Bengoetxea lehendakariordea: “Artea funtsezko elementua da bakean, demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako mundu baterako”

0
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordeak euskal programaren hirugarren ekitaldian parte hartuko du Venezian, Bienalean, “I Baschi alla Biennale 1976/2026” kasu-azterketaren inaugurazioarekin
  • Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert, José Antonio Sistiaga, José Mari Zabala, José Angel Rebolledo, Mari Puri Herrero, Damaris Pan, Itziar Okariz eta Tripak kolektiboaren lanak biltzen ditu erakusketak, 2028tik aurrera Euskadik Bienalean espazio propioa izateko helburua indartzen duen proposamen batean

Euskadik Venezian garatu du “I Baschi alla Biennale 1976/2026” proiektuaren hirugarren ardatza, 1976ko euskal presentziaren memoria sorkuntza garaikidearekin lotzen duen proposamen artistiko batekin. Ekitaldia Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zuzendu du, eta Euskal Herriko eta nazioarteko ehun bat eragile kultural eta artistiko bildu ditu.

Bere hitzaldian, lehendakariordeak balioan jarri du arteak eraikuntza kolektiboan betetzen duen zeregina, komunitatea sortzen, balioak transmititzen eta identitatea ikuspegi ireki batetik indartzen laguntzen duela azpimarratuta. Ildo horretan, nabarmendu duenez, arteak “herri gisa batzen gaitu eta munduko beste herri batzuekin konektatzen gaitu”, eta, aldi berean, identitate dinamikoa eraikitzeko aukera ematen du, etengabeko bilakaeran.

Era berean, azpimarratu du sorkuntza artistikoa funtsezko elementua dela balio indibidualak zein kolektiboak garatzeko, eta ezinbesteko tresna gizarte bidezkoagoak, demokratikoagoak eta kohesionatuagoak lortzeko bidean aurrera egiteko.

Memoria eta sorkuntza garaikidea

Proposamen artistikoa iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa gisa egituratzen da, 1976ko Bienalean euskal presentziaren funtsezko lanak bilduta, lengoaia haiek ikuspegi berrietatik eguneratzen dituzten sorkuntza garaikideekin batera.

Atal historikoan, testuinguru hari lotutako piezak aurkezten dira, besteak beste, Néstor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968), José Mari Zabalaren Axut (1975), 1976ko Bienalean aurkeztua, edo José Antonio Sistiagaren film esperimentalak, tartean ere erera baleibu izik subua aruaren… (1968-1970). Era berean, José Angel Rebolledoren Arriluce (1971-1975) eta Mikel Laboaren eta Artze anaien soinu-unibertsoari lotutako materialak ere biltzen ditu, 1976an Venezian presentzia izan zuen berrikuntza poetiko eta musikalaren parte izandakoak.

Pieza horiek sorkuntza garaikidearekin elkarrizketan jarri dira, besteak beste, artista hauen lanekin: Mari Puri Herreroren Juicio de Burgos (manifestación) (1971); Damaris Panen Dobla (2021); eta Itziar Okarizen lan performatiboa, gorputza eta espazioa lengoaia garaikide gisa aktibatzen dituena.

Artea ahots kolektibo gisa

Lehendakariordeak azpimarratu duenez, proiektuak «ahots» kultural baten jarraitasuna islatzen du. Izan ere, duela berrogeita hamar urte, artean adierazpen modu bat aurkitu zuen zailtasun-testuinguru batean, eta gaur egun lengoaia berriekin, aniztasun handiagoarekin eta sorkuntza garaikidean emakumeen presentzia gero eta handiagoarekin proiektatzen da. Ildo horretan, sortze-prozesu horretan laguntzeko eta euskal sistema artistikoa indartzeko konpromisoa nabarmendu du, nazioarteko proiekzioari lotutako estrategia baten baitan.

Jarraitutasuna eta nazioarteko proiekzioa

Programak maiatzaren 8ra arte jarraituko du esku-hartze gehiagorekin, tartean Tripak kolektiboaren performance bat, dimentsio eszeniko eta esperimentala ekarriko duena, hirurogeita hamarreko hamarkadako esploraziorako senari jarraitasuna emanez. Proiektua ikerketa-ildo zabalago baten parte da, eta Artium Museoan aurkeztuko da, Gasteizen. Era berean, lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikoa berretsi du: “Gure herriaren presentzia Venezian puntuala ez izatea nahi dugu. Jarraitasuna izatea nahi dugu. Horregatik, lanean ari gara 2028an Euskadik Bienalean espazio propioa izan dezan”.

Herri proiektu bat

“I Baschi alla Biennale 1976/2026” Eusko Jaurlaritzak gidatutako proiektua da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, eta Artium Museoarekin eta Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitatearekin batera garatutakoa. Ekimenak memoria, sorkuntza eta nazioarteko proiekzioa uztartzen dituen proposamen bat eratzen du, kultura komunitatea eraikitzeko eta munduarekin identitate propio batetik hitz egiteko funtsezko tresna gisa kokatuta.

Presentzia ekitaldian

“I Baschi alla Biennale 1976/2026” kasu-azterketaren inaugurazioko ekitaldia 18:30ean egin da, Palazzo Contarini della Porta di Ferron, aurretik garatutako ardatz instituzional eta akademikoei jarraitasuna emanda. Bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, museoetako arduradunak eta nazioarteko eragile kulturalak, besteak beste, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Beatriz Herráez Artium Museoko zuzendaria, Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusia eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia. Nazioarteko erakunde kulturaletako eta nazioarteko galerietako ordezkariak ere izan dira.