• Gernikako Batzar Etxeak ekitaldi instituzionala jaso du, orain dela 500 urte onartutako eta egungo euskal autogobernuaren erreferentzia juridikoa den testu juridiko horren askatasun, paktismo eta nortasun balioak aldarrikatzeko. 1526ko Foru Barriaren jatorrizko liburua izan da Batzar Aretoaren buru
• Ekitaldian Euskadiko agintari nagusiak izan dira, Imanol Pradales Gil Lehendakaria buru zela
Euskadiko agintari gorenak Gernikako Batzar Etxean bildu dira gaur, 1526tik euskal nortasuna eta autogobernua definitu dituen Bizkaiko Foru Barriaren onarpenaren V. mendeurrena ospatzeko. Ekitaldia sinbolismo instituzionalez beteta egon da, eta printzipio aurreratuak, berdintasuna, askatasunen babesa eta ezberdinen arteko itun instituzionala, besteak beste, finkatu zituzten lege-gorputzari balioa emateko balio izan du. Batzar Aretoaren erdian ikusgai egon den Bizkaiko Foru Barriaren jatorrizko liburua (1526ko edizioa) izan da ekitaldiaren protagonista.
Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria ibili dira anfitrioi lanetan, eta bertan izan dira Imanol Pradales Gil Lehendakaria, Bakartxo Tejería Otermin Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako, Batzar Nagusietako eta hiru lurralde historikoetako Aldundietako ordezkari politikoak eta Eusko Legebiltzarreko kideak.
Ekitaldiak gaur egungo zein iraganeko euskal espektro politiko eta instituzionalaren ordezkaritza zabala ere batu du. Bertan izan dira, besteak beste, Patxi López Álvarez eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak eta José Alberto Pradera Jauregi, Josu Bergara López, José Luis Bilbao Eguren eta Unai Rementeria Maiz Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak. Beste lurralde batzuetako ordezkariak be izan dira, horren artean Irma Basterra Ugarriza Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Xabier Ezeizabarrena Saenz Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria.
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak zabaldu du ekitaldia, bizkaitarren ordezkariek bete ohi duten hemizikloan. Bere esku-hartzean, Ana Otadui Biterik azpimarratu duenez, oroipen ekitaldiak «gaur egun gure eskubideak babesten dituen arau eta printzipio asko Foru Barritik sortuak dirala autortzea dakar», Foru Urian orain dala 500 urte onartutako “adierazpen goiztarra”, “gaur egun Zuzenbide Estaduagaz lotzen diran balioak erakusten dituana”. Balio horreek gaur egun be indarrean dagoz, eta honeek dira, laburbilduta: “Bardintasuna legearen aurrean, askatasun pertsonalaren eta patrimonialaren defentsea, poderearen mugaketea itundutako arauen bidez, berme prozesal aurreratuen existentzia eta emakumeak bardintasunez autortzea, guztiak be garai haretan Europan oso ohikoak ez ziran alderdiak”.
Ildo horretan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gogora ekarri dau printzipio horreek indarrean dagozala, eta adierazo dauenez Forua “gure iragana eta gure nortasun historikoaren funtsezko piezea da. Orain dala milurte erdi, bizkaitarrek euren buruak berbearen, kontrastearen eta akordioaren bidez gobernetea erabagi eben modua adierazoten dau”. Ganeratu dauenez, oinarri historiko hori «gaur egungo errealidadea da, gaur egun funtzionetako gure modu espezifikoa definiduten dauena; hau da, gure oraingo autogobernuaren berezitasuna ondoen sinbolizetan dauena «. Etxanobek azpimarratu dauenez, Foruak indarra dauka orain. “Persona batek bere zergak Foru Ogasunari, eta ez Madrili, ordaintzen deutsozanean, Foruari esker egiten dau. Aldundiak errepideak, gizarte-zerbitzuak edo enpleo-politikak kudeetan dituanean, foru-sisteman jarduten dau. Ekonomia Ituna eta foru-eskumenak hemen, Gernikan, orain dala bostehun urte jorratu zanaren itzulpen garaikidea dira”, esan dau.
