- Bainatzeko eremuen % 87tan, uraren kalitatea ezin hobea da, asteko jarraipena egiten da eta informazio sanitarioa etengabe eguneratzen da
- Osasun Publikoaren Zuzendaritzak lau gunetan ez bainatzeko gomendioa egin du, arrazoiak aztertzen diren eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko neurriak aplikatzen diren bitartean
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bihar, ekainak 1, astelehena, emango dio hasiera Euskadiko bainu-denboraldi ofizialari. Aurten 46 gune daude erroldatuta: 41 kostaldean, eta 5 Uribarri Ganboakourtegian. Egin den ebaluazio sanitariorik berrienaren arabera, 40 gunetan uraren kalitatea bikaina edo ona da, eta horrek berretsi egin du EAEko bainu-eremuen egoera orokor ona.
Bestalde, lau gunetan —Areeta (Getxo), Toña(Sukarrieta), Karraspio Txiki (itsasadarra, Mendexa) eta Portu Txiki (Zierbena)— ez dira betetzen 2025eko urteko ebaluazioan ezarritako kalitate-irizpideak. Hori dela eta, denboraldi osoan ez bainatzea gomendatzen da. Egoera horiek administrazio eta erakunde eskudunekin lankidetzan ari dira aztertzen, arrazoiak identifikatzeko eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko.Eragina izan dezaketen faktoreen artean, azken udetan izandako prezipitazio handiak daude, unean-unean uraren kalitatea kaltetu dezaketenak.
Denboraldi osoan, Osasun Sailak etengabeko zaintza-programa bat egingo du, eta, programa horren barruan, laginak hartuko dira astean behin, bainatzeko gune guztietan uraren analisi mikrobiologikoa egiteko.Horrez gain, hondartzen eta eremu kontinentalen inguruaren egoera orokorra ebaluatuko da, eta arreta berezia eskainiko zaie garbitasunari, eskuragarri dauden zerbitzuei eta higiene- eta osasun-baldintzei.
Gune bakoitzaren egoera sanitarioari buruzko informazio eguneratua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren webgune ofizialean egongo da eskuragarri, eta uraren kalitatea eta gorabeherak kontsultatu ahal izango dira modu arin eta gardenean. Euri-jasei lotuta egon ohi diren alterazio puntualen kasuan, jarraipen espezifiko bat abiaraziko da, eta horrek aldi baterako aldaketak eragin ahal izango ditu kalifikazio sanitarioan. Gorabehera horiek herritarrei zein erakunde kudeatzaileei jakinaraziko zaizkie, erantzun bizkorra eta koordinatua ahalbidetzeko.
Bainatzeko uren zaintza URA-Uraren Euskal Agentziarekin hertsiki koordinatuta egiten da, 2023an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan. Era berean, aktiboki parte hartzen dute kostaldeko udalek, foru-aldundiek eta hornidura- eta saneamendu-sistemez arduratutako erakundeek. Horren bidez, ikuspegi integrala indartzen da uraren kalitatearen kudeaketan.
Osasun Sailak, aldi berean, erabiltzaileen segurtasunean eragina izan dezaketen fenomeno naturalen jarraipen espezifikoa egingo du, hala nola karabela portugesen eta marmoken agerpenarena eta Ostreopsis generoko dinoflagelatuen ugaritzearenakostaldean. Barnealdeko bainu-eremuetan, Uribarri Ganboako urtegian bereziki, zianobakterioen bilakaera monitorizatuko da. Kasu guztietan, bidezko informazio- eta seinaleztapen-protokoloak abiaraziko dira, arriskuak minimizatzeko.
Kerik gabeko guneak
Bestalde, ingurune osasungarrien sustapenaren esparruan, aurten Euskadiko 21 hondartzak egin dute bat ez erretzea eta ez bapeatzea gomendatzen duen “Kerik Gabeko Guneak” ekimenarekin. Neurri horren helburua da herritarrak tabakoaren kearekiko esposizioaz babestea, hondartzak garbiago eta jasangarriago edukitzen laguntzea eta, hondakinak murriztuz eta ingurumenaren kalitatea hobetuz.
Azkenik, tenperatura altuak dauden aldietan, sorospen-zerbitzuek herritarrei zuzendutako prebentzio-mezuak zabalduko dituzte, beroaren ondorio kaltegarriak saihesteko gomendioekin (Beroa eta osasuna), Eusko Jaurlaritzaren 2026ko Bero Planaren ildotik.
Neurri horiekin, Euskadik beste uda batez indartuko du bainu-eremuetan segurtasunarekin, osasun publikoarekin eta ingurumenaren kalitatearekin duen konpromisoa.






