MAIATZAK 19, FAMILIAKO MEDIKUAREN NAZIOARTEKO EGUNA
- Lehen Mailako Arretaren bultzada hori testuinguru bereziki positiboan gertatu da Euskadirentzat, Familia Medikuntzako BAME plazak hautatzerako prosezuan. Gaur egun, Osakidetza Estatuko buruan dago esleipenaren ehunekoari dagokionez
- Tresna horren bitartez, kontsultak automatikoki grabatu eta transkribatu ahalko dira; hartara, laburpen kliniko bat sortuko da, profesionalak baliozkotu eta ondoren historia klinikoan sar dezan
- Euskadin hiri- eta landa-inguruneetako profesionalek sistema hau probatu dute, eta egiaztatu da, dokumentazio-denbora murrizteaz gain, kontsultako esperientzia hobetzen duela
- Osakidetzako 1.800 familia-medikuk baino gehiagok 5,5 milioi kontsulta presentzial inguru egin zituzten iaz, eta orain tresna berri hau erabilgarri izango dute
- Ekimen hau EAEko Osasun Itunaren esparruan kokatzen da, Lehen Mailako Arreta indartzeko eta pertsona ardatz duen eredu hurbilago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko
Gaur, Familiako Medikuaren Nazioarteko Egunean, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako kontsultan ahotsa transkribatzeko sistema berri bat aurkeztu du, karga burokratikoa murrizteko eta herritarrentzako arreta hobetzeko. Tresna horri esker, Lehen Mailako Arretako profesionalek denbora gehiago izango dute pazienteei entzuteko eta arreta emateko.
Lehen Mailako Arretaren bultzada hori testuinguru bereziki positiboan gertatu da Euskadirentzat, Familia Medikuntzako BAME plazak hautatze prozesuan. Gaur egun, eskainitako 2.544 plazetatik 449 bete dira Estatu osoan, eta Euskadi, autonomia-erkidego bakoitzak eskaintzen duen plaza kopuruaren proportzioan, esleipenaren ehunekoan buru dago.
Zehazki, Euskadik 115 plazetatik 43 bete ditu, hau da, % 37,5. Kantabriako ehunekoaren oso antzekoa da, % 37,8ra iristen baita (37 plazatik 14), baina kasu horretan eskainitako plazen kopurua txikiagoa da.
Atzetik daude, besteak beste, Katalunia, 367 plazetatik 53 bete dituelarik; Andaluzia, 440tik 80 plaza; Valentziako Erkidegoa, 209tik 41 plaza; eta Madril, 254 plazatik 42 betez, azken kasu horretan % 16 ingururekin.
Beste autonomia-erkidego batzuetan, berriz, kopuru apalagoak daude, hala nola Aragoin (84tik 22), Galizian (207tik 29), Kanarietan (92tik 23), Murtzian (62tik 15) eta Asturiasen (62tik 15). Balearretan, 68 plazatik 6 bete dira, eta Errioxan, 25etik 3.
Ehuneko txikienak Gaztela eta Leonen daude, 190 plazatik 23 beteta ( % 12 inguru); Gaztela-Mantxan, 114tik 9 (% 8); eta Extremaduran, 98 plazatik 5, hau da, % 5 inguru.
Datu horien arabera, Euskadi da Familia Medikuntzan eta Medikuntza Komunitarioan erakartzeko gaitasun handiena duen erkidegoa, proportzioari dagokionez, Lehen Mailako Arretaren eredua eta Osakidetzak profesional berrientzat duen erakargarritasuna nabarmentzen direlarik. Espezialitate hori funtsezkoa da osasun-sistemarako, eta, gainera, familiako medikuen zeregina indartzen du, hurbileko, etengabeko eta kalitatezko arretaren ardatz gisa.
