Vitoria-Gasteizek 185 kudeatzaile turistiko baino gehiago bildu ditu Helmuga Turistiko Adimendunen Sarearen VIII. Topaketan

0

Vitoria-Gasteizek Helmuga Turistiko Adimendunen (HTA) Sareko Kudeatzaileen VIII. Topaketa hartu du ekainaren 1etik 3ra bitartean. Topaketa hori Estatuko Turismo Idazkaritzak antolatu du SEGITTUR sozietatearen bitartez, eta Espainiako ehun helmuga turistiko baino gehiagotik iritsitako 185 profesional baino gehiago bildu ditu Europa Biltzar Jauregian. “Helmugak egiten dituzten pertsonak. Turismoa eraldatzen duen adimena” lelopean, topaketa baliagarria izan da esperientziak partekatzeko, sektorearen egungo erronkak aztertzeko eta pertsonak ardatz izango dituen eredu turistiko berritzaileago eta jasangarriago baten eraikuntzan aurrera egiteko.

Hasierako ekitaldi instituzionalean parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Agirrezabalek, Industria eta Turismo Ministerioko Turismo Politiketako zuzendari Ana Muñozek, Arabako Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatu Cristina Gonzálezek, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek eta SEGITTUReko presidente Enrique Martínezek.

Hiru jardunalditan, erakundeetako ordezkariek, helmugen kudeatzaileek eta sektoreko espezialistek jasangarritasun turistikoa, gobernantza, berrikuntza publikoa, turismoan aplikatutako adimen artifiziala, Helmugen Plataforma Adimenduna eta datu turistikoen espazioa ardatz izan dituzten hitzaldi, eztabaida-mahai eta lankidetza-laneko guneetan parte hartu dute.

Topaketaren amaierako ekitaldian, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak, Cristina González foru diputatuak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Estatuko Turismo idazkari Rosario Sánchezek hartu dute parte.

Sailburuak eskaini duen hitzaldian nabarmendu duenez, “lurralde batek bere erakargarritasun turistikoa bertan bizi direnen bizitza eta bisitarien esperientzia hobetzeko moduan kudeatzeko duen gaitasuna da adimen turistikoa”. Gainera, Euskadik esparru horretan egindako apustua azpimarratu du eta, adierazi duenez, “Euskadiko helmuga turistikoen ia % 70 helmuga turistiko adimendunak dira, erakundeen arteko lankidetzan, jasangarritasunean eta erabaki hobeak hartzeko datuen erabileran oinarritutako estrategiaren ondorioz”.

Amaierako ekitaldiaren ondoren, agintariek bisita instituzional bat egin dute Gasteizen Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Planari lotutako Europako finantzaketarekin garatutako zenbait proiektutara. Ibilbidea Goiuri Jauregian hasi da, Erdi Aroko Hirigunearen maketa interaktiboarekin. Tresna hori hainbat erabiltzaile-profiletara egokitutako baliabide teknologikoen bidez esperientzia turistiko eskuragarri eta inklusibo bat eskaintzeko diseinatuta dago. Bisitak Martin Ttipia plazan eta Harresiaren Lorategiaren azken tartean jarraitu du. Jarduketa horiei esker, hiriko ondare-, paisaia- eta turismo-intereseko espazioak berreskuratu ahal izan dira, eta haien balioa nabarmendu ahal izan da. Topaketa horiek administrazioen eta helmuga turistikoen arteko lankidetza sendotzen laguntzen dute.