- Izena emateko epea herritar guztientzat egongo da zabalik, gaurtik ekainaren 8ra, astelehena, bitartean, biak barne
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Pasaiako lurpeko geltoki berria irekiko die herritar guztiei datorren ekainaren 15etik 18ra bitartean, arratsaldeko ordutegian. Geltoki hori Altzatik Galtzarabordara doan eta uztailaren 18an, larunbata, abian jarriko den trenbide-saihesbidearen parte da.
Gaurtik aurrera eta ekainaren 8ra, astelehena arte, biak barne, izena emateko epea irekiko da interesdun guztientzat. Izena aurrez aurre eman ahal izango da, 08:00etatik 15:00etara, Euskal Trenbide Sarearen Topogunean, Amarako geltokiko atarian. Bestela, topo@ets-rfv.eus helbide elektronikoaren bitartez edota 680564204 telefonora deituta eman ahal izango da.
Inskripzioa formalizatzeko, honako datu hauek eman beharko dira: izen-abizenak, adina, bizilekua eta harremanetarako telefono-zenbakia eta/edo helbide elektronikoa. Bisitak ekainaren 15ean, 16an, 17an eta 18an egin ahal izango dira, arratsaldez. Egunero hiru bisita egingo dira, eta bisitarien kopurua mugatua izango da. Geltokian sartzeko, eskailera finkoak erabiliko dira. Izena emateko epea amaitu ondoren, taldeak antolatuko dira eta arretarako bulegoa izena eman duten pertsona guztiekin harremanetan jarriko da, bisitaren eguna eta ordua adierazteko.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak adierazi duenez, azken bi urteetan inguruko elkarte eta merkatariekin egin dira topaketak, eta orain hiritar guztiei irekiko dira: “Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea abian jarri aurreko asteetan gaude eta egindako lanaren emaitza erakutsi nahi diegu herritarrei”. “Bere egunerokoa obra honek nola aldatuko duen azaldu nahi diegu, ez soilik tren zerbitzuari dagokionez, baita Antxoko fisonomiari dagokionez ere, azpiegitura berri honi esker Antxo bitan banatzen duen biaduktua eraitsiko dugulako”, azpimarratu du.
Lurpeko geltoki berria Gure Zumardiaren azpian dago, eta Altzako (Donostia) eta Galtzarabordako (Errenteria) geltokien arteko lurpeko saihesbidearen parte da. Saihesbide horren eraikuntza aurtengo ekainean bertan amaituko du Euskal Trenbide Sareak, Euskotrenen trenek hurrengo hilabetean abian jarri aurreko probak has ditzaten. Geltokiak alboko bi nasak lotzen dituen mezzanine edo lurpeko atondo bat du. Pasaiako geltokitik igarotzen den linearen trazadura Molinao errekastoa eta inguruko eraikinak kontuan hartuta zehaztu da.
Altzako eta Galtzarabordako geltokien arteko saihesbidea abian jartzean, 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dira Amaratik Pasaiara bitarteko geltoki guztietan (orain arte, maiztasun hori Herreraraino baino ez zen eskaintzen, eta 15 minutu itxaron behar ziren Altzan eta Pasaian). Bi kilometroko luzera duen tarte hori eraiki ondoren, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea osatu da.






