Javier Hurtado sailburua: “Euskadi turismoaren abangoardian kokatuta dago”

0

elDiario.es egunkari digitalak antolatutako ‘Todo un país de turismo V. Vanguardia responsable’ foroaren beste edizio bat egin da. Jardunaldiak erakundeetako ordezkariak, aditu akademikoak eta turismoaren sektoreko buruak bildu ditu, eraldatzen ari den ereduaren erronkak eta aukerak aztertzeko helburuarekin, eta jasangarritasunari, berrikuntzari eta gizarte-inpaktuari erreparatu zaie bereziki.

Topaketan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok parte hartu du, beste hizlari nabarmen batzuekin batera (Industria eta Turismoko ministro Jordi Hereurekin eta Estatuko Turismoko idazkari Rosario Sánchezekin batera, adibidez), eta funtsezko gaiak aztertu dira, hala nola 2030erako turismo-estrategia, konektibitatea, talentua eta ingurunearen zaintza. Bosgarren edizioak Espainiako turismoaren etorkizunari buruzko gogoeta egiteko erreferentziazko gune gisa sendotu du foroa, eta garapen arduratsuago, inklusiboago eta lehiakorrago baten alde egin du.

Testuinguru horretan, etikaren, jasangarritasunaren eta gobernantza arduratsuaren alde egindako apustuagatik nazioartean ospe handia duen Euskadiko turismo-ereduari buruzko hitzaldi batekin hartu du parte sailburuak jardunaldian. Azken hamarkadetan izandako bilakaerari dagokionez, Euskadik “2011. urteaz geroztik, % 80tik gorako igoera izan du etorritako bisitarien kopuruan, eta nazioarteko turismoa nabarmen hazi da, % 28tik % 48,4ra igo baita 2000. urtetik orain arte”, adierazi du.

Azpimarratu duenez, igoera horrekin batera “turismo-eredua eraldatu egin da; izan ere, hiriburuetatik eskualdeetara zabaldu da, eta turismo-fluxuen lurralde-banaketa handiagoa sustatu da”. Era berean, nabarmendu duenez, kudeaketa aurreratuko tresnak bultzatu dira —hala nola Adimen Turistikoko Sistemak (ATS) eta Helmuga Turistiko Adimendunen (HTA) programak—, eta enpresak gero eta neurri handiagoan atxikitzen zaizkio ereduari, sektorearen lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Era berean, Euskadiko Turismoaren Legean aurreikusitako neurri batzuk aurreratu ditu sailburuak, eta, haien artean, eremu tentsionatuak arautzea, erabilera turistikoko etxebizitzen gaineko kontrola indartzea (lizentzia berriak mugatzea eta erregistroak aldizka berritzea barne) eta merkaturatze-kanalak neurri handiagoan gainbegiratzea. Esku-hartze horrekin, Euskadi erreferentzia gisa kokatu da balio ekonomikoa sortzeko gai den eta, aldi berean, ingurunea zaintzen duen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen duen turismo arduratsuaren eraikuntzan.

Bestalde, sailburuak azaldu du Euskadik 2027tik aurrera aplikatuko diela zerga Euskadiko turismo-egonaldiei. Zerga hori orokorra eta progresiboa izango da, eta bilketa udalerrientzat izango da, eta aparteko zuzkidura izango du turismo-sektorearentzat. Helburua da «Euskadiz gozatzera datorrenak hura hobetzen laguntzea».