- Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak langabezian dauden pertsonen prestakuntza, berrikuntza eta kontratazio-programak bultzatuko ditu, arreta berezia jarrita laneratzeko zailtasun handienak dituzten gazteei eta kolektiboei, euskal enpresa sarearen beharrei erantzun ahal izateko
Lanbideko Administrazio Kontseiluak 12 milioi eurotik gorako laguntza-sorta onartu du asteazken honetan egindako bileran, enplegagarritasuna indartzeko, enpresei laguntzeko eta produkzio eredu lehiakorrago eta inklusiboago batean aurrera egiteko Euskadin. Zehazki, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen prestakuntzara, kontrataziora, berrikuntzara eta laneratzera bideratutako programak onartu dituzte, gazteei arreta berezia eskainiz.
Kualifikazioa eta kontratazioa sustatzea
Ikerlan programaren bidez, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten enpresek 16 eta 30 urte bitarteko gazte ikertzaileak kontratatu ahal izango dituzte osasunarekin, trantsizio ekologikoarekin eta ekonomia berdearekin (energia berriztagarriak, energia-eraginkortasuna, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioarekin eta datuen ingeniaritzarekin edo “Data Science”-ekin lotutako ekimenetan. Horretarako aurrekotua 2,5 milioi eurokoa da.
Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko, Lanbidek 2,15 milioi esleitu ditu. Horietatik 1,4 milioi elkarteek, fundazioek eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek eta Enplegu Zentro Bereziek lagundutako enplegu-jardueretara bideratuko dira. Gainerako aurrekontua (750.000 euro) lan-merkatu arruntean kontratatzeko bideratu da.
Kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza
Bete beharreko lanpostuetarako prestakuntza-erakundeekin aldez aurreko prestakuntza espezifikoa adostuta eta ondoren gutxienez prestakuntza jaso duten pertsonen % 50 kontratatzeko konpromisoa hartzen duten enpresa edo erakunde enplegatzaileek 2,5 milioi euroko laguntzak izango dituzte eskuragarri.
Programa horren ildoetako batek sexuaren araberako okupazio-segregazioa murriztea du helburu. Izan ere, Lanbidek Morrokotudak programa berrargitaratu du. Programa horren bidez, prestakuntza-ekintzak finantzatzen dira emakume eta gizon langabeak kontratatzeko sektore maskulinizatuetan eta feminizatuetan, hurrenez hurren.
Enpresen plan estrategikoen neurrira egindako prestakuntza
Euren langileak prestatu, eta horrekin lehiakortasuna hobetzeko eginkizunak edo jarduerak finantziatu ditzakete enpresek, beti beren plan estrategikoarekin lotuta. Horretarako, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 3 milioi euro erreserbatu ditu enpresaren proiektuarekin zuzenean lotutako prestakuntza-ekintza estrategikoetarako.
Azkenik, «Developers from Euskadi» proiektuak, Fundación VASS para el Fomento del Talento Digital-arekin batera gauzatutakoa, 419.000 euro jasoko ditu langabeen prestakuntzarako edo gaitasun digital aurreratuetan enplegua hobetzeko, hala nola IA eta Java. Aurrekontu hori proiektuaren kostu osoaren % 35 da.
“Azken batean, bizitzan zeharreko prestakuntza erabakigarria da langileak eta enpresak ezagutzan oinarritutako gizarte berrira egoki daitezen; balio estrategiko hori lehentasunezkoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan. Hortaz, funtsezko tresna da enpleguaren egonkortasunerako eta gizarte-kohesiorako. Hori da Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren apustua”, nabarmendu du Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak. Era berean, Pedrazak adierazi duenez, “kontratazioa sustatzeko laguntzak funtsezkoak dira persona guztien laneratzea bultzatzeko, batez ere erabateko gizarteratzeko oztopo gehien dutenentzat”.
Prestakuntza-azpiegiturak eta -baliabideak hobetzea
1,5 milioirekin, Lanbidek enplegurako lanbide-heziketaren azpiegitura berritzailearen horniduretan egindako inbertsioa ere finantzatuko du. Helburua da langabeak eta langileak prestatzen dituzten Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaileek bitarteko eta instalazioak eguneratzea eta egokitzea. Horrekin, instalazio eguneratuenak eta merkatuaren eta euskal enpresa-sarearen benetako beharretara egokienak izatea espero da; Pedrazaren esanetan, hori “ezinbestekoa” baita.
Laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eskatu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Informazio guztia eta sarbide-estekak www.lanbide.eus webgunean argitaratuko dira.
Programa horietako batzuk EAEko 2021-2027 Europako Gizarte Funtsa + Programaren bitartez finantzatuko dira.






