- Osakidetzako erreferentziazko profesionala izanik, María López de Gamizek bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia du, asistentzia-praktika eta kudeaketako berrikuntza uztartuz
- Izendapen hau Lore Bilbao zuzendari nagusia gidatzen ari den etapa berrian kokatzen da; hala, erizaintza funtsezko ardatza da kronikotasunaren kudeaketan, asistentziaren jarraitutasunean eta Lehen Mailako Arretaren eraldaketan, EAEko Osasun Itunaren esparruan
Osakidetzak María López de Gamiz Villagarcía izendatu du Erizaintzako eta Zainketetako zuzendariorde, euskal osasun-sistema eraldatzeko eta erizaintzaren zeregin estrategikoa bultzatzeko une erabakigarri batean. Hain zuzen ere, EAEko Osasun Itunean zehaztutako ibilbide-orrian, erizaintza funtsezko zutabe gisa finkatzen ari da. Esparru horretan, erizainak dira hainbat eremu erabakigarri gidatuko dituztenak, hala nola kronikotasunaren kudeaketa, asistentziaren jarraitutasuna, prebentzioa, osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa. Era berean, erizainen zeregina funtsezkoa izango da Lehen Mailako Arretaren eraldaketan, bai eta osasun mentalaren arloko lehentasunezko arloak, ibilbide asistentzialak eta estrategiak definitu eta hedatzean ere.
María López de Gamizek Osakidetzari lotutako ibilbide profesional zabala du. Erizaintzako diploma eskuratu ostean, 2000. urtean hasi zen erizain gisa lanean Bilbo-Basurtu ESIan. Azken bost urteotan, erizaintzako zuzendaria izan da Debabarreneko ESIan, eta asistentziaren kalitatera bideratutako hobekuntza-talde eta -proiektuak zuzendu ditu.
Bere ibilbidean zehar, praktika asistentziala kudeaketa sanitarioarekin konbinatu du, eta praktiken estandarizazioa, prozesuen optimizazioa eta ebidentzia zientifikoan, efizientzian eta pazientearen segurtasunean oinarritutako ereduen ezarpena bultzatu ditu, baita ingurune konplexuetan ere.
Erizaintzako lidergoa sustatzea
Zuzendariorde berriak, etapa berri honetan, erizaintzaren papera indartzeko, asistentziaren jarraitutasuna erraztuko duten ereduak sustatzeko eta asistentzia-mailen arteko koordinazioa indartzeko helburua du, herritarren behar aldakorrei erantzuteko.
Konpromiso sendoa du zerbitzu publikoaren balioekiko, bai eta kudeaketa-ikuspegi gardena, kolaboratiboa eta emaitzetara bideratua ere. Bi faktore horiek etapa berria markatuko dute, eta zaintza osasun-sistemaren erdigunean egongo da.
Izendapen hori Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok bultzatutako etapa berriaren barruan kokatzen da, eta sortzen ari den taldea kudeaketa-profil berriz hornitzen ari da, antolamenduaren berrikuntzan oinarrituz eta EAEko Osasun Itunean jasotako jarraibideak aplikatuz.






