- Gaur, Deustuko Unibertsitatean, sexu-indarkeriari eta krisi-zentroen eginkizunari buruzko jardunaldi bat egin da
- Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak indarkeriaren testuingurua ulertzen duten profesionalak izatearen garrantzia azpimarratu du
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Sexu-indarkerian esku hartzeko I. jardunaldia inauguratu du gaur Deustuko Unibertsitatean. Unibertsitateak eta Emakundek berak antolatu dute jardunaldia. Emakundek eta Deustuk bi hamarkada baino gehiago daramatzate emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko prestakuntza-eskaintza bat diseinatzen eta ematen, eta azken bi urteetan sexu indarkeriaren biktimak artatzeko profesionalen prestakuntzarako gradua ere eskaini dute. Lehen jardunaldi hau sexu-indarkerian oinarritu da, eta, zehazki, krisi-zentroen zereginean, zentro hauek baitira sexu indarkeriaren biktimei eskaintzen zaien zerbitzua.
Miren Elgarrestak gogorarazi du prestakuntza espezifikoa duten profesionalen eskaera sozial eta instituzionala dagoela, berdintasunaren arloan onartutako azken legeek hala eskatzen dutelako, baina, era berean, «indarkeria matxistak gure gizartearen egiturazko arazoa izaten jarraitzen duelako eta bereziki garrantzitsua delako indarkeriaren testuingurua eta kausak ulertzen dituzten gero eta profesional gehiago egotea».
Emakundeko zuzendaria Aitziber Aranzazu errektoreordearekin eta Raquel Royo Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Pertsona Adituaren Diplomaren zuzendariarekin batera izan da jardunaldiaren hasieran, eta berretsi du «oso garrantzitsua» dela «sexu-indarkeria ikuspegi integral, intersekzional eta diziplina anitzeko batetik testuinguruan kokatzea».
«Emakundek beti azpimarratu du prestakuntzaren garrantzia, bai indarkeriaren biktima diren emakumeekin esku hartzeko, bai indarkeriaren prebentziorako», azpimarratu du Elgarrestak. Hala, 24 orduko zentroen arretari dagokionez, Emakundeko zuzendariak adierazi du helburua dela artatzen dituzten pertsonek «sexu-eraso bat bezalako gertaera traumatiko eta mingarria jasan dutenengana hurbiltzeko modurik onena ezagutzea, biktimizazio bikoitzak saihestuz eta haien ahalduntzea indartuz».
Jardunaldi honen lehen edizioan, Noelia Fernández Asturiasko Printzerriko Sexu Erasoen Biktimentzako Krisi Zentroko psikologoak hitz egin du. Saioa osatzeko, 24 orduko zentroei buruzko mahai-ingurua egin dute Belén Larrion Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeserako, Gizarteratzeko eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Arretarako zuzendari nagusiak eta Óscar Seco Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarteratzeko zuzendari nagusiak.






