Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Osalanek eta Fiskaltzak hitzarmen bat sinatu dute Euskadin laneko segurtasuna eta osasuna indartzeko

0
  • Euskadin langileen segurtasuna eta osasuna “beste edozein arduren gainetik” daudela defendatu du Mikel Torres Lehendakariordeak
  • Lankidetza-hitzarmenak komunikazio-bideak eta jarduera-protokoloak ezartzen ditu, lan-istripuak murrizten laguntzeko eta bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Lourdes Iscar Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Carmen Adán EAEko fiskal nagusiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute astearte honetan, Bilbon, Euskadiko lan-ezbeharren prebentzioan eta jazarpenean mugarri bat ezartzeko. Gobernu Kontseiluak joan den azaroan onartu zuen hitzarmen horren helburu nagusia da laneko istripuak murrizten laguntzea eta laneko segurtasun eta osasunaren arloan bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzea.

Lehendakariordeak akordioaren garrantzia defendatu du, hain zuzen ere, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean lortutakoa. “Gaur ez dugu hitzarmen bat bakarrik sinatzen. Gaur lehentasun politiko argi bat berresten dugu: Euskadin, langileen segurtasuna eta osasuna beste edozein kontsiderazioren gainetik daude”. Torresek, halaber, nabarmendu du “prebentzioa dela, zalantzarik gabe, irtenbidea”, baina ohartarazi du “ezin dugula ahaztu prebentzioaren arloko legeria ez betetzeak istripu askoren atzean daudela. Eta hala bada, irmotasunez jokatu behar dugu”.

Hitzarmenak beharrezko lankidetza tekniko eta materiala egituratzen du, alde bakoitzak heriotza edo lesio larriak eragin dituzten lan-ezbeharrei buruz eta zigor-arloan eragina izan dezaketen lan-arriskuko egoerei buruz duen jardunari buruz elkarri informazioa emateko bideak daudela bermatzeko. Gainera, protokoloak ezartzen dira laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko zaintzarekin eta kontrolarekin lotutako prozedurak eta jarduerak izapidetzeko.

Torresen ustez, akordioaren abiapuntua funtsezko ideia bat da: “Langileen bizitza, osotasun fisikoa eta osasuna babesteko, koordinazio estua eta iraunkorra behar da gai honetan erantzukizunak dituzten erakunde publikoen artean”. Zentzu horretan, “prebentzio eraginkorrago baterantz” eta langileen eskubideen “babes handiago baterantz” aurrera egiteko “urrats garrantzitsua” dela uste du, lan segurtasun eta osasunaren aurkako arau-hausteak eta delituak “zigorrik gabe gera ez daitezen” eta horrela lan ingurune “seguruago eta osasungarriagoei” laguntzeko.

Prestakuntza eta laguntza teknikoa

Hartutako konpromisoen artean, nabarmentzekoa da Karrera Fiskaleko kideen eta Lan Ikuskaritzako eta Osalaneko langileen arteko lan-bileren programazio bateratua, bai eta jardunaldi teknikoak eta prestakuntza-ekintzak egitea ere, inplikatutako langileen ezagutza juridiko eta teknikoak hobetzeko. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luza daitekeena, eta ez dio inolako kontraprestazio ekonomikorik ekarriko alderdietako inori.

Torres lehendakariordearen esanetan, hitzarmen horrek “indartu egiten du gure erakundeek hobeto babesteko duten gaitasuna”, eta “mezu argi bat” bidaltzen dio gizarteari: “Laneko segurtasuna ez da negoziagarria. Gure helburua anbizio handikoa da, baina uko egin ezin daitekeena: Euskadin lan ezbeharren tasa modu eraginkorrean murriztea ”.