Berrikuntza-taldeak, esperientziak partekatzeko eta Administrazioaren eraldaketa bizkortzeko

0
  • Eusko Jaurlaritza berrikuntza-taldeak bultzatzen ari da hainbat sailetan aplika daitezkeen konponbideak garatzeko eta barne-prozesuak arintzeko, zerbitzu publikoak hobetu eta indartzeko helburuarekin
  • Administrazioa modernizatzeko estrategiak berrikuntza, prestakuntza eta elkarlana uztartzen ditu, administrazio arinago, digitalago, eraginkorrago eta gardenago baten alde

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailak administrazio publikoa eraldatzeko, modernizatzeko eta digitalizatzeko konpromisoan aurrera egiten jarraitzen du, hainbat mailatan jarduten duen estrategia integral baten bidez: prozesuen eta zerbitzuen digitalizazioa, administrazio-sinplifikazioa eta langile publikoen gaikuntza ardatz hartuta. Lan hori zerbitzu publikoaren, gardentasunaren eta gobernu onaren ikuspegitik ari da aurrera eramaten Eusko Jaurlaritza, pertsonak ardatz dituen administrazio arinago, eraginkorrago eta adimentsuagoaren alde urratsak egiteko.

Berrikuntza-taldeak, eraldaketarako palanka gisa

Eraldaketa horren palanka nagusietako bat berrikuntza digitaleko taldeak dira. Lan talde hauetan parte hartzen ari dira zerbitzu-arduradunak, hainbat sailetako langileak eta teknologia alorreko langileak. Hauen zeregina da erronkak identifikatzea, aukerak antzematea eta soluzio berritzaileak diseinatzea,  jarduerak, zerbitzuak eta lan egiteko moduak hobetzeko. Talde horiek prototipo eta proiektu praktiko zehatzak sortzen ari dira, administrazioaren digitalizazioan, sinplifikazioan eta modernizazioan aurrera egiteko.

Orain arte, berrikuntza teknologikoko hainbat erronka identifikatu dira. Lehen berrikuntza-taldea Estrategia Digitaleko Zuzendaritzak sustatu du. Bi-hiru aste arteko epe laburrean, talde honek txosten teknikoak egiteko behar den denbora %30 inguru murriztea ahalbidetzen duen irtenbide bat garatu du.

Bigarren taldea duela gutxi eratu da eta profil juridikoko pertsonez osatua dago.  Sail ezberdinak ari dira parte hartzen, hala nola, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza; Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa; Ekonomia eta Enplegua; Hezkuntza; Osasuna; eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernua. Talde honek helburu bera du: behar amankomunak aztertzea, ezagutza elkarbanatzea ahalbidetuko duten lan espezializaturako baliagarriak diren soluzio teknologikoak garatzeko.

11 profesional juridikok osatutako taldea konponbide teknologiko bat garatzen hasi da dagoeneko. Zeregin- eta kasuistika-aniztasuna dela eta, talde honen lanak aukera emango du lan juridikoaren hainbat eremutara egokitutako erantzunak eraikitzeko. Aldi berean, komunitate bat sortzeko aukera ere mahai gainean dago, irakaspenak partekatu eta administrazioko langileen artean berrikuntza teknologikoa bultzatzen jarraitzeko.

Ildo horretan, berrikuntza-taldeez gain, berrikuntzako eta sinplifikazioko esperientziak eta proiektuak partekatzeko plataforma bat sortu da, hainbat sailetako izapide eta/edo zerbitzuetan aplika daitezkeen kasuak elkarbanatzeko. Era berean, langile publikoei bideratutako prestakuntza indartu da, haien gaitasunak sendotzeko eta eguneroko lanean tresna berrien erabilera txertatzeko, honek beren lana erraztuko baitu.  Berrikuntza teknologikoak irizpide etikoen, erabilgarritasunaren eta erantzukizun publikoaren arabera aplikatuko dira.

Administrazioan pertsona prestatuak eta inplikatuak izatea funtsezkoa da Administrazio hurbilago, modernoago, eraginkorrago, berritzaileago, gardenago eta adimentsuago baterantz aurrera egiten jarraitzeko.