Ekonomia Ituna mundu globalizatuan autogobernu eta lehiakortasun eredu sendo gisa defendatu du Ogasun sailburuordeak

0

“Ekonomia Itunak aukera eman du nazioartean zerga-sistema lehiakorrak eraikitzeko, jarduera ekonomiko aurreratu bat garatzera eta kalitatezko enplegua sortzera bideratuta”. Horixe izan da Iñaki Alonso Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko sailburuordeak gaur “Bizkaiko foru eta ogasunaren 500 urte (1526–2026)” Nazioarteko Kongresuaren baitan egindako mahai-inguruan parte hartzeko erabili duen ideia nagusietako bat. Foro horretan arlo akademiko, juridiko eta instituzionaleko adituak bildu dira hiru egunez, euskal foru-sistemaren bilakaera historikoa eta etorkizuneko erronkak aztertzeko.

Iñaki Alonsok “Forua eta Kontzertu Ekonomikoa mundu globalizatu batean” izeneko mahai-inguruan parte hartu du, eta hausnarketarako tartea partekatu du Enrique Lucas Murillo de la Cueva Euskal Herriko Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko katedradunarekin, Susana Serrano Gasteluurrutia Unibertsitate bereko Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakasle titularrarekin eta Gemma Martínez Bárbara Bizkaiko Foru Ogasuneko Aholkularitza eta Zerga Politikako zuzendariordearekin. Mikel Erkoreka González Eusko Jaurlaritzako Baliabide Instituzionalen zuzendariak moderatu du mahaia.

Bere hitzaldian, sailburuordeak balioan jarri du Ekonomia Itunak euskal erakundeei aitortzen dien autonomia arauemailea, bai lurralde historiko bakoitzeko zerga-sistemak diseinatzeko, bai foru-ogasunen araubide juridiko propioa ezartzeko. Adierazi duenez, gaitasun hori funtsezko elementua izan da zerga-eredu eraginkorra eta Euskadiko behar ekonomiko eta sozialetara egokitua eratzeko.

Era berean, nabarmendu duenez, eredu horrek ahalbidetu du Foru Ogasunak hurbilak, irisgarriak, gardenak eta eraginkorrak izatea, segurtasun juridikoarekin eta arauen egonkortasunarekin konprometituak, funtsezko faktoreak baitira herritarrengan eta enpresetan konfiantza sortzeko.

Testuinguru horretan, sailburuordeak gogorarazi du lehiakortasun fiskalak erantzukizunaren eta egonkortasunaren eskutik joan behar duela beti. “Segurtasun juridikoa eta egonkortasuna araugintza-ahalmena bezain aktiboak dira gaur egun, batez ere ingurune ekonomiko global gero eta konplexuago honetan”, azpimarratu du.

Iñaki Alonsok bere hitzaldiaren zati garrantzitsu bat Ekonomia Itunak globalizazioaren eta nazioarteko zerga-koordinazioaren egungo egoeran duen zeregina aztertzera bideratu du. Ildo horretan, funtsezko zerga-figuretan araugintza-ahalmen autonomoa duten itunak egitearen garrantzia defendatu du, besteak beste, hauetan: Zerga Osagarrian, finantza-erakunde jakin batzuen Interesen eta Komisioen Marjinaren gaineko Zergan, eta araugintza-autonomia osoa Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan (IRNR).

“Zerga-figura horietan araugintza-ahalmena izateak aukera ematen digu erronka ekonomiko berriei eraginkortasunez erantzuteko, gure sistemaren oinarri diren foru-printzipioei uko egin gabe”, adierazi du sailburuordeak, eta berretsi du Ekonomia Itunak indarrean jarraitzen duela eta nazioarteko aldaketetara egokitu daitekeela.

Hitzaldiaren bigarren zatian, Alonsok Ekonomia Ituna ezagutzera eman, gizarteratu eta nazioartera zabaltzeko beharra azpimarratu du, euskal foraltasunaren berme gisa. Bere iritziz, Ituna ez da finantzaketarako mekanismo tekniko gisa soilik hartu behar, autogobernuaren eta erantzukidetasun fiskalaren adierazpen gisa baizik.

Hausnarketa hori Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Euskadiko Ekonomia Itunaz gizarteak duen pertzepzioari buruz martxoan Bilbon aurkeztutako azterlanaren emaitzetan oinarritu da. Azterlanaren arabera, EAEko biztanleen % 60k entzun dute Ekonomia Itunari buruz hitz egiten, eta, talde horren barruan, % 40k baino ez dute ondo ezagutzen, eta horrek agerian uzten du beharrezkoa dela haren zabalkundean aurrera egiten jarraitzea.

Hala ere, datuek balorazio sozial oso positiboa islatzen dute: herritarren % 90ek autogestioarekin eta autogobernuarekin lotzen dute, % 87k garapen eta egonkortasun ekonomikoarekin, eta % 85ek ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin Euskadin. “Datu horiek berresten dute Ekonomia Ituna gure ongizate-ereduaren zutabeetako bat dela, nahiz eta ezagutza eta ulermena hobetzeko marjina dugun”, adierazi du Alonsok.

Sailburuordeak nazioarteko kongresu hau bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, foru-sistemaren ezagutza, prestigioa eta proiekzioa indartzen laguntzen baitute, eta autonomia, erantzukidetasuna eta mundura irekitzea Ekonomia Itunaren etorkizunerako bermerik onena izaten jarraitzen duela defendatu du.

Kongresua Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Ituna Agiritegiak (EHU), Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutuak (EHU) eta Ekonomia Itunaren Katedrak (EHU) antolatu dute, Bizkaiko Foruaren bosgarren mendeurrena dela eta. Saioak Bizkaia Aretoan – UPV/EHUn egin dira.