hitzarmenaren sustapen bakoitzaren egoera errepasatu du, eta, jakinarazi duenez, “duela bi urte iragarritako mila etxebizitzetatik 318 dagoeneko entregatu dira, eta gaur beste 225 eraikitzeko obrei ekingo diegu. Hau da, hitzarmenean aurreikusitako 1.002 etxebizitzetatik 543 entregatu dira jada, edo eraikitzen ari dira”.

Bestalde, ekitaldian, Visesak sustapenaren azalpen teknikoak eman ditu, eta, ondoren, lehenengo harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin da. Alkateak eguneko egunkariaren ale bat sartu du ontzi batean, sailburuak proiektuaren planoekin batera sinatutako zuinketa-akta erantsi du eta, azkenik, giltza sinboliko batzuk utzi dira, etorkizuneko adjudikaziodunak irudikatuta.

Sustapena Salburuako “13. Larrein” sektoreko RCP-1A eta RCP-1B partzeletan garatzen da —5.900 metro karratu baino gehiago dituzte eta eraikuntza-unitate bakarra osatzen dute—.Bi partzelak zokalo komun baten gainean finkatzen dira. Zokalo horrek beheko solairuak, sotoak eta atxikitako urbanizazio pribatua barne hartzen ditu, betiere diseinu-malgutasuna ahalbidetzen duen plangintzarekin koherentziaz eta hirian egoki integratuta. Proiektuak izaera trinkoko bi dorre eraikitzea aurreikusten du. A dorreak 16 solairu eta 78 etxebizitza izango ditu, eta tren-azpiegituratik urrunen dagoen eremuan egongo da, inpaktu akustikoa minimizatze aldera. B dorreak, berriz, 147 etxebizitza eta 13 eta 14 altuerako bi ataletan banandutako bolumetria izango ditu, aireztapen gurutzatua erraztuko du eta zarata eta proiektatutako itzalak murriztuko ditu. Osotasunean, etxebizitzen % 56k hegoaldera begiratuko dute eta % 52k orientazio bikoitza izango dute, bizigarritasun-baldintzak hobetuta.

Logela bateko, biko, hiruko eta lauko etxebizitzak

Tipologiari erreparatuta, sustapenak gela bateko 26 etxebizitza, bi logelako 163 etxebizitza (mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bederatzi), hiru logelako 32 etxebizitza eta lau logelako 4 etxebizitza barne hartzen ditu, dagoen eskariaren aniztasunari erantzute aldera. Itxasok nabarmendu du horrelako jarduketak egiturazkoak direla Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikan, eta, adierazi duenez, “225 etxebizitza hauek prest egongo dira 2028ko udan adjudikaziodunei emateko —36 urtetik beherako gazteentzat izango dira etxebizitza horien % 50—”.

Ikuspuntu arkitektonikotik, osotasunak irudi soil eta iraunkorraren aldeko apustua egiten du, eraikinen mantentze-lanak murrizten dituzten eta bizitza baliagarria handitzen duten hormigoizko panel aurrefabrikatuetan oinarrituta. Beheko solairua espazio ireki, jarraitu eta garden gisa diseinatzen da, eta, horrela, hiri-segurtasuna eta -kalitatea indartzen ditu. Merkataritza-lokalak izango ditu espazio publikoaren sestran. Sotoak 216 plazako aparkalekua izango du —horietako bederatzi egokituak—, eta lursailaren iragazkortasuna maximizatzeko eta akuiferoaren karga errazteko moduan eraikiko da, aireztapen eta argiztapen naturaleko soluzioen bidez. Gainera, 9 plaza izango dituen lur gaineko beste aparkaleku bat egongo da beheko solairuan, partzela pribatuan, 225 plazara iristeko, etxebizitzako bat.

Sailburuak horrelako garapenak ahalbidetzen dituen erakunde-arteko lankidetza-ereduaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta gogorarazi du Gasteizek duela, Bilborekin batera, Euskadin eraikitzen ari diren etxebizitza babestuen bolumen handienetako bat. Ildo horretan, adierazi du udalek lurzorua lagatzea funtsezkoa izan dela azken urteotan sustapen publikoaren erritmoari eutsi ahal izan dakion, eta gaur egun Sailak sustatutako hamar etxebizitzatik sei baino gehiago tokiko administrazio horiek lagatako partzelen gainean altxatzen direla. “Gaur egun, 21 sustapenetan abian ditugun 1.668 etxebizitzetatik 1.034 Gasteizen eta Bilbon daude, hamaika sustapenetan banatuta”, zehaztu du Itxasok. Horrez gain, jakinarazi du, denboran izan duten jarraipenari esker, hiri horietan alokairuko etxebizitza babestuen eraikuntza ez dela azken hamabost urteetan eten eta bizitegi-merkatuan dagoen presioa arintzen lagundu dutela.

Jarduketak 30,4 milioi euroko egikaritze-aurrekontua du, 32,3 milioitik gorako inbertsio orokorraren barruan, eta aurreikusten da etxebizitzak 2028ko apirilean eskrituratzea Alokabiderekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak 2024an sinatutako hitzarmenean jasotako konpromiso fiskalak baliatuko ditu sustapenak. Hitzarmen horren indarrez, Udalak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) ordenantzaren aldaketa bultzatuko du, interes bereziko edo udal-erabilerako jarduketetan % 95erainoko hobariak gaitzeko. Sustapen horrek hobari hori jaso ahal izango du, etxebizitza soziala baita, eta, horrela, haren bideragarritasun ekonomikoa eta eragin soziala indartuko dira.

Eskatzaileen ia % 88k alokairua bilatzen dute

Horrelako jarduketen premia argi islatzen da eskariaren datuetan. Gaur egun, Gasteizekin lotzen diren 18.492 bizikidetza-unitate daude inskribatuta Etxebiden, eta horietatik 16.240 unitatek (% 87,8) alokairuko etxebizitza eskatzen dute. Horien artean nabarmentzen dira 36 urtetik beherakoen 5.100 eskaera baino gehiago eta pertsona bakarreko 9.700 bizikidetza-unitate inguru. Sustapen honen kasuan, urteko 9.000 euro eta 46.463,29 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak sartu ahal izango dira, eta tarte horretan 8.919 eskatzaile daude.

Jarduketa sartzen da Salburuan 1.002 etxebizitza eraikitzeko hitzarmenean aurreikusitako sustapenaren barruan. Etxebizitza horietatik, 318 etxebizitza entregatu dira jada —alokairuko babes ofizialeko 152 eta 166 etxebizitza, hurrenez hurren—.Orain eraikitzen hasiko diren 225 etxebizitzak martxan dauden beste jarduketa batzuei gehitu behar zaizkie: babestutako 162 etxebizitzen sustapena obraren lizitazio-prozesuan dago, eta 75, 64, 92 eta 66 etxebizitzen sustapenek —459 etxebizitza guztira— “proiektua esleituta dute eta obrak 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran lizitatzea aurreikusten da”, adierazi du Itxasok. Horiei gehitu behar zaizkie, halaber, Bustaldean birgaituko diren 42 etxebizitzak —Europan 18 proiektuaren proposamen irabazlea hartu da lan-oinarri gisa—.

Osotasunean hartuta, eremu honen garapenak Euskadiko alokairu-parke publikoaren hedapen-eremu nagusien artean finkatzen du Salburua —gero eta handiagoa den eskaerari erakunde-arteko lankidetzaren bidez eta etxebizitza babestu berria etengabe bultzatzearen bidez erantzutea helburu duen estrategiaren ildotik—.