Denbora gehiago pazienteentzat
Sistemaren fase pilotua amaitu da, eta egiaztatu da kontsultan osasun-langilearen eta pazientearen arteko elkarrizketa grabatzeko erabil daitekeela. Audio horretatik abiatuta, sistemak transkripzio bat eta laburpen kliniko egituratu bat sortzen ditu automatikoki, eta, horrela, testu hori historia kliniko elektronikoan sar daiteke. Horren aurretik, profesionalak edukia berrikusten eta baliozkotzen du, informazioaren kalitatea eta segurtasuna une oro bermatzeko.
Sistema hau ezartzearen helburu nagusia da profesionalek erregistroak eskuz baino azkarrago egin ahal izatea, datu klinikoen kalitatea eta homogeneotasuna hobetzea eta arreta arinagoa izaten laguntzea. Era berean, informazioaren trazabilitate handiagoa ahalbidetzen du, eta osasun-langileek asistentzia-lanean duten esperientzia hobetzen du.
Tresna hori osasun-zentroetako aurrez aurreko kontsultara bideratuta dago bereziki, profesionalek pazientearekin interakzio zuzenagoa baitute testuinguru horretan. Arlo horrek Osakidetzako Lehen Mailako Arretako jardueraren % 60 inguru biltzen du; hain zuzen ere, iaz 1.800 familia-medikuk baino gehiagok 5,5 milioi kontsulta inguru egin zituzten aurrez aurre.
Lehen Mailako Arreta indartzeko neurriak
Proiektua baldintza errealetan probatu da, hiri- nahiz landa-eremuetako hainbat zerbitzu-erakundetako profesionalen parte-hartzearekin. Zehazki, 16 familia-medikuk, 5 erizainek eta 2 pediatrak hartu dute parte, eta ehun grabazio inguru egin dituzte. Lortutako emaitzek erakusten dute profesionalen balorazio ona izan duela eta administrazio-lanetan emandako denbora nabarmen murriztu dela.
Gainera, sistema berariaz baliozkotu da euskaraz erabiltzeko, eta, beraz, pazientearen nahiz profesionalaren lehentasunezko hizkuntzara egokitzen da eta, horrela, Euskadiko errealitate soziolinguistikoa errespetatzen da.
Nolanahi ere, profesionalarentzako laguntza-tresna bat da, baina ez du inola ere ordezten haren irizpide klinikoa. Ez du erabakirik hartzen, ez du historia klinikoan informaziorik gehitzen aldez aurretik berrikusi gabe, eta ez ditu aldatzen asistentzia-zirkuituak, ezta medikuaren erantzukizuna ere. Hau da, medikua arretaren eta erabaki klinikoen arduraduna da.
Garapen hau Estatuko programa baten esperientzian ere oinarritzen da, eta Euskadik programa horretan parte-hartze aktiboa izan du beste autonomia-erkidego batzuekin batera. Esparru horretan, 180 profesionalek baino gehiagok 5.000 kontsulta transkribatu baino gehiago egin dituzte, eta emaitza positiboak izan dituzte administrazio-karga murrizteari, erregistro klinikoa hobetzeari eta gogobetetze profesionala handitzeari dagokienez.
Hala, metatutako esperientziarekin eta lortutako emaitzekin, Osakidetza tresna hori Lehen Mailako Arretako sare osoan pixkanaka hedatzen joatearen alde dago.
Ekimen hori EAEko Osasun Itunaren ildo estrategikoen barruan kokatzen da, eredu asistentzial jasangarriagoa, pertsona ardatz duena eta denbora klinikoa gordetzera bideratua sustatzeko. Gainera, Lehen Mailako Arreta indartzeko beste neurri batzuekin bat egiten du, hala nola digitalizazioa, landa-eremuen indartzea, eskariaren kudeaketa hobetzea edo talentu profesionala erakartzeko ekintzak.
Aurrerapauso berri horrekin, Osakidetzak berretsi egiten du Lehen Mailako Arreta hurbilagoarekin, efizienteagoarekin eta kalitatezkoagoarekin duen konpromisoa, eta balioa ematen dio familiako medikuek euskal osasun-sistema publikoan duten funtsezko eginkizunari.






