Osasun Sailak gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko elkarteei zuzendutako laguntzak onartu ditu

0
  • Laguntza horiek 300.000 euroko zuzkidura dute, eta honako helburu hauek dituzte: gaixotasunaren ezagutzan, maneiuan eta tratamenduan laguntzea, kolektiboko pertsonen elkarren arteko laguntza sustatzea, jokabide osasungarriak sustatzea eta gaixotasunari agerikotasuna ematea eta gaixotasunaren inguruan sentsibilizatzea
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat funtsezkoa da elkarteek gaixoen eta haien senideen osasun fisikoari, psikologikoari eta sozialari egiten dioten ekarpena. 2025. urtean, 85 proiektu finantzatu ziren guztira

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Euskadin gaixotasun bat duten pertsonen kolektiboen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzera bideratuta dauden irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako 2026ko ekitaldiko laguntzei buruzko Aginduaren berri eman dio gaur Gobernu Kontseiluari.

Osasun Sailak ematen dituen laguntzek 300.000 euroko zuzkidura dute, eta gaixotasuna duten pertsonei eta haien senideei laguntzea eta, horretarako, jarduera batez edo gehiagoz osatutako proiektuak finantzatzea dute helburu. Jarduera horien xedeak honako hauek dira:

a) Gaixotasunaren ezagutzan, maneiuan eta tratamenduan laguntzea.

b) Kolektiboko pertsonen elkarren arteko laguntza sustatzea.

c) Bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko jokabide osasungarriak sustatzea.

d) Gaixotasunari agerikotasuna ematea eta gaixotasunaren inguruan sentsibilizatzea eta lan egitea.

Osasun Sailarentzat funtsezkoa da elkarte horiek gaixoen eta haien senideen osasun fisikoari, psikologikoari eta sozialari egiten dioten ekarpena hainbat alderditan, hala nola gaixotasunaren errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktuan edo autolaguntzarako zerbitzu eta programen bidezko zuzeneko laguntzan eta laguntza enpatikoan. Joan den urtean soilik, laguntza horiekin izaera horretako 85 proiektu finantzatu ahal izan ziren guztira.

Eskaerak aurkezteko epea (baliabide elektronikoen bidez baino ezin izango dira aurkeztu) hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.