“Gizarte lehiakorra” defendatu du Torres Lehendakariordeak, “baina aurrerabidea denengana iristen dela zainduz, babestuz eta bermatuz”

0
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak bere sailaren konpromiso instituzionalari buruzko mezu argia bidali du: inklusio politiketara bideratzen dituela 127 milioi euro baino gehiago Lanbideren bitartez
  • Mikel Torresek gogorarazi du Enplegu Zentro Berezietan lanpostuak mantentzeko deialdia 76 milioi eurokoa dela, eta kopuru horrek laguntzen duela “milaka pertsonak beren bizi proiektua autonomiaz eta duintasunez garatu ahal izan dezaten”

 

Gizarteratzearen eta laneratzearen euskal ereduari balioa eman dio gaur Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, eta nabarmendu ditu lortutako emaitzak eta arlo horretan aurrera egiten jarraitzeko erakundeen konpromisoa.

EHLABEren, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeen elkartearen, 2025eko balantzearen aurkezpenean, Mikel Torresek azpimarratu du Euskadik “eredu sendo, eraginkor eta aitortua” duela Europa mailan, eta horrek erakusten duela posible dela “lehiakortasun ekonomikoa eta gizarte kohesioa uztartzea».

Lehendakariordeak nabarmendu nahi izan du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Lanbide – Euskal  Enplegu Zerbitzuaren bitartez, arlo horretako aurrekontu konpromisoa hartu duela, 127 milioi euro baino gehiago bideratzen baititu inklusio politiketara. “Inbertsio iraunkor eta gero eta handiagoaz ari gara, eta ez da soilik gizarte politika bat, baita balioa, kohesioa eta aukerak sortzen dituen apustu ekonomiko inteligente bat ere”, adierazi du.

Era berean, gogorarazi du desgaitasunen bat duten pertsonen lanpostuak mantentzeko laguntzen deialdia, 2025-2026 aldirako, 76 milioi euro baino gehiagokoa dela. Ildo horretan, azpimarratu du zifra horien atzean milaka pertsona daudela euren bizi proiektua “autonomiaz eta duintasunez garatu dezaketenak. Enplegu hori bermatzea lehentasuna da Jaurlaritzarentzat”.

Hori guztia adierazle bereziki garrantzitsu batean islatzen da: Euskadin desgaitasuna duten pertsonen jarduera tasa % 45,7koa da, Estatuko altuena eta Estatuko batez bestekoa (% 35,4) baino hamar puntu handiagoa, EHLABEren eta Espainiako Desgaitasunari eta Lan Merkatuari buruzko Behatokiaren datuen arabera. “Datu horiek agerian uzten dute politika iraunkorrak daudenean, lankidetza eta eredu argi bat izanik, emaitzak iritsi egiten direla”, adierazi du.

Lehendakariordeak, halaber, balioan jarri du EHLABEk bultzatutako ereduaren eragina. Eredu horrek, 2025ean, enplegua sortzeko, pertsonei lan ibilbidean laguntzeko eta Euskadi osorako balio ekonomikoa eta soziala sortzeko gaitasuna duela erakutsi du berriro. Iaz, elkartea osatzen duten gizarte ekimeneko 15 erakundeek 8.746 pertsonari eman zieten lana, hau da, aurreko urtean baino 30 pertsona gehiagori, baina EAEn lortutako kopururik handiena desgaitasunen bat duten pertsonentzako enpleguari dagokionez.

Testuinguru horretan, erakundeen, enpresen eta gizarte erakundeen arteko lankidetzaren bidez aurrera egiten jarraitzeko beharra azpimarratu du Torresek. “Laneratzea ezin da eragile konprometitu gutxi batzuen mende bakarrik egon; gizarte osoak partekatu behar du helburu hori”, azaldu du.

Azkenik, gobernu ekintzaren barruan politika horiek duten izaera estrategikoa azpimarratu nahi izan du: “Haztera mugatzen ez den ekonomia batean sinesten dugu, aukerak banatzen dituen ekonomia batean; baztertzen ez duen eta integratzen duen lan merkatu batean; eta beste aldera begiratzen ez duten eta bidezko eraldaketak gidatzen dituzten erakundeetan”.

Mikel Torres Lehendakariordeak lan merkatu inklusiboago, irisgarriago eta bidezkoago baten aldeko konpromisoa berretsi du. “Desgaitasuna duten pertsonak laneratzea ez da sektore politika bat, gure herrialde ereduaren funtsezko pieza bat baizik. Nolako gizartea izan nahi dugun aipatzen du: lehiatzen den gizartea, baina baita zaintzen duena, babesten duena eta aurrerabidea denengana iristen dela bermatzen duena”, gaineratu du.