Hurtado sailburua: “Sektorearen etorkizunak administrazioen, sektorearen eta herritarren inplikazioa eskatzen du, tokiko kontsumoaren bidez”

0
  • Merkataritza 2030 Estrategia, merkataritza berritzaileagoa, digitalagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa bultzatzeko bide-orri gisa
  • 100 saltokik baino gehiagok jaso zituzten modernizaziorako laguntzak 2025ean, eta 500 enpresa inguruk parte hartu zuten digitalizazio-programetan

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Legebiltzarrean erantzun dio tokiko merkataritzaren etorkizuna bermatzeko politikei buruz EH Bilduk aurkeztutako interpelazioari.

Sailburuak adierazi duenez, “merkataritza aurre egin ari zaio trantsizio hirukoitzari: ingurumenekoa, soziodemografikoa eta digitala, kontsumo-ohiturak, bezeroekiko harreman-moduak eta sektorearen egitura bera aldatzen ari dena”. Errealitate horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Merkataritza 2030 Estrategia bultzatzen dihardu, sektorearekin batera eraikitako bide-orria, merkataritza berritzaileago, jasangarriago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko.

Jarduera-ardatz nagusietako bat merkataritzaren berrikuntza bultzatzea da, Berrikuntza Komertzialeko Hubaren bidez. Ekosistema horrek ekintzaileak, aholkulariak, garapen-sozietateak eta erakundeak lotzen ditu, merkataritza-jarduera biziberritzen lagunduko duten proiektuak abian jartzeko. “Sortu zenetik, Hub honek aurrekontua bikoiztu du, eta Koopera, Market Berri, Gandik, Berriro edo Nire bezalako ekimenei laguntzeko balio izan du, baita euskal hirietan hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzeko proiektuei ere”, nabarmendu du. Gainera, azaldu duenez, “Merkataritza Jardueraren Lege berria lantzen ari gara, 1994ko egungo arau-esparrua ordezkatuko duena eta erregulazioa egungo merkataritzaren errealitatera egokitzea ahalbidetuko duena, digitalizazioak, omnikanalitateak eta jasangarritasunaren arloko eskakizun berriek markatutakoa”.

Merkataritzari zuzenean laguntzeko neurrien artean, balioan jarri du Merkasaretza sarea eta Merkataritza Laguntzako 50 Puntuak (MLP) sendotu izana, lurralde osoko merkataritza-enpresei aholkularitza espezializatua eta laguntza eskaintzen diena. Era berean, MerkaEkin merkataritza-ekintzailetzako programa mantendu eta birformulatuko da. Programa horrek dirulaguntzak eta laguntza teknikoa uztartzen ditu, negozio berriak abian jartzea eta belaunaldien arteko erreleboa errazteko.

Sailburuak gaineratu duenez, “dagoeneko finkatuta dauden programak gehitu dira, besteak beste, Hirigune, merkataritza dinamizatzera bideratua eta 2,2 milioi eurorekin hornitua; merkataritza-establezimenduak modernizatzeko MEC programa, datorren ekainaren 2an berriro aterako dena 4,6 milioi euroko zuzkidurarekin; eta merkataritza-ganberekin batera garatutako ekimenak, tartean Eus-Commerce, Berriz Enpresa, Retaileko Euskal Eskola eta Enfokamer”.

Sailburuak nabarmendu du merkataritzari laguntzeko politikek 2025ean izan duten eragina: MEC programak 1.123 modernizazio-proiektu onartu zituen, 500 enpresa digitalizatu ziren Eus-Commercerekin, eta Retaileko Euskal Eskolak 43.000 erabiltzaile eta 2.600 ikasle baino gehiago izan zituen. Gainera, jasangarritasuneko eta hiria biziberritzeko proiektuak bultzatu ziren, BINI eta Koopera, besteak beste.

“Sektorearen etorkizunak administrazioen eta herritarren inplikazioa eskatzen du, tokiko kontsumoaren bidez. Horregatik, berretsi egiten dut hurrengo erronkei aurre egiteko laguntzak eta lankidetza publiko-pribatua indartzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa”, esanez amaitu du.