Imanol Pradales lehendakariak, bere aldetik, Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena ospatzea euskal autogobernuaren berezitasun historikoaren erabateko indarraldia berresteko aukera dela azpimarratu du, izan be, bere eretxiz, milurteko erdi geroago Bizkaiko Foru Barriak jasotzen zituzten balio berberek indarrean jarraitzen dute. Imanol Pradalesek “itunerako espiritua, aldebikotasun eraginkorra, berme sistema eta autogobernu politiko, ekonomiko eta fiskala” azpimarratu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak kendu zirenetik 125. urte betetzen diren den urtean. “Alde bakarreko indarbakotzeak preskribidu ezineko eskubide historikoak dagozala be erakutsi zuen. Eskubide horrek eratzeko gaitasuna dakarte, eta euskaldunok horren aitortzea eta eguneraketa defenditzen eta aldarrikatzen jarraitzen dugu”, berretsi du Lehendakariak. Hori dela eta, ondorioztatu duenez, euskal autogobernuaren eguneratzeak –erronka barriei erantzuteko gaitasun politiko berriekin, horren artean migrazioa, Euskadiren parte-hartzea eta Europan daukan proiekzioa eta “gure garapen nazional osoa”, besteak beste– gure aurrekoak gidatu ebazan maximari jarraitu behar dio: “Zirelako erabaki zuten eta erabakitzen zutelako ziran”.
Erakundeen esku-hartzeen artean, Foru Barriaren jatorrizko testuaren inguruan antzeztutako hainbat emanaldi tartetu dira. Argitalpen horrek hemizikloaren erdigunea hartu du, eta iraganari buruzko oroitzapenak izan dituan proposamen eszenikoaren funtsezko elementua izan da. Nerea Vesgak Ivan Allue txirulariak interpretatu duten musika dantzatu du, Gabriel Ocinaren bertsoek oinarri juridikoaren jatorriari eta garapenari beste zertzelada narratibo bat jarri dieten bitartean.
Ekitaldiari amaiera emateko, agintariek ospakizunaren leloa berretsi dute: “Izan zirelako gara”, Foruaren ondare historikoa euskal erakundeek demokraziarekin eta justiziarekin etorkizunean izango duten konpromisoarekin lotuz. Ekitaldia Aitzol Iturriagagoitia bibolinistak eta Eugenio Tobalina gitarristeak interpretatu duten “Caprice Basque, Op. Pablo Sarasateren 24» piezerekin amaitu da.
Batzar Etxearen barruan egin den ekitaldiaren ostean jardunaldia Gernikako Arbolan egin den familia argazkiagaz amaitu da. Aitatutako pertsonez gain, Ana Madariaga Ugarte, Aitor Esteban Bravo, Jesús María Eguiguren Imaz, Juan María Atutxa Mendiola eta Izaskun Bilbao Barandica Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohiak be egon dira, Lurraldeko batzarkideez eta alkateez gan.
Gaur Gernikako Batzar Etxean egin den ekitaldi instituzionala, efemeride horren esanahia herritar guztiei hurreratzeko helburuarekin 2026an zehar zabaltzen dabilen eta sinposio akademikoak, udako ikastaroak, kultur ekitaldiak eta erakusketak barne hartzen dituan jarduera programaren barruan dago.
Foru Barriaren Historia
Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu zuten Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi zuen. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu zuen, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.
1526ko erreformak erabiltzen ez ziren arauak ezabatu zituen eta garaira egokitutako xedapen berriak txertatu zituen, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zen eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen berrikuntza eta berdintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntza islatzen ditu.
Azken bost mendeetan printzipio horiek arrasto sakona utzi dute Bizkaiko herritarrengan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibertsalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazioak oso argi erakusten dute, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zela garai hartarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala duen erreferente izaten jarraitzen du.
Jatorrizko eskuizkribua
Hemizikloaren erdian, ondoren erregeak berretsi eian Pedro Ocho de Galarza eta Martín Ibáñez de Zarra eskribauek 1526an egindako Foru Barriaren jatorrizko eskuizkribua egon da ikusgai. Tituluetan eta legeetan dago antolatuta, eta gaien taula edo aurkibidea dauka. Argitalpenak Karlos I.aren 1527ko berrespena dauka. XVIII. mendearen hasieratik, gutxienez, Foruaren jatorrizko aletzat hartu izan da.






