Mugikortasun Jasangarriaren Sailak trenbide-pasagune bi kenduko ditu Berrizen eta Bedian

0
  • Bata azpiko pasagune batekin bideratuko da, eta bestea goiko pasagune batekin 

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak trenbide-pasagune bi kenduko ditu Berrizen eta Bedian. Bi proiektuen administrazio-fasea desberdina da; beraz, lehenengo Berrizko obra egingo da, eta ondoren Bediakoa. Horrela, bada, Euskal Trenbide Sareko, euskal trenbide-administratzaileko, kontratazio-batzordeak, lizitaziora atera ditu Bilbo-Donostia lineako Torretxo trenbide-pasagunea kentzeko lanak. Era berean, Sakarbiko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuaren idazketaren lizitazioa egin du. 

Lehenengo kasuan, lizitatzaileek 2,3 milioi euroko aurrekontua izango dute gehienez, eta egikaritze-epea 12 hilabetekoa izango da. Lan horien bidez, bide berri bat eraikiko da Errotatxoko egungo bidearen zati bat ordezteko, egungo trenbidearen azpiko pasabide baten bidez. 

Soluzio horri esker, inguruko baserrietara normaltasunez sartu ahal izango da, obraren afekzioengatik behin-behineko soluziorik gauzatu behar izan barik. Lehendik dagoen bideak gaur egun dagoen bezala jarraituko du zerbitzuan, eta trenbidearen azpiko bidegurutzea 25 metro mendebaldera egingo da; horri esker, trenbide-pasagunea zerbitzuan egongo da lanak egiten diren bitartean. Lanok amaitutakoan bakarrik kenduko da. 

Berrizko herrigunearen eta Torretxoko trenbide-pasagunearen artean dagoen Errotetxoko bidearen oinplanoko trazadurak bi lerrokadura zuzen ditu, 45 metro inguruko erradioko bihurgune batez lotuak. Udalerritik hurbilen dagoen hasierako tartearen lerrokadura zuzena luzatzen bada, azpiestazio elektrikoaren parean dagoen bidearekin konektatuko da, eta hori izango da trenbidearen azpitik igaroko den bide zati berrirako oinplanoan aukeratutako trazadura, soluzioaren garbitasun eta funtzionaltasunagatik. 

Proposatutako bide berriaren aurretiko bistako trazadurak % 5eko hasierako malda du, dagoen trazadurarena eta lursail naturalarena baino txikiagoa (% 10-15 ingurukoak), trenbide plataformari bide berriaren gainean eutsiko dion hormigoi armatuzko esparrua txertatu ahal izateko. Bidearen sestrak lur naturalarekiko duen sakonune horrek lubaki bat egitea dakar; lubaki horretan trenbide berria eta trenbidearen euskarri-egitura egongo dira. Lubakiaren hondeaketa-lanak 8 metro inguruko altuera duten ezpondak eragingo ditu. 

Bide berriaren trazadura-sestrak trenbidearen azpitik gurutzatzen duenean, horrek lur naturalaren antzeko malda hartzen du, eta azpiestazio elektrikoaren inguruan dagoen bidearen sestrarekin lotzen da. Proposatutako bide berriaren zeharkako sekzioa 7,50 metro da zabal, eta 2,50 metroko zabalera duten bi erreiko galtzada, 2 metroko espaloia eta 0,50 metroko zabalera duen bazterbidea barne hartzen ditu. 

Trenbidearen plataformak bidearen gainean izango duen egitura, lur-isuriei eusteko hegalak izango dituen hormigoi armatuzko marko bat izango da. Markoaren zabalera trenbide bikoitzeko plataforma bat kokatu ahal izateko dago doituta, etorkizuneko trenbidearen bikoizketa aurreikusita. 

Lubakia ohiko bitarteko mekanikoen bidez hondeatuko da, ezpondak epe luzera egonkorrak izan daitezen beharrezkoa den inklinazioarekin. Hormigoi armatuzko markoa trenbide-plataformaren inguruan egingo da, eta, ondoren, katu hidraulikoen bidez horren azpian bultzatuko da. Horretarako, beharrezkoa izango da trenbidearen behin-behineko apeatzea egitea eta zirkulazioaren abiadura murriztea, baita seinale berriak jartzea ere. 

Zerbitzuan jarri ondoren, lanak gaur egun zerbitzuan dagoen trenbide-pasagunea itxiz amaituko dira. Horretarako, Torretxoko trenbide-pasagunean dauden trenbide-instalazioak altxatuko dira (hesiak, automatismoak, seinaleztapenak…), eta trenbide-plataforma itxiko da. 

Kontratazio batzorde berean, ETSk Bediako udalerrian dagoen Bilbo-Donostia lineako Sakarbiko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa lizitatu du. Lizitazioan interesa duten enpresek 145.000 euroko aurrekontua izango dute gehienez, eta egikaritze-epea zortzi hilabetekoa izango da. 

Eraikuntza-proiektuak oinezkoentzako azpiegitura bat zehaztu beharko du Asteitza auzoa –Ibaizabal ibaiaren iparraldean– eta Eroso-Ugarte auzoa –Ibaizabal ibaiaren hegoaldean– lotuko dituzten trenbideen gainean.  

Hegoaldetik trenbide-pasagunera sartzeko, Barroeta eta Eroso-Ugarte auzoak lotzen dituen tokiko errepidetik abiatzen den hormigoizko bide bat dago, 2 metroko zabalerakoa eta malda handikoa. Iparraldetik Ibaizabal ibaia gainditzen duen oinezkoentzako pasabidetik sartzen da.  

Espazio horri trenbide-linearekiko iragazkortasun handiagoa emateko, bi ertzak soluzio irisgarri baten bidez lotuko dituen oinezkoentzako pasabide bat proiektatuko da. Ingurunean modu egokian integratzeaz gain, errespetuzko formak eta material jasangarriak erabiliz, mantentze-lanen beharrak minimizatu beharko ditu. 

Jarduketa horiek, ETSk, segurtasuna, erosotasuna eta zerbitzuaren kalitatea errazteko helburuarekin, trafiko-intentsitate handia duten trenbide-pasaguneak kentzeko gauzatutako politikaren barruan sartzen dira. 2020-2026 aldian, ETSk 20 trenbide-pasagune kendu ditu, horietako 8 Gipuzkoan eta 12 Bizkaian, eta ekitaldi honetan horrelako 4 puntu kentzen ari dira bi lurraldeetan.