Cyberzaintzak Sektore Publikoko Auditoretza Teknikoko Organoa izateko aitorpena lortu du Euskadiko administrazio publikoak zibersegurtasunean ziurtatzeko

0
  • Zentro Kriptologiko Nazionalak (CCN) ematen du aitorpen hori, eta horrek euskal sektore publikoko informazio-sistemen zibersegurtasuna ziurtatzeko erakunde publiko bakarra bihurtzen du Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia.
  • Horri esker, Euskadiko sektore publikoak aurrera egin ahal izango du ENSren, egokitzapenean eta ziurtapenean. Erregelamendu hori nahitaez bete behar da, eta euskal erakunde publiko batek gainbegiratuko du doan, inpartzialtasunez eta homogeneotasunez.

Cyberzaintza Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak Zentro Kriptologiko Nazionalaren (CCN) aitorpena lortu du Sektore Publikoko Auditoretza Teknikoko Organo (OAT) gisa, euskal sektore publikoaren eremuan Segurtasunaren Eskema Nazionalaren (ENS) arau-esparruak eskatzen duen segurtasuna ziurtatzeko. Araudi horrek definitzen ditu administrazio publikoek herritarren informazioa eta ematen dituzten zerbitzu digitalak babesteko aplikatu behar dituzten segurtasun-neurriak. Cyberzaintza izango da Euskadin ziurtatzeko gaitasun hori duen erakunde publiko bakarra.

Aitorpen honen bidez, zibersegurtasunaren arloko gaitasun publikoak indartzen dira, euskal erakundeek ENSek ezarritako betebeharrak betetzean aurrera egin ahal izan dezaten. Aitorpen horrek bermatzen du, halaber, sektore publikoaren barruan inpartzialak eta konfidentzialak izango diren eta erakunde ziurtatzailearen eta auditatutako administrazioen artean interes-gatazkarik izango ez duten protokolo-sendoak izatea.

Cyberzaintzak erakunde publikoei auditoretza eta ziurtapen prozesua erraztu eta azkartuko dien zerbitzu hori emango du. Horrek bereziki erraztuko die sarbidea oraindik ENSra egokitzeko prozesua amaitu ez duten edo prozesua hasteko, zalantzak argitzeko edo ziurtapena lortzeko beharrezko urratsak identifikatzeko laguntza behar duten entitateei. Hemendik aurrera, euren errealitate administratiboa eta teknologikoa ezagutzen duen euskal erakunde publikoak ziurtatu ahal izango ditu.

Horrela, zibersegurtasunaren arloko ebaluazio, laguntza eta etengabeko hobekuntzarako esparru komun bat bultzatzen da, homogeneoa izango dena sektore publiko osoarentzat.

Aitorpen hori lortu izanak eragin zuzena du herritarrengan; izan ere, datu pertsonalak, informazio publikoa eta pertsonek zerbitzu digitalen bidez egiten dituzten kudeaketak hobeto babesteko balioko du.

Cyberzaintzaren gaitasunen aitorpena

Cyberzaintza OAT gisa aitortu izanak bere gaitasunak ofizialki egiaztatzen ditu eta, horrez gainera, bere barneko prozeduren sendotasuna egiaztatzen du, bai eta inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko eta interes-gatazken prebentziorako dituen mekanismoetan konfiantza osoa dagoela ere. Horrela, zibersegurtasunaren arloan Euskadin erreferentziako erakunde publiko gisa duen zeregina indartzen du.

Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak euskal ekosistema publikoaren ikuspegi integrala du, eta beharrezko gaitasunak ditu erakunde publikoei laguntzeko, osagai arauemailea ez ezik, estrategikoa ere baduen prozesu batean: herritarren datuak hobeto babestea eta zerbitzu publiko digitalen jarraitutasuna, segurtasuna eta erresilientzia zaintzea.